Donostiako Bretxako merkatuan kamioiak husten ari dira baserritarrak, goizean goizetik. Bertan dago Mikel Irizar (Astigarraga, 1979), egunero bezala, lorez inguratutako postuan. Salgai izango dituen lore sortak prestatzen ari da. Astigarragako Lizardi baserrikoa da Irizar, eta, gaur egun, bere aitak hasitako lanbideari eusten dio, emaztearekin eta beste bost langilerekin batera. Bretxako merkatuan izaten ditu loreak salgai, baita Astigarragako biltegian ere. Gainera, Donostialdeko fruta denda batzuetan ere izaten ditu prest lore sorta batzuk. 30 urte pasatxo dira baserrian lanean dabilela. Aurten, Bretxako baserritarrek ezustean harrapatu dituen berri bat jaso dute: udalak lekualdatu egin nahi ditu, eta Arrandegi eraikinaren barrura eraman.
Noiz hasi zinen baserrian lanean?
1994an, 16 urte nituela. Egunero aritzen nintzen baserrian, eta ez zitzaizkidan ikasketak gustatzen. Lanean hasteko proposamena egin nion aitari; baiezkoa eman zidan, baina amarekin iskanbila txiki bat izan nuen.
Eta zer moduz lan horretan?
Oso gustukoa nuen. Aitarekin hasi nintzen, baina laguntzaile asko genituen. Haiek lagundu zidaten lanbidean aurrera egiten. Gainera, hidroponikoa probatzen hasi ginen garai hartan, eta asko gustatu zitzaigun. Metodo berria ikasteko garaian sartu nintzen ni. Denek ikasi behar izan genuen.
Noiztik du baserria zure familiak?
Betidanik. Aitak 20 urte pasatxo zeuzkala, berdurak eta behiak izaten zituzten etxean. Erribera handi bat genuen Ergobian; han landatzen ziren berdurak, gero amonak merkatuan saltzeko. Aitak lehendabizi behiak kendu zituen, berdurekin jarraitzeko, eta 27 urte zituela aurreneko berotegiak probatzen hasi zen: egurrezko berotegi batzuk egin zituen, eta batek ematen zion diruarekin, urtero-urtero berri bat erosi zuen. 25 berotegi inguru ere eduki zituen. Halere, 1985ean haize bolada handia izan zen, eta berotegi asko txikitu zizkion haizeak.
«Aitak 20 urte pasatxo zeuzkala, berdurak eta behiak izaten zituzten etxean. Erribera handi bat genuen Ergobian; han landatzen ziren berdurak, gero amonak merkatuan saltzeko»
Eta orduan?
Berotegi berriak erosi beharrean, tunel anitzeko berotegi bat eraikitzea erabaki zuen, metro koadroak aprobetxatzeko. Tunel batekin, berotegi bakoitzak hiru metro zabal behar ditu batetik bestera, eta tunel anitzeko berotegiaren bitartez dena batera jartzen da. Orduan, etxerako laguntza eskatu, langile batzuk kontratatu eta tunel anitzeko berotegia eraiki zuen; horren bitartez 30 berotegi lortu zituen. Gero, berotegi hobe batzuk egin zituen hidroponikoak jartzeko asmoz, eta orduan sartu nintzen ni.

Noiz hasi zineten loreekin?
1990a bitarte barazkiekin eta loreekin aritzen zen aita, baina orduz geroztik loreekin bakarrik hasi zen. Kanpotik berdura gehiago ekartzen hasi ziren, eta handiagoa zen lehia. Halere, ni sartu nintzenean, barietate gutxi zegoen; loreen hamar barietate ezberdin edo. Orain 50 lore mota ditugu.
Nola erabakitzen duzue zer ekoitzi?
Pentsa bi hektarea ditugula eta badakigula gutxi gorabehera zer lore saldu ohi den ondo. Halere, urtero hiru edo lau barietate probatzen ditugu; lehendabizi, lorearen iraupena frogatu, eta, horren arabera, merkatuan aurkezten dugu, salmenta baloratzeko. Ekoizteko lekurik gabe geldituz gero, gutxien saldu ohi dena, modaz pasatu dena edo ekoizpenean gaizki doan lorea baztertu behar izaten dugu.

1870ean ireki zuten Donostiako Bretxako merkatua, eta Arraindegi eraikina, 1928an. Han saltzen dute tokiko ekoizleek eta baserritarrek. Argazkian, Bretxako merkatua, 1997an. ANTXON AGIRRE SORONDO
Garrantzia al du sasoiak?
Bai. Adibidez, apirilaren hasieran tulipak ekoizteari uzten diogu. Maiatzean tulipak edukiko banitu, eta hego haizea etorriko balitz, tulipak ez luke hamar egun iraungo. Bezeroari saltzen diogun loreak gutxienez astebete iraun behar du etxean. Hori probatzen aritzen gara: eguzkitan jarri, itzalean, komunean… Eta lore bakoitzaren prozesua identifikatzen saiatzen gara, astebete behintzat iraun dezan. Tuliparen ordez orain koloretako kalak ditut.
Egongo da, hala ere, tulipak eskatuko dizkizunik…
Bai, baina sasoi bakoitzak bere xarma du. Tulipak asko eskatzen dizkidate, denbora tarte laburrean gehien saltzen den lorea da. Baina saiatzen ari gara poliki-poliki sasoiaren arabera ekoiztearen garrantzia azaltzen: ahoz aho, zuri azaldu dizudan bezala, tuliparen alde onak eta txarrak azaltzen dizkiet bezeroei. Saiatzen naiz ulertarazten zergatik ez ditudan orain tulipak, baina zera erantzun ohi didate: «Lore dendakoak badauzka ba!». Hego haizea dabilen egun batean, lore dendatik tulipak hartu, Donostian pintxo bat jan, ardo bat hartu eta etxera iristerako, tulipak gehiegi zabalduta edukiko dituzu; nik hori salduko banizu, zera esango zenidake: «A zer kaka zaharra saldu didazun!», eta nik ez dut hori entzun nahi.
Sasoiak garrantzia izateaz gain, bertan ekoitzia izateak ere garrantzia izango du.
Adibide bat jarriko dizut: ekilorea. Kanpotik ekilorea ekartzeko, oso itxia dagoela bildu behar izaten dute; berdea eta itxia. Zuk ekilorea jasotzean, betiko prozesua egingo diozu: uretan jarri. Baina irekitzeko bidean geldituko zaizkizu loreak, ez dutelako indarrik izango erabat irekitzeko. Gainera, kolorea ere ahuldu egingo zaio. Pentsa lore bat mozten duzunetik hamabost eguneko bizia duela: bildu, uretan eduki, irekiera perfektua duenean salgai jarri, eta etxean hamar bat egun iraungo du. Murtziatik ekarritakoak bidean hiru egun galduko ditu, eta loreak irekitzeko beste hiru beharko ditu. Galdutako denbora alde batera utzita, kontuan izan behar da loreak ez duela indarrik izango irekitzeko; izan ere, itxita jaso dutenez, nekatu egiten da.
«Merkatu barnera joatea proposatzen digu udalak, baldintza hobeak izango ditugulakoan, klima kontuan izanda. Merkatu horretan bide motza daukagu konponbiderik topatu ezean»
Zein egunetan saltzen duzue gehien?
Maiteminduen egunean, amaren egunean eta Santu Guztien Egunean. Aitaren egunean ere, pixkanaka, handitzen ari da loreak oparitzeko ohitura. Bestela, Emakumeen Nazioarteko Egunean ere saldu ohi dugu, baina eguna astebarruan tokatuz gero; asteburuan gutxiago. Horrelakoetan, prest izaten ditut saldu beharrekoak: maiteminduen egunean larrosak saltzen dira, nahiz eta prezio altuan egon edo, bestela, gorri koloreko loreak; aldiz, Emakumeen Egunean, lila kolorekoak. Amaren egunean koloreak ez du horrenbeste axola: lore sorta ikusgarriak eskatzen dizkigute.
Nolakoa da zure errutina gaur egun?
6:30ean jaiki eta furgoneta prestatzen dut Bretxako merkatura etortzeko. 7:15ean etxetik atera eta 7:30ean Donostiara iristen naiz; orduan, postua prestatu eta 8:00etarako dena pronto izaten dut saltzeko. Merkatuan saltzen aritzen naiz 14:00ak arte; gero dena jaso, eta 14:30 aldera etxera iristen naiz. Bazkaldu, furgonetatik gauzak atera eta 16:00etatik 19:00etara ekoizpenean ibilitzen naiz. Bukatzean, etxera.

Berriki zuen postuak lekualdatzeko erabakia hartu du Donostiako Udalak.
Merkatu barnera joatea proposatzen digu udalak, baldintza hobeak izango ditugulakoan, klima kontuan izanda. Tokia klimatizatu egingo dute, 18 edo 20 gradura. Baina loreek freskura behar dute, eta, beraz, niretzat ez lirateke baldintza hobeak izango. Gainera, bosna metro koadroko postuak izango dira, eta toki hori txikiegia da loreen erakusketa bat jartzeko. Merkatu horretan bide motza daukagu konponbiderik topatu ezean.
Egongo al da konponbiderik?
Esperantza txiki bat badaukagu. Baina badirudi udalak bide errazena hartu nahi izan duela: leku huts bat topatu dute, eta hor sartu nahi gaituzte baserritarrak. Baina ez dute pentsatu hamabi furgonetek nola egingo dituzten zama lanak ordu eta leku berean; eta ez dute pentsatu korridorean zenbat ur eta zikinkeria zabal daitekeen. Gainera, udaleko norbait nire postura bertaratu izan balitz, ohartuko litzateke loreak ez direla sartzen bost metro koadroan. Berez, teilape bat egitekoak ziren gu ez bustitzeko, baina ez omen dago dirurik.
MOTZEAN
Zer nahiago, ekoizpena ala salmenta?
Ekoizpena, zalantzarik gabe.Gustuko duzun lore bat?
Larrosa.Zeini oparitu diozu azkenekoz lore bat?
Andreari.Zer lore zen?
Peonia, sasoia hasi berria baitzen.