Aldundiak esku hartu du hondartzetan

Aldundiak esku hartu du hondartzetan

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta kostaldeko udalek akordio bat sinatu dute hondartzen kudeaketaren harira. Aldundiko Jasangarritasun Sailak orain arte baino 4,1 milioi euro gehiago jarriko ditu 2027. urtera bitarte, hondartzetako funtsezko zerbitzuak finantzatzeko. Alazne Txurruka Debako alkateak eta Haritz Alberdi Getariakoak «eskuz esku» egin dute lan akordioa lortzeko, baina biek esan dute «akordio integral» bat nahi dutela eta helburua ez dela bete.

[articles:2142816]

Orain arte, Gipuzkoako hondartzen kasuan, udal bakoitza arduratzen zen bere udalerriaren barruko hondartzak kudeatzeaz. Azken urteotan, Hondartzen Lurralde Mahaian bildu izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Mahai horretan eman izan diote hasiera udako denboraldiari, eta hartan eztabaidatu dute, halaber, zeinena den hondartzen kudeaketarako eskumena.

Kostaldeko udalerriek diputazioari eskatzen diote kostuak oso-osorik bere gain har dezala. Helburua bete ez bada ere, 2027ra bitarte aldundiak diru kopuru jakin bat banatuko du udalerrietako biztanle kopuruaren arabera, kostuak ordaintzeko. Getariak, adibidez, estalitako kostuaren %80 jasoko du, Mutrikuk, Debak eta Oriok, %75; Zumaiak, %60, eta Zarautzek eta Hondarribiak, %50. Horretarako, aldundiak urtero jarritako 2.650.000 euroek gehigarriak izango dituzte, eta horiekin ordainduko dira diru laguntzak. Aurtengo udan, 700.000 eurokoa izango da gehigarria, eta 2026an eta 2027an, 1.700.000 eurokoa. Debako alkate Txurrukak esan du diru funtsak «lasaitua» ekarriko diela udalei: «Aurrerapauso handia izango da. Bizkar gainean generaman zama arinduko digu. Hala ere, aldundiaren proposamenak zerbait falta du osotasunera iristeko». Donostiako Udala akordiotik kanpo dago, bere kabuz kudeatzen baititu hiriko hondartzak.

Aldaketak zerbitzuen kudeaketan

Garbiketa zerbitzua aldundiaren esku egon da azken urteotan, baina ez ibai bokaleetako hondartzetan metatu ohi den hondakinen kudeaketa. Hortaz, datozen urteetan, funtsezko zerbitzuak finantzatzeaz gain, Orio, Deba, Zumaia eta Mutrikuko hondartzetan ibaiak eramandako hondakinen kudeaketa ere diputazioaren esku egongo da. Txurrukak adierazi du urteetan eskatu dutela esku hartze hori: «Badakigu hondartzen kudeaketa udalaren eskumena dela, baina kontu bat da kudeaketa, eta beste bat, kostua. Aspaldidanik eskatu dugu kostua aldundiak har dezala bere gain».

«Orain arteko diru laguntzek ez digute modurik eman udako zerbitzuen kostuari aurre egiteko»ALAZNE TXURRUKA Debako alkatea

Debako alkateak dio askotariko zerbitzuak kudeatzen dituztela udan, eta urtero 360.000 euro inguruko kostua ekartzen diola udalari. «Jendeak pentsatu izan du hondartzak denon artean ordaintzen ditugula, baina hori ez da horrela. Hondartzetako zerbitzuen kostuak, hondartza duten udalerrietako biztanleek ordaindu izan ditugu». Orain arte aldundiak garbiketa zerbitzua kudeatu izan du, eta zenbait diru laguntza eskaini ditu udako zerbitzuekin laguntzeko, baina ez da nahikoa laguntza izan, Txurrukaren aburuz: «Orain arteko diru laguntzek ez digute modurik eman udako zerbitzuen kostuari aurre egiteko».

(ID_17489457824415) Hondartzen kudeaketarako akordioa sinatu dute kostaldeko udalek
Aldundiko eta kostaldeko udaletako ordezkariak, maiatzaren 22an, Donostian, hondartzen kudeaketarako akordioa aurkeztu zutenean. HITZA

Alberdi Getariako alkateak adierazi duenez, hondartzetan sorospen bidezko segurtasuna egotea «normaltzat» jotzen den arren, udalek jartzen dute dirua, eta, gainera, aldundiak udako gastuetarako diru laguntzak ematen dituenetik kopurua ez dela «ia ezer igo». Esaterako. Alberdik dio sorospen zerbitzuaren kudeaketaren kostua «ikaragarri garestitu» dela.

Guztienak eta guztientzat

Getarian bainu egokituaren aldeko apustua egin zuten orain urte batzuk; horretarako, lankidetzan aritzen dira udala eta Gurutze Gorria. «Herritar guztiok edozein baldintza edukita ere, eskubide berak izan behar ditugu hondartzez disfrutatzeko», esan du alkateak. Baina sorospen zerbitzu egokituak kostu gehigarri bat ekarri dio Getariako Udalari, «langile gehiago» kontratatu eta «baliabide gehiago» behar direlako, Alberdik jakinarazi duenez. Dena den, udalak helburutzat duen arren hondartzan herritar orok baldintza berak izatea, alkateak argitu du gaur-gaurkoz ez dela hala izaten, «bitarteko mugatuak» dituztelako.

Hala, Getarian bainu egokituaren zerbitzua uztaila eta abuztua bitarte egon izan da zabalik, eta horren beharrik izan ez duten herritarrek ekaina eta iraila bitarte eskuragarri izan dute sorospen zerbitzua. «Zerbitzuari kalitatea emateko, bestelako proposamen bat behar genuen» aitortu du Alberdik. «Horregatik daramatzagu horrenbeste urte aldundiaren esku hartzea eskatzen. Guztionak dira hondartzak, eta, beraz, guztiona den instituzio batek kudeatu behar ditu». Nolanahi ere, aldundiak iazko udan Getarian bainu egokituaren ardura hartu zuen, baita inbertsio bat egin ere, eta Alberdik dio erabiltzaileek «asko eskertu» zutela.

«Aldundiak kudeaketa integrala bere gain hartzea da oraindik ere gure helburua, baina ontzat jotzen dugu akordio hau lortu izana»HARITZ ALBERDI Getariako alkatea

Datuen arabera, Getariako Udalak 2012tik 2024a bitarte 1.500.000 euro baino gehiago bideratu zituen udako zerbitzuen kostuei erantzuteko, eta 240.000 euro inguru jaso zituen aldundiaren laguntzen bitartez. Alkateak kontatu duenez, asmoa da orain portzentajeei buelta ematea: «%90 inguru herriko aurrekontuetatik jarri dugu orain arte, eta diru laguntzek %10 eman digute. Orain alderantziz izango da».

Getariako alkateak azaldu du Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere aldundiari bi bider eskatu diotela hondartzen kudeaketa integrala bere gain hartzeko, baina aldundiak ez duela eskaera onartu. Halere, Alberdik dio «pozik» daudela lortutako akordioarekin, eta «gorestekoa» dela udalerrien arteko elkarlana. «Aldundiak kudeaketa integrala bere gain hartzea da oraindik ere gure helburua, baina ontzat jotzen dugu akordio hau lortu izana». Txurruka Debako alkateak ere «poza» agertu du: «Kostaldeko udalerrietako alkateok elkarlanean ados jartzeko gaitasuna izan dugu, alderdi desberdinetakoak izanda ere. Gure udalerriei mesede egiteko behar ditugunak adostu ditugu, eta poztekoa da lortutako akordioa».