Ramon Erostarbe (Pasaia, 1966) Pasaiako San Pedron hazi zen arraunlari moduan, eta urte asko egin zituen jardun horretan, baita patroi lanak egin ere. Emakumezkoen entrenatzaile gisa dabil orain, Tolosaldea arraun elkartean, laugarren urtez. Eskualde horretan itsasorik ez badago ere, Erostarbek irudipena du «handitzen» ari dela Tolosak arraunarekiko duen interesa. Haren taldeak Euskadiko Traineru Txapelketa irabazi zuen ekain hasieran, eta «ilusio handiz» ekingo dio orain Euskotren ligari.
Txikitatik aritu zara arraunean. Zerk piztu zizun kirolarekiko interesa?
Gaztetan hasi nintzen arraunean, herriko denek egiten genuen, arrauna baitzen kirol bakarrenetarikoa Pasai San Pedron. Zortzi urte egin nituen arraunlari, eta popara mugitu nintzen ondoren, patroi lanetara.
Zergatik?
Pisu txikia nuen, eta hori garrantzitsua da patroia izateko. Beti gustatu izan zait ikastea, eta itsasoan, are gehiago. Hortaz, patroi izateko proposamena egin zidatenean ez nuen zalantzarik izan. Juan Carlos Fontanekin batera ibili nintzen patroi.
Zer sentitzen zenuen zure herriko traineruarekin goi mailan lehiatzean?
Erabateko harrotasuna. Adibidez, Kontxa irabazi genuenean, ikaragarria izan zen. Ni ordezkoa izan nintzen, ez nuen arraun egin, baina taldean nengoen, eta nirea izango balitz bezala sentitzen dut garaipen hura.
Ba al dago desberdintasunik orduko arraunaren eta egungoaren artean?
Bai, eta desberdintasun handia dago. Arrauna asko aldatu da kirol moduan. Orain pisua da garrantzitsuena. Lehen, traineruak eta arraunak egurrezkoak ziren, gehiago pisatzen zuten, eta indar handiagoa behar zen horiek mugitzeko. Orain, dena zuntzezkoa da; beraz, traineruan zenbat eta pisu gutxiago eduki, hobe. Lehen, olatu batek harrapatuz gero, ezinezkoa zen ontzia kontrolatzea, baina orain erraza da bere bidean jartzea. Lehen ezin zen arraun bat esku bakar batekin altxatu, gehiegi pisatzen baitzuten.
«Lehen, esperientzia handia zutenek patroiei irakatsi egiten zieten; orain, entrenatzaile gutxik dakite patroiei irakasten»
Patroi lanak ere aldatu al dira?
Jardun honetan urte asko daramatzagunok zera esan ohi dugu: gaur egun pare bat patroi besterik ez daudela goi mailan, eta gainerakoak lemazainak direla. Itsaso zakarra dagoenean, goi mailako patroiek soilik lortzen dute ontzia kontrolatzea. Lehen, esperientzia handia zutenek patroiei irakatsi egiten zieten.
Eta orain?
Orain entrenatzaile gutxik dakite patroiei irakasten.
Orduan, zure ustez, arraun entrenatzaile batek aurretik ibilitakoa izan behar du?
Erabat. Oso zaila da entrenatzaile batek trainerua ulertzea lehenago arraunlaria izan ez bada. Izan ere, jakin behar du ontziak zer bide hartu behar duen eta bide horrek zer sentipen transmititzen dizkion. Hori esperientziak erakusten digu. Esango nuke orain entrenatzaile gabiltzan guztiak lehenago arraunlari izan garela.
Esan duzu pisua faktore garrantzitsua dela gaur egungo arraunean. Beraz, elikadura inportantea da?
Gaur egun, elikadura asko kontrolatzen da. Lehen guk ez genuen kontrolatzen, ez genuelako behar. Nire garaian baziren 1,85 metro luze ziren arraunlariak, eta 90 kilo zirenak. Orain, altuera horretakoak ez dira 80 kilora iristen. Horretarako, ezinbestekoa da norberak jakitea zer jaten ari den eta zer neurritan.

Antzinako ogibideetatik sortutako kirola da arrauna. Gaur egun ba al dago tradizio horri eusteko filosofia?
Ez. Kirol honek sortu izan duen herriko traineruarekiko sentimendua itzaliz joan da. Orain, ohikoa da ikustea San Pedroko arraunlari bat San Juango jantzi batekin entrenatzen. Lehen pentsaezina zen hori. Asko nabaritzen da nor dagoen herrian sustraitua, nor den etxekoa eta nor ez. Arraunlariek askotan aldatu behar izaten dute taldea, baina bada harrobitik atera eta herriko traineruan aritzea erabakitzen duenik. Nork bere herria goi mailan ordezkatzeak harrotasuna ematen du eta, segur aski, sentimendu horrek esfortzu handiagoa egitea eskatuko du.
«Nik beti zera esaten diet Tolosaldeako arraunlariei, barnealdekoak izan arren marinelak izan behar dutela»
Lau urte daramatzazu Tolosaldea elkartean. Kostaldeko taldea ez izan arren, ba al da aipatzen duzun sentimendu hori?
Nik beti zera esaten diet taldekoei, barnealdekoak izan arren marinelak izan behar dutela. Orain San Pedron entrenatzen dugu. Tolosan badago bateletan aritzeko tradizioa, baina ez du zerikusirik kostaldeko herri batean arraunlari batek txikitatik bizi duenarekin. Dena dela, gauzak ari dira pixkanaka aldatzen, Tolosaldean arrauna lehen baino garrantzi handiagoa hartzen ari baita. Hilabete hasieran Euskadiko txapelketa irabazi genuen lehen aldiz, eta herrian egin ziguten harreran ikusi nuen badirela zaleak. Garrantzitsua da arraunean txikitatik aritzea, eta hori lortzen ari gara. Harrobiko neska asko ditugu lehen taldean.
Harrobiari garrantzia ematen diozu?
Handia, harrobia baita traineru baten oinarria. Gure ligan bakarrenetarikoak izango gara harrobiko arraunlariekin traineru bat bete dezakegunak, eta hori pozgarria da. Traineru bakoitzean harrobiko arraunlari gehiagok egon beharko lukete urtez urte, eta klub askok, bai emakumezkoetan bai gizonezkoetan, arazo larriak edukiko lituzkete. Orain fitxaketak egiten dituzte denek, eta, horrela, harrobiko arraunlari asko aukerarik gabe gelditzen dira. Fitxaketa asko eginez gero, harrobikoak joan egiten dira, eta, ondoren, behar dituzunean, ez dira egongo.
Zure ustez, fitxaketek eta diruak arrauneko lehiakortasuna murrizten dute?
Hori gizonezkoetan gertatzen da gehienbat, denboraldia hasi baino lehen badakigu eta nork irabaziko duen: dirua lortu eta fitxaketak egiten dituzten taldeek irabazten dituzte banderak.
Eta emakumezkoetan?
Uste dut berdintasun handiagoa dagoela. Orain emakumezkoen arrauna ikusgarriagoa da gizonezkoena baino, ezustekoak gertatzeko aukera baitago.
«Orain emakumezkoen arrauna ikusgarriagoa da gizonezkoena baino, ezustekoak gertatzeko aukera baitago»
Gazteek ba al dute arraunean hasteko interesik?
Esango nuke interesa oso txikia dela, arraunak lan handia eskatzen baitu. Denoi gustatzen zaigu udan oporretara joatea edo herriko jaietan parranda egitea, eta arraunak ez du hori egiten uzten. Dena den, arrauna probatzen dutenek jarraitu egiten dute.
Kirol zorrotza da orduan.
Hala da. Neguan astean bost egunez entrenatzen gara, eta udan asteko egun bakarra izaten dugu libre. Nik badakit denbora asko kentzen didala arraunak, baina, era berean, hemen sentitzen naiz ongien. Niretzat, egunean zehar izandako arazoetatik ihes egiteko lekua da arraun elkartea.
Halere, arrauna ez da zure lana, ezta?
Ez, nik fabrika batean egiten dut lan. Oso zaila da arraunetik bizitzea, eta emakumezkoen arraunean apenas lortzen duen inork. Babesleek ematen dute dirua, baina horiek lortzea oso zaila da. Gure babesle guztiak Tolosaldekoak dira, eta horrek gauzak zailtzen ditu, eskualdean arrauna ez baitago hain errotuta.
Azken urteotan, bide onetik al doa Tolosaldeko arrauna?
Baietz uste dut. Aurten, laugarren aldia dugu Euskotren ligan, eta egindako lan gogorraren emaitza da hori. Aurreko urtean bi estropada irabazi genituen: Zarautzen eta Kontxako lehen jardunaldian. Gainera, harrobiko kategoria gehienetan dena irabazi dute neskek. Kadeteek Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazi dituzte, eta jubenilek, Gipuzkoakoa eta Euskadikoa.
Emakumezkoen arrauna gizonezkoenaren itzalean dago?
Bai, erabat. Prentsa da horren adierazle: gizonezkoen estropadei orrialde osoa ematen diete, eta emakumeenari, zutabe txiki bat. Azkeneko urteetan, igo egin da emakumezkoen arraunaren maila, eta orain hobeto aritzen dira. Halere, oraindik badira emakumezkoak beti bigarren mailan uzten dituzten klubak. Adibide ugari aurkitu ditzakegu euskal taldeetan.
MOTZEAN
Zer lan duzu gustukoen: arraunlariarena, patroiarena ala entrenatzailearena? Arraunlariarena.
Inoiz ahaztuko ez duzun estropada bat? 1995eko Euskadiko Traineruen Txapelketa.
Arraunlari moduan, estropada eremu gustukoena? Etxekoa, Pasaiakoa.
Eta entrenatzaile moduan? Kontxakoa.
Nola definituko zenuke Tolosaldea arraun elkartea? Umila eta langilea.