Saharar herriaren aldeko hilabetea

Saharar herriaren aldeko hilabetea

Maiatza sahararren aldeko hilabetea izan ohi da, eta Tolosaldean hainbat ekintza antolatzen dituzte. Tolosaldea Sahararekin elkarteak 25 urte egin berri ditu, eta, urtero bezala, Maiatza Borrokan sentsibilizazio jardunaldia antolatu du egunotarako. Igandean amaituko da, Bueltaka ekinbidearekin.

1973ko maiatzaren 10ean sortu zuten Fronte Polisarioa, Mendebaldeko Sahararen nazio askapenerako mugimendu politiko eta militarra. Urte bereko maiatzaren 20an izan zen saharar mugimendu militarraren lehen ekintza armatua. Alazne Ruiz Tolosaldea Sahararekin elkarteko lehendakariak azaldu du urtero, maiatzean, Saharako herriaren egoera ikusarazten saiatzen direla hamar egunez, askotariko ekintzak antolatuz.

Justuki, maiatzaren 10ean abiatu zuten egitaraua, Anoetan Senidetze Festa eginda. Anoetako Udala eta Saharako Echraifia herria «senidetu» ziren hartan, eta, bien arteko harremana irudikatzeko, ikurrina eta Mendebaldeko Saharako bandera aireratu zituzten. Elixabete Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak aipatu du senidetzea beste «urrats garrantzitsu bat» dela elkartasunerako: «Urtez urte jarraipena egiten diogu saharar herriari emandako babesari, eta harremanak are gehiago estutzeko aukera izango dugu orain. Benetan pozgarria da beste pauso bat emateko modua izatea».

Beste pauso bat

Maiatza Borrokan egitasmoaren aurtengo aldia «berezia» izan da elkartearentzat. Izan ere, 25 urte bete ditu aurten. Tolosaldea Sahararekin 2000. urtean sortu zen. Ana Trapero izan zen sortzaileetako bat, eta kontatu du elkartea sortzeko aurreneko urratsak aurreko urtean egin zituztela. «Hau guztia 1999an hasi zen. Tolosaldeko zenbait udalek saharar herriarekin kolaboratzen zuten, baina beste pauso bat eman nahi zuten, eta, hala, Oporrak Bakean programan parte hartzea erabaki zuten. Uda hartan, Saharako haurrak bi hilabetez Tolosaldera etortzekoak ziren, lehen aldiz. Hori kudeatzeko kontratatu ninduten». Hegaldietan arazoak izan ziren orduan, eta haurrek ezin izan zuten bidaiatu. «Hurrengo urtera arte itxaron behar izan genuen lehen taldetxoa etortzeko», esan du Traperok. «Hamahiru haur etorri ziren Tolosaldera. Oso uda berezia eta aberatsa izan zen denontzat, eta, abendu hartan, lehen aldiz bidaiatu genuen Saharako kanpamentuetara. Bidaia hura ere izugarria izan zen, eta, hango egoeraren berri gehiago jakin ondoren, familia batzuk elkartu, eta elkarte bat osatzea erabaki genuen. Hala sortu zen Tolosaldea Sahararekin».

(ID_17476545060285) (/EZEZAGUNA)
Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak, apirilean, Saharako Aaiun herriko Cantabria eskolan, materiala banatzen. LEYRE CARRASCO

Elkartea proiektu askotan murgildu da geroztik, eta dokumental batean jaso dute 25 urte hauetan egindakoaren laburpena. Hain justu, astelehenean egin zuten filmaren estreinaldia, Tolosako Topicen. Goiuri Ezeiza Tolosako Kultura zinegotziak aurkeztu zuen ekitaldia, eta Iñigo Asensio musikariak zenbait pieza jo zituen. Asteartean, Fronte Polisarioren Eguna izan zen, eta elkarretaratzea egin zuten Villabonako plazan, Autodeterminazioa eta independentzia Mendebaldeko Sahararentzat! lelopean.

Elkartasuna bueltaka

Egitaraua amaitzeko, Bueltaka egitasmoa egingo dute, ohiko moduan. Igandean izango da, Tolosako Berazubi estadioan, 09:30etik 13:30era. Kirola eta elkartasuna uztartzen dituzte jarduera horretan. Izan ere, zelaiari bueltak ematea da ekintzaren funtsa, eta itzuli bakoitzeko euro bat emango diote elkarteari. Haien asmoa da bultzada ekonomikoa lortzea Saharako haurrak udan Euskal Herrira ekarri eta Tolosako aterpetxean egoteko modua izan dezaten. Iaz, esaterako, haur bat ekartzeko adina diru bildu zuten. «Nayem ekartzea lortu genuen denon artean. Duela bi urte Tolosaldeko harrera familia batekin egon zen Nayem, eta, iazko udan familia gabe geratu zenez, Larrabetzuko aterpetxera joan ahal izateko eta haren bidaia eta mantenua ordaintzeko behar adina diru lortu genuen». 

Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte etziko Bueltaka jardueran parte hartzera. «Jendea animatu nahi dugu parte hartzera, familian edo lagunartean, ahalik eta buelta gehien eman ditzaten estadioan», esan du Traperok. Eragileei eta enpresei ere eskatuko diete laguntza.