Hondartza denboraldia hasita, bainua hartzeko prest da Iñaki Aranberria 61 urteko getariarra, bere herriko Malkorbe hondartzan, Hondartzak Denontzat bainu egokituetarako egitasmoak prestatutako gunean. Aulki gurpildunean dago Aranberria, eta, besteak beste, arropa aldatzeko, bainua hartzeko eta dutxatzeko laguntza behar du. «Malkorbeko bainu egokituaren zerbitzuaren lehen erabiltzailea izan nintzen, eta harrezkero ahal dudan guztietan bainatzen naiz», esan du. Orain dela zortzi urte baino gehiago hasi ziren Getarian bainu egokituak eskaintzen, bai eta Hondarribian ere. «Aske» sentitzen dela aitortu du Aranberriak.
Hondartzak Denontzat programaren barruan ematen dute horretarako aukera, iazko udatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gurutze Gorriak eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak antolatuta. Desgaitasunen bat, mugikortasun urria edo menpekotasuna duen edonorentzako zerbitzua da.
Abiatu berri da lagundutako bainurako zerbitzua, eta irailaren 14ra arte egongo da erabilgarri. Sorosleek 10:30etik 20:00ak bitartean egiten dute lan egunero, baina bainurako zerbitzua 11:00etatik 19:00etara erabil daiteke. Eguneko zentroetako, egoitzetako eta bestelako taldeetako lagunek aldez aurretik hartu behar dute hitzordua, eta bi bide izango dira horretarako: Getariarako 617 45 21 53 eta Hondarribirako 600 90 85 23 telefono zenbakietara deituta. Hondartzako joan-etorrietarako garraio egokituko zerbitzua ere eskaintzen dute.
«Erabiltzaileentzat prestatutako dutxa bat dugu, eta aurten, eserita dutxatu ezin direnentzako ohatila bat jarri dugu»
IMAD EL HAUNAOUI Hondarribiko eta Getariako Hondartzak Denontzat programako arduraduna
Imad El Haunaoui Hondarribiko eta Getariako egitasmoaren koordinatzaileak esan duenez, zerbitzuaren helburua zera da, «nahi duen orori hondartzaz gozatzeko aukera» ematea. «Batzuek zailtasunak dituzte beren kasa bainatzeko edota eguna hondartzan pasatzeko; aulki gurpildunean hondarretan ezin dutelako ibili, dutxa hartzeko gune egokia behar dutelako…», adierazi du El Haunaouik. «Denok dugu hondartzaz gozatzeko eskubidea, eta horretarako baliabideak eskaintzen ditugu guk. Alegia, hondartzan egun eder bat pasatu nahi dutenei azpiegiturak eta baliabideak eskaintzen dizkiegu, eroso senti daitezen».
Baldintzak hobetzen
Lagundutako bainuaren erabiltzaileak gero eta gehiago direnez, haien beharrei modu egokian erantzun ahal izateko baliabideak eta azpiegiturak hobetzen saiatzen ari dira urtez urte. Malkorbe hondartzan, esaterako, horretarako propio prestatu dute itzalgune bat, eta erabiltzaileentzako mahaiak, aulkiak eta uretara joan-etorriak errazteko pasabideak jarri dituzte. Gunearen atzealdean, ibilgailuentzako aparkalekuak dituzte, baita egokitutako bi komun eta aldagelak ere. «Erabiltzaileentzat prestatutako dutxa bat dugu, eta aurten, eserita dutxatu ezin direnentzako ohatila bat jarri dugu», azaldu du El Haunaouik.
Iazko udan erabiltzaile ugariri lagundu zieten zerbitzuko langileek. Zehazki, 673 aldiz lagundu zituzten bainulariak: 512 aldiz Getarian, eta 161 aldiz Hondarribian. Aranberriak esan du iaz bainu asko hartu zituela, iruditzen baitzaio zerbitzuak «kalitatea» duela. Hortaz, lagundutako bainuaren beharra dutenak «probatzera» animatu ditu. «Baliabideak eta azpiegiturak primerakoak dira, eta hondartzako arduradunaren, sorosleen eta zerbitzuaren koordinatzailearen lana ere bai. Oso onak dira lanean, eta tratua oso gertukoa eta humanoa da».

Hori esan, eta uretan sartzeko txanda iritsi zaio Aranberriari. Eguzkitako krema eman ostean, hondarretan ibiltzeko egokitutako aulkian eseri dute bi soroslek. Hala abiatu da urteko lehenbiziko bainuetako batera. «Mesede handia egiten dit bainatzeak, itsasoko uretan aske sentitzen bainaiz».