Donostia Ospitalean jaiotzen diren haurren gurasoek Gipuzkoan egindako ume saskitxoak erabili ahalko dituzte aurrerantzean. Izan ere, Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolak bultzatuta, Auzoan josi eta josi proiektua egin dute ikasturte honetan, eta herriko hogei jostunek egindako saskitxoak bideratu dituzte ospitalera.
Duela urte batzuk, Inmakulada ikastetxean ohartu ziren Tolosaldean joskintzan aritzen ziren emakume asko zeudela, baina ez zutela agiri ofizialik. Hori zela eta, Josi eta josi ekinbidea abiatu zuten. Lehen urteetan, dezenteko arrakasta izan zuen, eta pentsatu zuten 2024-2025 ikasturtean ere egitea. Aurreko aldietan, antolatzaileei iruditu zitzaien joskintzak «herritarrekin kontaktu handiagoa» behar zuela, eta, horretarako, Tolosako Izaskun auzora hedatu zuten proiektua, han baitago Inmakulada ikastetxea. Hala, proiektuari izena aldatu, eta Auzoan josi eta josi izendatu zuten.
«Erabilitako oihalekin produktu berriak sor daitezkeela erakutsi nahi genuen, hondakinak murriztuz eta oihalen bizi zikloa luzatuz»
ALAINE ZUBELDIA Tolosako Inmakulada ikastetxeko Ekonomia zirkularraren saileko ordezkaria
Antolatzaileek joskintzarekin lotutako hainbat ikastaro antolatu dituzte ikasturtean, Izaskungo zenbait lokaletan, erabiltzaileak arlo horretan «ahalduntzeko» asmoz. Alaine Zubeldia Inmakuladako ekonomia zirkularraren saileko ordezkariak azaldu du horrek modua eman diela herritarrekin zuzeneko harremana izateko. «Herrira zabaldu nahi genuen proiektua, ikastolara etortzea arrotzagoa baita herritarrentzat».
Ikastetxeak bazuen aurreko ikasturteetan egitasmoak izandako arrakastaren berri, baina ez zuen uste «hainbesterako» izango zenik. «Herritar ugarik eman zuen izena, emakumeak denak, eta itxaron-zerrenda izugarri luze bat ere egin behar izan genuen», esan du Zubeldiak. «Azkenean, hogei jostuneko taldea osatu genuen». Behin taldea zehaztuta, urtarrilean hasi zuten ikastaroa. Saio batzuk konponketara bideratutakoak izan dira, oinarrizko mailakoak, eta beste batzuk, konplexuagoak, patroiei lotutakoak.
Borondatezko lana
Ikastaroko lehen hilabetea igarota heldu zitzaien «ikasturteko lan garrantzitsuena» egiteko aukera. Zubeldiak adierazi duenez, Donostia Ospitaleko jaioberrien saileko arduradunak Tolosako joskintza ikastaroko irakasleari zentroan zuten beharraren berri eman zion. «Esan zuen ospitalean ez zeuzkatela haurrentzako saskitxoak, eta, ondorioz, Valdecillako [Kantabria] ospitalekoak hartzen zituztela. Jaioberrien saileko arduradunak aipatu zuen Valdecillan saskitxoak bere borondatez egiten zituen talde bat zegoela, eta interesgarria izango zela Donostian ere antzeko zerbait izatea».
Joskintzako irakasleak ideia saioetara eraman zuen, eta ikasleei «zoragarria» zela iruditu zitzaien. «Donostia Ospitalea erreferentziazko zentroa da guretzat», esan du Zubeldiak. «Hara ikasle ugari joaten da praktikak egitera, eta, gurea osasun arloko ikastetxe bat izanik, behar horri erantzun behar geniola iruditu zitzaigun».

Nolanahi ere, Zubeldiak kontatu du Donostiatik jasotako irizpideak «zorrotzak» zirela. «Saskitxoek tela jakin batzuk behar zituzten, eta baldintza konkretu batzuk bete». Horregatik, aurrenik saskitxo bakarra egin zuten, eta ondoren, ospitalearen oniritzia jasota, ale gehiago egiteari ekin zioten. Astean bitan elkartzen ziren jostunak, eta maiatzerako berrogei saski zituzten eginak.
Saskitxoak berrerabilgarriak izatea da asmoa, haur batek baino gehiagok saski bera erabiltzeko. «Jasangarritasunaren kontzientzia ere landu nahi genuen», esan du Zubeldiak. «Horretarako, erabilitako oihalekin produktu berriak sor daitezkeela erakutsi nahi genuen, hondakinak murriztuz eta oihalen bizi zikloa luzatuz». Haren ustez, ikastetxearentzat «oso berri ona» izango litzateke ospitalean ale gehiago nahi dituztela jakitea.
Sarea josten jarraitzeko
Azkenerako, ikastaroko partaide guztiek ikasi dute saskitxoak josten, baina Inmakulada ikastetxeko kideak nabarmendu du beste helburu bat ere bete dutela: emakume jostunen sarea sortzea. «Espazio bat eskaini nahi genien, eroso aritzeko, elkar ezagutzeko eta harreman berriak sortzeko, eta elkarrekin lanean aritzeko aukerak izateko». Hain zuzen ere, jostunek lehengo astean aurkeztu zituzten saskitxoak jendaurrean, eta han izan ziren Donostia Ospitaleko jaioberrien saileko ordezkariak. «Elkar ezagutzeko aukera izan zuten denek, baita ideiak eta sentimenduak partekatzeko ere. Saio hunkigarria izan zen», aitortu du Zubeldiak.
«Joskintza indartzeko askotariko bideak eskaintzen ari gara Inmakuladatik, eta hau horietako bat besterik ez da izan»
ALAINE ZUBELDIA Tolosako Inmakulada ikastetxeko ekonomia zirkularraren saileko ordezkaria
Saskitxoen lan hori amaitu badute ere, Tolosako ikastetxeak jakinarazi du ikastaroak segitzeko eta «behar berriei erantzuteko» asmotan direla. «Joskintza indartzeko askotariko bideak eskaintzen ari gara, eta hau horietako bat besterik ez da izan. Ikastaroko jostunek esan digute irailetik aurrera jarraitu nahi luketela».