Ainitze Sala fitoterapeuta eta baserritarrak (Lazkao, 1981) sendabelar guztiak ditu ezagun. Gainera, hainbat ikastaro antolatzen ditu urtean, mota bakoitzaren tratamendua nola egin azaltzeko. Maiatzaren 29an, esaterako, hilekoaren sintomatologia sendabelarrekin tratatzen ikasteko aholku eta gomendioak emango ditu Lizartzan, 18:30ean, udal aretoan.
Emakumea eta hilerokoa ikastaroa emango duzu Lizartzan. Nola sortu zen ikastaroa egiteko aukera?
Sendabelarren gaineko askotariko ikastaroak eman ohi ditut, eta jende askok eskatu izan dit hilekoari buruzko ikastaroa antolatzeko. Tolosan leku ugaritan eman dut ikastaro hori.
Zein da saioaren helburua?
Hilekoa eta ziklo hormonala normalizatzea, energia zirkularra baitugu, eta gure bizitzako prozesu natural bat baita. Emakumeak gutxiago balio duela dioen pentsamolde kulturala aldatu behar dugu, eta halako gaiak hizpidera ekarri. Ezagutarazi egin behar ditugu emakumeok hilero-hilero izaten dugun zikloa eta prozesua. Bizitzaren oreka aurkitzeko bidea egiten dugu hilero. Beraz, egin dezagun harrotasunez, gure gorputzak duen ahalmen hau aprobetxatuz eta, nola ez, bakoitzaren autoezagutza landuz. Jakin behar dugu nola kudeatu sintomatologiak eta hilekoak ekartzen dizkigun gorabeherak.
«Sintoma ugari izaten dira hilekoan, eta horiek modu natural batean nola identifikatu eta kudeatu ikasiko dugu»
Nola antolatuko duzu ikastaroa?
Lehenengo, ziklo hormonalaren oinarrizko faseak azalduko ditugu. Izan ere, ziklo hormonalak hilero lau fase izaten ditu normalean: hilekoa, fase folikularra, obulazioa eta fase luteoa. Beraz, gure hormonetan zer gertatzen den aztertuko dugu, eta gure gorputzean eta emozioetan zer-nolako gorabeherak izaten ditugun. Askotariko kontuez hitz egingo dugu; besteak beste, zelulak birsortzeko gaitasunaz, gorputzeko hanturaz eta emozionalki izaten ditugun gorabeherez. Betiere, kontuan izango dugu prozesuak gure gorputzean zer eragin izaten duen. Sintoma ugari izaten dira hilekoan, eta horiek modu natural batean nola identifikatu eta kudeatu ikasiko dugu, baita kudeaketa natural horretan sendabelarrekin nola lan egin ere. Horretarako, autoezagutzan eta autozaintzan dago gakoa. Oso garrantzitsua da gaia oso-osorik lantzea, eta, horregatik, elikadura eta ariketa fisikoa egitea gomendatzen dut.
Sendabelarrek zertan laguntzen dute hilekoaren sintomatologian?
Oreka aurkitzeko garaian, elikadura da oinarri garrantzitsuena, dudarik gabe, baina gorabeherak ditugunean, sendabelarrek asko laguntzen digute. Adibidez, nahi baino gehiagotan, hilekoarekin gaudenean, gorputza hazita eta minduta sentitzen dugu, eta badira sintomei laguntzeko sendabelarrak, baita odol jario handiegia dutenentzat edota hileko irregularrak dituztenentzat ere.
Zer sendabelar gomendatzen duzu?
Esango nuke milorria izeneko sendabelarrak indar handia duela hilekoaren sintomak arintzeko. Izen zientifikoa Achillea Millefolium da, eta onura handiak eragiten ditu gure ziklo hormonalean.
Zer onura, adibidez?
Hormona desorekak orekatzea eta zirkulazio sistema hobetzea. Odolean eragiten du; hau da, hilekoan odol jario handia izaten badugu edo hormona desorekak eta hileko irregularrak izaten baditugu, hori erregulatzen lagunduko digu. Horrez gain, hantura, mina edo uzkurdurak izaten ditugunean, espasmoak lasaitzen lagunduko digu, infusio baten bidez.
«‘Milorria’ izeneko sendabelarrak indar handia du hilekoaren sintomak arintzeko; onura handiak eragiten ditu emakumeen ziklo hormonalean»
Nola erabiltzen dira sendabelarrak?
Modu asko daude sendabelarrak erabiltzeko. Infusio moduan erabiltzen dira gehienetan, baina elikagai bezala ere erabil daitezke. Adibidez, hilekoarekin digestio arazoak izaten dituzten emakume asko ezagutzen ditut, eta haiei zera gomendatzen diet, sendabelar digestiboak jaki moduan hartzea. Etxetik kanpo gaudenean estraktuak erabili daitezke, eta, hain justu, ikastaroan halakoak prestatzen irakatsiko dut. Estraktuak prestatuta egoten dira eta efektu azkarra dute.
Ba al duzu halako beste ikastarorik egiteko asmorik?
Orain ikastaro dezente ematen ari naiz. Alkizan, esaterako, sendabelarrak identifikatzeko eta tisanak eta jakiak egiteko ikastaroa emango dut ekainaren 7an, 10:00etatik 13:00etara, udal aretoan. Udaberri eta uda partean sendabelarrak identifikatzeko ibilaldiak egin izan ditut, baita bi urtaro horietan gorputzeko garbiketa faseak egiten ikasteko ere. Irail aldean, hotzeria, katarroak eta immunitate sistema sendabelarren bidez nola indartu ikasteko saioak antolatzen ditut. Neguko sendabelar asko daude, eta halakoak ezagutzeko tailerrak egiten ditut, baita uzta jaso ondorenean ere, udazkenean. Sendabelarrak aipatzen ditugunean, askotan landare txikiak etortzen zaizkigu burura, baina zuhaitzak ere sendatzaileak dira, printzipio aktibo asko dituzte, eta udazkenean haien fruituak jasotzean, lanketa handia egiten dugu horrekin.