Batera Aske kooperatibak sormen saio bat eta familientzako topaketa bat antolatu ditu Azpeitian, elbarritasunen bat duten gazteentzat. Ane Davila kooperatibaren sortzailea (Eibar, 2000) aritzen da koordinatzaile lanetan eta dinamizazioan. Lau haizetara izena du Azpeitian egingo duten tailerrak, eta Gipuzkoan eta Nafarroan zabalduko duten proiektuaren parte da. Saioa ostegunean izango da, 17:30etik 19:30era, Dinamoa sormen gunean. Izena emateko bash@bateraaske.com helbidera idatzi behar da, edo 680-15 57 46 telefonora deitu.
Zer da Batera Aske kooperatiba?
Eredu sozialeko kooperatiba bat da; hau da, ekonomia sozial eta eraldatzailearen esparruan kokatzen dugu geure burua. Aniztasun funtzionala duten gazteekin lan egiten dugun arren, eredu sozialeko ekintzak proposatzea da gure helburua. Prekaritate handia dago esparru honetan, elkarte askok boluntarioen lanarekin egiten dute aurrera, eta diru laguntzei esker irauten dute. Baina eredu hori ez da jasangarria epe ertainera edo luzera. Horregatik, gure kooperatiba profesionalizatzeko, ekonomia sozialaren eremuan egiten dugu lan.
Zein da helburua?
Batera Aske sortu zen aniztasun funtzionala duten gazteei aisialdiaren, hezkuntzaren eta kulturaren eremuetan aukera berriak zabaltzeko. 2019an sormenerako eta mugimendurako laborategi bat sortu genuen: BASH. Asmoa zen ikustea arteak eta metodologia pedagogikoek nola lagundu zezaketen bestelako garapen pertsonal batzuk trebatzen, eta, horretarako, aztertu nahi izan dugu zer dinamikak duen zentzurik handiena edo zer dinamikak eragiten duen gehien pertsonengan.
«Mundu guztiari bezala, gizarteratzeko aukera eskaini nahi diegu aniztasun funtzionala duten gazteei»
Nola garatu da BASH proiektua?
Laborategia Arrasateko Arizmendi ikastolan egin genuen lehenengoz, 2019an. Hortik, aisialdi programa bat sortu genuen, antzeman genuelako behar handia dagoela gaztaroan lagunartean egoteko edo kalera irteteko. Mundu guztiari bezala, gizarteratzeko aukera eskaini nahi diegu aniztasun funtzionala duten gazteei. Gaur egun, aisialdi programak ditugu Eibarren, Elgoibarren, Arrasaten, Aretxabaletan eta Zarautzen, bertako udalekin elkarlanean, eta, aurten, Iruñean ere egongo gara, proiektu berri bat hasi dugulako, Lau haizetara izenekoa.
Zer da Lau haizetara proiektua?
Helburua da familia eta partaideen beharrak entitate publiko eta kulturaletara hurbiltzea. Uste dugu hutsune handi bat dagoela, udalek familien eta partaideen beharren berri emateko eskatzen baitigute. Baina udalek ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak ere horretaz hitz egitea nahi dugu.
Nolakoak dira tailerrak?
Topaketak egiten ditugu familiekin eta partaideekin, eta sormena lantzea izaten da helburua, parte hartzea nahiz elkarlana sustatuz. Alde batetik, familiekin mahai inguru bat proposatu ohi dugu, elkarrizketa baten bitartez bizipen pertsonalak elkarbanatzeko eta euren artean sare bat osatzeko. Aldiz, gazteekin inklusioan oinarritutako eredu sortzaile bat izaten dugu. Azken finean, gerta liteke pertsona batek gauzak errazago adieraztea antzerki bidez edo musika bidez, elkarrizketa formal baten bidez baino. Hala, herri bakoitzean bi topaketa egin ohi ditugu, bakoitza bi ordukoa; normalean egun berean.
Herriz herri zabiltzate.
Gure helburua da 2025 eta 2026. urteetan hamasei herritatik pasatzea; zortzi bider Gipuzkoan, zortzi bider Nafarroan. Oraingoz, bi egin ditugu: lehenengoa, Elgoibarren eta bigarrena, Iruñean. Hirugarrena Azpeitian izango da.
«Gerta liteke pertsona batek gauzak errazago adieraztea antzerki bidez edo musika bidez, elkarrizketa formal baten bidez baino»
Zer erantzun izan du proiektuak?
Familiekin sumatzen dugu espazio seguru batean lasai hitz egiteko beharra dutela; euren zalantzak eta nahiak entzungo diren inguru bat behar dute. Jakin nahi izaten dute zeintzuk diren aisialdirako helburuak, eta kontatu nahi izaten dute, kultur irisgarritasunari dagokionez, zer falta den herrietan. Hirietatik kanpo gehiago egiteko eskatu ohi dute familia askok; izan ere, inklusio proiektu gehienak hiriburuetan izaten dira. Gainera, aisialdi eta kultur arloan jarduten badugu ere, zeharkako gaiei ere garrantzia ematen diegu; hala familien zaintza lanei, nola helduaroan murriztu ohi diren laguntzei.
Ikerketa bat abiatuko duzue proiektuaren emaitzekin.
Topaketez gain, hausnarketa kolektibo bat abiatu dugu gazteekin, gure artean ere bai. Horren bidez, tokian tokiko beharrak aztertzen ari gara, baita Espainiako Estatuan nahiz estatutik kanpo dauden inklusiorako joerak aztertzen ere. Zer gertatzen ari den jakin nahi dugu, eta ikertu zer izan daitekeen eredu; bai inspirazioa hartzeko, bai entitate publikoei eredu horiek ezagutarazteko. Jasotako emaitzak dokumentu batean biltzea da asmoa, gero ikerketa hori entitate publikoei emateko nahiz gure komunitatean banatzeko.
Beste eragileekin ere egiten duzue lan, ezta?
Tokian tokiko ekintzak bertako eragileekin antolatzen ditugu. Azpeitiko saioan, Kulturaz kooperatibak komunikazioarekin eta azpiegiturarekin lagundu gaitu, eta Marea Urdina eta Atzegiko familiak gonbidatu ditugu etorkizuneko proiektuak elkarrekin diseinatzeko.
Non sumatzen duzue gabezia?
Gero eta gehiago hitz egiten da inklusioaz; baditugu legeak, eta teorian oinarritutako iniziatiba asko jartzen dira martxan. Baina teoria errealitatera eraman beharra dago. Maiz inklusiorako programak diru laguntza puntual batzuetan oinarritzen direnez, ohikoa da kolektiboa instrumentalizatzeko joera. Ez dago jarraitutasunik, eta horrek mesfidantza sortzen du. Aukera berriak sortzea da erronka, baina edonola ere, aukera horiek gazteekin eta familiekin kontrastatutakoak beharko dute izan. Gainera, rol berriak sortu beharko dira, egiazko inklusiozko espazioak modu profesionalean dinamizatzen jakingo duen jendea behar delako.