Bi gurpilen gainean egin du bidea Haimar Zubeldiak (Usurbil, 1977). Txirrindulari ibilbide profesionala amaitutzat eman bazuen ere duela urte batzuk, mundu horri estu lotuta dago oraindik. Orain buru-belarri dabil mendiko txirrindularitzan, eta errepidean ere ibiltzen da, senideekin. Maitasun handiz gogoratzen ditu Euskaltel Euskadi taldean bizi izandakoak.
Profesional izateari utzi bazenion ere, oraindik baduzu arrakasta. Izan ere, duela bi asteburu zure omenezko martxa zikloturista antolatu zuten, eta mila txirrindularik parte hartu zuten.
Zarauzko Zikloturista Elkarteak antolatzen du lehiaketa hori, eta Gipuzkoako zaharrena da. Lasterketak hainbat izen izan ditu sortu zenetik hona, eta 2018. urtean martxari nire izena jartzea proposatu zidaten. Urtero-urtero saiatu gara zerbitzu on bat ematen Haimar Zubeldia Klasikoko parte hartzaileei, etxera sentsazio on batekin joan daitezen eta hurrengo urtean errepikatzeko gogoa izan dezaten. Mimo handiz prestatzen dugun zerbait da, eta edizioak aurrera joan ahala gero eta txirrindulari gehiagok ematen dute izena.
Zuk ere urtero parte hartzen duzu Haimar Zubeldia klasikoan.
Ez da derrigorrezkoa nik lasterketa horretan parte hartzea, baina gakoa da, nire ustez. Goi mailatik kanpo banabil ere, txirrindularitzaren munduan jarraitzen dut, nahiz eta lehen baino askoz ere lasaiago aritzen naizen. Beraz, gustu handiz parte hartzen dut Haimar Zubeldia Klasikoan, eta asko gozatzen dut lehiakideekin hitz egiten, bizikletaren gainean kilometroak egiten ditugun bitartean. Aldi bakoitzean bizpahiru lagun omentzen ditugu; aurten, esaterako, Ainhoa Muruak, Gorka Izagirrek eta Luis Leon Sanchezek jaso dute aitortza, eta polita izan zen jendeak haiek ezagutzeko tartea hartzen zuela ikustea.
«Euskaltelen egoteak balio izan zidan irekiagoa izateko ere, eta gero egon nintzen taldeek aukera eman zidaten mundu are zabalago bat ezagutzeko»
Mendiko bizikletarekin zabiltza orain, eta nazioartean lehiatu zara, hala nola Titan Desert, Tena Valley, Epic Gran Canaria eta Kroaziako 4Islands probetan. Nolakoa izan da errepideko bizikletatik mendikora pasatzea?
Profesional modura, errepideko bizikletan ibili izan naiz beti, baina denetik probatzea gustatzen zait. Goi mailan lehiatzen aritu nintzen urteetan oso zentratuta ibili nintzen, eta mendira ere joaten nintzen, prestaketa gisa. Hala eta guztiz ere, beti izan dut buruan ibilbide profesionala amaitzean mendiko bizikletan zertxobait gehiago ibiltzen hastea, baita beste hainbat gauza probatzea ere. Mendiko bizikletan buelta bat ematera irtetea abentura modura hartzen dut.
Sumatzen al duzu Frantziako Tourrean sortzen zen marea laranja haren falta?
Bai, noski. Uste dut euskal txirrindularitzak baduela zorte handi bat; izan ere, gure kulturan oso barneratuta daukagu, nahiz eta, beste leku askotan bezala, futbolak agintzen duen hemen. Euskaldunongan txirrindularitzak leku polita du, eta gaur egun Tourra ikustera joaten naizenean horixe da sentitzen dudana. 2017. urtean utzi nion profesional bezala lehiatzeari, eta harrezkeroztik urtero joan nahiz Tourra ikustera. Horrek badu arrazoi bat: ikusle bezala itzuli nahi nuen, Tourra kanpotik bizi ahal izateko, gaztea nintzenean bezala. Etxekoekin joaten naiz orain; gure urteroko hitzordua da.
Zer izan ziren zuretzat Euskaltelen igaro zenituen urteak?
Uste dut garai hartan ez nintzela jabetu bizitzen ari nintzen guztiaz eta neukan zorteaz. Euskaltelen oso momentu politak bizi izan nituen, eta taldearen parte ginenok ikusi genuen marea laranja hori nola joan zen hazten. 1998an hasi nintzen han. Talde txiki bat zen, txirrindulari oso gazteekin osatutakoa. Pixkanaka-pixkanaka, gu hazten joan ginen bezala, taldea ere indarra hartzean joan zen, eta gauza asko lortzen hasi ginen. Dena den, garai hartakoa oraingoaren aldean bestelakoa zen. Guk Tourrean parte hartzeko aukera izan genuen, eta sekulako urteak izan ziren. Adibidez, gogoan dut 2003an Iban Mayok Alpe d’Huezeko etapa irabazi zuen unea, baita hurrengo bi urteetan sailkapen orokorrean bosgarren eta seigarren postuak lortu genituela ere. Fenomeno eder bat bezala deskribatuko nuke, eta berezia da norbera horren parte izatea. Oraindik ileak tente jartzen zaizkit Euskaltelen bizi izandakoak gogoratzen ditudanean.

Astana eta Radioshack-Trek taldeetan aritu zinen gero. Garai hartan, Lance Armstrongekin izan zinen taldean.
Euskaltelen 11 urte egin ondoren sentitu nuen nire zikloa amaitu zela, eta beste txirrindularitza bat ezagutzeko gogoa piztu zitzaidan. Etxeko txirrindularitza bat ezagutzen nuen ordura arte; denok euskaraz hitz egiten genuen, ehun kilometroren bueltan bizi ginen denok… Taldea aldatzeko aukera eman zidaten, eta salto hori emateko une egokia zela pentsatu nuen. Beldurra ere sentitu nuen, noski, Euskaltel niretzat etxeko taldea baitzen, baina uste dut jendeak ondo ulertu zuela nire erabakia. Aukera izan nituen beste talde batzuk ezagutzeko, eta aprobetxatu egin nuen.
Nolakoa izan zen aldaketa?
Anekdota modura, beti kontatzen dut Astanara iritsi nintzen lehen kontzentrazio eguna. Ameriketara joan behar genuen, eta hegazkinen atzerapenak zirela eta, berandu iritsi nintzen. Goizeko ordu biak aldera heldu nintzen gelara, eta nire gelakidea lo zegoen ordurako. Hurrengo egunean ezagutu genuen elkar; hura kazakha zen eta ingelesez ahal genuen moduan komunikatu ginen. Nolabait esateko, ezezagun batekin egin nuen lo lehen egun hartan, eta ni ohituta nengoen gela nire anaiarekin partekatzera. Urte hartan, Tourreko taldean Lance Amstrong eta Alberto Contador bezalako izen handiak zeuden, eta sekulakoa da haien alboan zaudela konturatzea.
Zer irakaspen eman dizu goi mailako txirrindularitzak?
Asko ikasi nuen pertsonalki. Euskaltelen egoteak balio izan zidan irekiagoa izateko ere, eta gero egon nintzen taldeek aukera eman zidaten mundu are zabalago bat ezagutzeko. Garai hartan, gainera, txirrindularitza globalizatzen joan zen; ez ginen soilik Europan lehiatzen, mundu mailan baizik. Munduko hainbeste lekutan ibiltzeak asko zabaltzen ditu norberaren ideiak, eta horrek asko eman dit niri.
«Alaba zaharrenari txirrindularitza gustatzen zaio, eta niri irribarrea ateratzen zait horretan pentsatze hutsarekin»
Zaila izan al zen gorenera iristeko egin beharreko ibilbidea?
Naturalki bizi izan nuen, pixkanaka heldu zen prozesu baten gisara. Uste dut profesional modura nire kirol ibilbidea luzea izan dela, eta zorteko sentitzen naiz horregatik. Kontratu guztiak segidan iritsi zaizkit, bata bestearen atzetik, eta oso eskertuta nago hala izan delako. Ez dut lesio larririk izan, eta horrek are erraztu egin dit bidea.
Joseba Zubeldia anaiarekin hasi zinen txirrindularitzan.
Anaiak dena erraztu dit, eta uste dut hark ere antzeko zerbait bizi izan zuela nirekin. Biok Euskaltelen geundenean, Usurbilen bizi ginen, nahiz eta sasoi hartan Zarautzera bizitzera joan nintzen ni. Egunero elkartzen ginen, umeak ginenean bezala, eta lasterketetan banekien alboan izango nuela. Anaia baten konfiantza infinitua da, eta denerako izan nuen alboan, baita hark ni ere. Hala, momentu txarrei askoz ere errazago egin nien aurre. Euskaltelen ere bazen familia izpiritu hori, oso ondo moldatzen baikinen guztiok.
Badirudi alaba zaharrenak lekukoa hartuko dizula. Nola bizi duzu hori?
Gure bi alabek gurpilen gainean ezagutu naute, profesionala nintzenean jaio zirelako. Lasterketetara joaten ziren, gure familian kirola oso gogoko dugun zerbait delako. Zaharrenak txirrindularitza maite du, eta horrekin ez dut esan nahi gazteenak maite ez duenik, baina beste kirol batzuk ere atsegin ditu; eskubaloia eta saskibaloia, adibidez. Guk kirola egitera animatzen ditugu. Izan ere, niri kirolak asko eman dit, balio batzuk irakatsi dizkit, eta, beraz, uste dut kirolean hezteak baduela eragina pertsona batengan. Alabek aukeratu behar dute zer egin nahi duten, eta nik beti lagunduko diet desio dutena betetzen. Zaharrenari txirrindularitza gustatzen zaio, eta niri irribarrea ateratzen zait horretan pentsatze hutsarekin. Ahal dugunetan elkarrekin joaten gara entrenatzera, eta momentu politak bizitzen ditugu, neure burua alabarengan islatuta ikusten dudalako. Gaztea nintzeneko uneak etortzen zaizkit gogora, eta, modu batera edo bestera, pauso berberak ematen ari garela sentitzen dut. Ez dakit hemendik urte batzuetara zer gustatuko zaion, baina badakit kirolak zerbait irakatsiko diola.
MOTZEAN
Lasterketa bat? Tourra, inongo zalantzarik gabe.
Paraje bat? Gehien gustatzen zaidan parajea Errezilgo igoera da. Nire bizitzan gehien igo dudan portua da.
Entrenatzeko konpainia perfektua? Nire anaia.
Zure ibilbide profesionaleko lasterketarik gogorrena? Tourra. Asko gozatu dut, baina baita sufritu ere, egoera pertsonala edota profesionala zela medio.
Oraindik betetzeko duzun amets bat? Txirrindularitza profesionala amaitzean bete nahi nituen ametsen zerrenda bat dut, eta ari naiz betetzen. Baditut oraindik egin nahi ditudan lasterketak…
Zein, adibidez? Patagonia inguruan dagoen bat. Mundua ezagutu nahi dut bizikletaren aitzakian.