Gero eta euskal hiztun zaharragoak

Gero eta euskal hiztun zaharragoak

Donostian zahartzen ari da euskal hiztunaren profila. Ondorio hori ere atera du udalak Siadeco elkartearen ikerketatik. Udalak iazko udazkenean eskatu zion Siadecori hiriko datu demolinguistikoei buruzko ikerketa egiteko. Iragana oinarri hartuta, hamar urte barru Donostian zer hizkuntza joera izango diren ikertu du elkarteak. Juanjo Allur eta Unai Oiartzun Siadecoko kideek kontatu dute biztanleen erroldak ezinbestekoak izan direla ikerketaren metodologia garatzeko. Horren emaitza da elkarteak aurkeztu berri duen txostena: Donostiako datu demolinguistikoen bilakaeraren prospekzio-ikerketa.

25 urtetik beherakoen artean, azken 30 urteetan lehen aldiz jaitsi egingo da euskararen ezagutza maila, batik bat, 15-24 urte bitarteko jendeari dagokionez; 45 urtetik gorakoen artean, berriz, igo egingo da.

[articles:2143757]

Horrez gain, handitu egingo da euskal hiztun izanik ere gazteleraz erosoago sentituko diren herritarren zenbatekoa. Lehen hizkuntzaren aldagaia hizpide, euskara jasoko dutenen ehunekoak behera egingo du; gora egingo du elebidunen ehunekoak, eta, batez ere, goranzko joera du beste hizkuntza bat jasoko dutenen ehunenekoak. Antzeko joera izango du etxeko erabilerak: euskara jasotzen dutenen ehunenekoa mantendu egingo da, euskara eta gaztelera erabiltzen dutenen portzentajea handitu egingo da, eta beste hizkuntza bat erabiltzen dutenen ehunenekoak nabarmen egingo du gora.

Hiru faseko ikerketa

Hiru fase izan ditu Siadecoren ikerketak. Lehendabizikoan, Donostiak 2036an zenbat biztanle izango dituen aurreikusi dute. Allurrek dioenez, hiru aldagai bereizi dituzte: adina, biztanleen jatorria eta sexua —prospekzioan ez dute kontuan hartu sexuaren aldagaia—. Horretarako hainbat bide izan dituzte: Espainiako Estatistika Institutuak (INE) lurraldeen araberako proiekzio demografikoak egiten ditu; hala, eginak ditu Gipuzkoakoak ere. Hortaz, INEk Gipuzkoarako aurreikusten duen bilakaera demografikoa Donostiako hiriari aplikatu diote Siadecoko ikerlariek. Horri esker, Donostiak hamar urte barru zenbat biztanle izango dituen aurreikusi dute, adinaren eta biztanleen jaioterriaren arabera. 

Datuek diotenez, adin tarte gazteenetan biztanleria kopuruak behera egingo du, eta adin tarte helduenetan, gora. Oiartzunek azaldu du aipatutakoa etorri berrien fluxuaren eraginez gertatuko dela, nagusiki. Hizkuntza gaitasunean eragina izango du joera horrek, euskararen ezagutzaren gorakada mantsotu egingo baita.

Ildo horretatik garatu dute ikerketaren bigarren fasea. Izan ere, gizartearen hizkuntza koefizientea kalkulatu diote 2036. urterako aurreikusitako proiekzio demografikoari. Siadecoko kideek kontatu dute hizkuntza koefizientea biztanle bakoitzaren erroldan eskuragarri dauden datuen arabera kalkulatu dutela. Hiru aldagai bereizten dira erroldako datuetan: hizkuntza gaitasuna, lehen hizkuntza eta etxeko erabilera. Kategoria bakoitzean lau aukera daude: euskara, gaztelera, bi hizkuntzak ala beste bat. Hortaz, azken 30 urteetako Donostiako datu soziolinguistikoak ikertu ditu Siadecok; hain zuzen, zein izan diren 1991tik 2021ra bitarte hiriburuko biztanleriaren hizkuntza joerak, adinaren eta jatorriaren arabera. Allurrek esan du berrikuntza ekarri duela erabilitako metodologiak: «Adina eta generoa ez ezik, lehen aldiz jatorria ere hartu da kontuan erroldako datuak ikertzeko». Euskal Estatistika Erakundeari (Eustat) eskatu dizkiote datuak. 

«Adina eta generoa ez ezik, lehen aldiz jatorria ere hartu da kontuan erroldako datuak ikertzeko»

JUANJO ALLUR Siadeco ikerketa elkarteko zuzendaria

Azken fasean, lehen faseko aurreikuspen demografikoari bigarrenean kalkulatutako hizkuntza koefizientea gehitu diote. Hau da, 2036an aurreikusten den biztanle kopuruari adinaren eta jatorriaren araberako hizkuntza koefizientea aplikatu diote, ehunekoetan. Horren arabera, hamar urte barru zenbat euskal hiztun espero daitezkeen kalkula daiteke.