Ruper, behar zaitut» diodan guztietan, Ordorika beti dago hor kanta batekin, ataka estutik ateratzeko —Zer gara gu? Nor gara gu? Euskotarrak gara gu?…—, eta haren Egin kontu ez ezik, Beti eskamak kentzen ere gogorarazteko.
Gu horrek beti obsesionatu nau pixka bat. «Gu ez gara horrelakoak», «Ez da gure estiloa», «Hori gurea (gutarra) da»… Esaldi horiek guztiok entzun izan ditugu ingurukoen ahoetatik, eta amorrua ematen didate ia beti. Izan ere, ni ere gu horretan nago sartuta?
Baliteke esaldiok deserosotasuna eragitea askotan niri ez dagokidan lekuan (taldean, elkartean, espazioan…) egon naizela sentitu dudalako, pareko taldekoa edo beste multzo bat nireagoa izan zitekeelakoan, sarritan halabeharrak jartzen gaituelako gure-gure identifikatzen ez dugun tokian. Nota diskordantea jende-multzo horren artean sentitu izan naiz maiz, desberdinegia. Ez oso gu, alegia.
Egia da orokortasunak eta homogeneizazioa jartzen direla martxan komunitateetan, eta denok modu batekoak, edo sentitzeko era bera izan behar dugula pentsazen dela talde askotan, baina euskaldunoi dagokigunez, esango nuke askoz sakonagoa dela estereotipoa ezartzearena, gu hori trinkotze aldera, ez dakit.
Baina zelakoak gara gu, euskaldunok? Zuriak? Aberatsak? Apalak? Edo, Cebek-eko idazkari nagusiak esan zuen bezala, lanaldi murrizketaren kontra egiteko: «Ez dator bat euskaldunon izaerarekin». Alegia, euskaldunok berezkoa dugula langileak izatea, alferkerian jardutea ez dela oso euskalduna. Tira, di-da baten atera nau gu horretatik enpresarien arduradun horrek. Euskaldun behargina, berakatza baino finagoa! Egia esan, Euskal Herrian alferra, zekena edota berritsua izatea oso txarto dago ikusita, nahiz eta horrek ez duen adierazten euskaldun guztiok langileak, eskuzabalak eta isilak garenik!
Zelakoak gara euskaldunak? Badaukagu ezer erkide dena? Bistan da gero eta desberdinagoak eta pluralagoak garela. Beti eskamak kentzen, baina euskotarrak izan beharrean euskara daukagunak. Hori da benetan ‘gu’ egiten gaituena: gure hizkuntza
Neska gazte fin batek aurrekoan esan zidan Euskaraldian lehenengoz parte hartzeko aukera zuenez, izena eman zuela. Bera hemen jaioa da, eta beltza. Motibazio nagusia, hain zuzen, bere azalaren kolorea dela kontatu zidan, jendea berari, nahiz eta hemen jaio eta euskaraz ikasi, gaztelaniaz zuzentzen zitzaiola. Komentatu nion UEMAk berak kanpainak egin dituela hori saihesteko, aurreiritzi eta estereotipoak apur ditzagun. Neska hori gu da, euskalduna delako, baina ez dugu gu-tzat hartzen, lehenengo hitza euskaraz egiten ez diogulako. Gurako genuke, baina gure garunak ez du aurreiritzia gainditzen.
Prespektiba historikoak, aldiz, estereotipoak ere denboran zehar aldatzen direla erakusten digu. Euskaldun, fededun esakunea jaun eta jabe zen sasoi baten euskaldunak deskribatzeko. Fededunak, katoliko sutsuak ei ziren gure aurrekoak, baina ikusi da zein hutsik dauden elizak, zein bizkor desakatolikatu den gure herria, ez bataio, ez jaunartze, ez ezkontza. Hiletak ere tanatorioan. Beraz, argi dago nolakotasun definizioak aldakorrak eta aldagarriak direla, ohiturak eta tradizioak lez.
Beraz, zelakoak gara euskaldunak? Badaukagu ezer erkide dena? Bistan da itxura askotakoak garela, zahar, gazte, beltz, zuri, ile liso, ile kizkur, lodi, argal, burubako, zentzudun, fededun, ateo, berritsu eta isil. Gero eta desberdinagoak eta pluralagoak. Beti eskamak kentzen, baina euskotarrak izan beharrean euskara daukagunak. Hori da benetan gu egiten gaituena: gure hizkuntza.