Karibe Zaharra, musikarien agertokia

Karibe Zaharra, musikarien agertokia

Hainbat musikariren topaleku bihurtu da Legazpiko Karibe Zaharra taberna. Zuzeneko kontzertuak eskaini ohi dituzte han bi astetik behin, ostiral gauetan, eta ezagun bilakatu da Euskal Herriko musika eszenan. Kontzertuak emateko leku ofiziala tabernaren barnealdea bada ere, badira lau urte udako emanaldiak kanpoaldean egiten direla. Ekainaren 1ean hasi zuten udako denboraldia, eta egitarau zabala dute uztailaren 11ra bitartean. Askotariko estiloetako taldeak izaten dira Karibe Zaharrean: hala talde hasiberriak nola profesionalak, herrian sortutakoak eta mundu zabalean ezagunak direnak… Gehienetan Euskal Herriko taldeek jotzen duten arren, izan dira kanpotik etorritako taldeak ere. Ekainaren 3an, esaterako, Suediako The Riven taldeak jo zuen tabernan. Izan ere, The Riven bira bat egiten ari da Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Espainian, eta, Iñigo Caballero musikari legazpiarraren bitartez, taldeak Legazpin egin zuen geldialdia. Lau talde arituko dira uztailaren 11ra bitarte; gaur, La Fabrika de Boinasek joko du, 19:00etan.

Karibe Zaharra 1961ean ireki zuten, eta, handik 27 urtera, 1988an, jabea aldatu zuten, bai eta taberna bitan banatu ere. Karibe Zaharra izendatu zuten bat, eta Karibe Berria bestea. Joseba Telleria legazpiarra jabe aldaketa egin baino hiru urte lehenago hasi zen han lanean, oraindik taberna bakarra zen garaian, eta, 1990ean, Karibe Zaharra erosi zuen, Agustin San Martinekin batera. Harrezkeroztik, elkarrekin jardun dute lanean, harik eta San Martinek erretiroa hartu zuen arte. Dena dela, haren lekua ez da hutsik geratu: San Martinen iloba Garazi Melladok hartu du erreleboa. Orain Telleria eta biak dira Karibe Zaharraren jabeak.

(ID_15064896) The Riven taldea
Suediako The Riven musika taldea, ekainaren 3an, Legazpiko Karibe Zaharra tabernan. KARIBE ZAHARRA

Telleriak dio zuzeneko kontzertuen ideia «kasualitatez» sortu zela, herriko musikari batek proposatuta. «Behin, Yerko Ortiz musikaria etorri zitzaidan tabernara, eta esan zidan zuzeneko musikari bultzada bat eman behar zitzaiola. Orduan ez nion kasu handirik egin, baina, beste egun batean, gitarra hartu eta bere taldearekin etorri zen Karibe Zaharrera kontzertu bat ematera. Sekulako giroa sortu zuten, eta, beraz, erabaki genuen handik aurrera zuzeneko musikaren alde egitea». Orain pare bat urte, Ortizek tabernara eraman zuen lehen kontzertu hartako gitarra, eta erabaki zuten horman zintzilikatzea, oroigarri gisara. Telleriak esan du instrumentua «tabernako ikur» bilakatu dela jada. 

Karibe Zaharra da Goierrin «maiztasun jakin batekin» zuzeneko kontzertuak izaten dituzten taberna bakarrenetakoa, Telleriak kontatu duenez. «Talde askok deitzen eta idazten digute esateko hemen jo nahi dutela. Pentsa, itxaron-zerrenda luzea dugu. Nahi izanez gero, ostiralero antola ditzakegu kontzertuak». Haren kide Melladok uste du tabernan izaten den jendearen «berotasuna» dela hainbeste taldek bertan jo nahi izatearen arrazoi nagusia, taberna «leporaino» betetzen baita kontzertuak daudenean.

Musikarien topalekua

Gaur zortzi, hilaren 13an, Slow Time Blues Band taldeak jo zuen Karibe Zaharrean. Gaur La Fabrika de Boinasek kantu batzuen bertsioak interpretatuko ditu. Beste hiru saio gelditzen dira uztailaren 11ra bitartean: ekainaren 27an, Painaple pop-punk taldearen txanda izango da, eta biharamunean, Iñigo Arrazolak Silvio Rodriguezen bertsioak kantatuko ditu; uztailaren 11n, berriz, Gipsy Fuzz eta Garazi izango dira, blues doinuak jotzen.

(ID_15066987) Doinua musika eskolako konboen jendaurreko aurkezpena
Legazpiko Doinua musika eskolako kideen kontzertua, ekainaren 15ean, Karibe Zaharra tabernan. KARIBE ZAHARRA

Telleriak eta Melladok diote kontzertuek «harrera bikaina» izaten dutela, eta askotariko adineko jendea azaldu ohi dela. Gainera, udan eta oro har urte osoan antolatzen dituzten kontzertuez gain, bestelako ekintzak ere izaten dituzte. Igandean, adibidez, Legazpiko Doinua musika eskolako haur eta helduak aritu ziren. Mus txapelketak ere antolatzen dituzte urtean bi aldiz, eta tabernariek diote «izugarrizko arrakasta» izaten dutela.

Jabeen helburua da Karibe Zaharra «edonorentzako moduko topagune bat» izatea, «herriko eta kanpoko jendea elkartzeko leku bat». Argi dute «orain arte bezala» jarraitu nahi dutela; aurrerantzean ere «Euskal Herriko kultura eta musika topagune» izan nahi dutela, alegia.