Altxorrak erakusten, musikaren bidez

Altxorrak erakusten, musikaren bidez

Gipuzkoako kostaldeko mendebaldeko fenomeno geologiko bat da flyscha. Munduaren historia irakurtzeko ezinbesteko altxorra da. Alemanetik dator flysch terminoa, eta dagoeneko ezaguna da zientzialarien esparrutik kanpo ere. Herrialdean Deban, Zumaian, Getarian eta Orion daude flyschak, eta Nazioarteko Flysch Organo Jaialdia ospatzen dute, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak antolatuta. Hain zuzen, bihar hasiko da hamargarren aldia, Deban, eta lau kontzertu izango dira hilaren 26ra bitartean, herri bakoitzean bat.

Santiago Banda organo jotzaile zumaiarrari otu zitzaion Nazioarteko Flysch Organo jaialdia antolatzea. Helburua organoa berreskuratzea eta instrumentuari aitortza egitea da. «Organoak altxorrak dira, eta askotan ez gaude horren jakitun», esan zuen Bandak, iazko aldiaren aurkezpenean. «Elizetan egoten dira, baina ez dakigu zer altxor dagoen benetan».

«Organoak altxorrak dira, eta askotan ez gaude horren jakitun. Elizetan egoten dira, baina ez dakigu zer altxor dagoen benetan»

SANTIAGO BANDA Organo jotzailea

Izan ere, Bandaren ustetan, gizartea ez da ohartzen nolako balioa duten musika instrumentu horiek. «Mezetarako instrumenturik onena izan da organoa, baina, gaitasun handiko instrumentua denez, jaialdi honetan beste ikuspuntu bat ematen diogu». Hala, urte hauetan guztietan, jaialdiak organoa erdigunean duen errepertorio zabala eskaini du, entzuleak «harritzeko» modukoa, Bandak esan duenez. «Jaialdi honek aniztasuna ere bultzatu nahi du. Horregatik egin ditugu hainbat kontzertu desberdin. Badira organo kontzertu arruntak eskaintzen dituzten beste jaialdi batzuk. Gu saiatzen gara kontzertu erakargarriak antolatzen». Organo jotzaileak gaineratu du helburua bete dutela, urteotan errepertorio egokia aurkitzea zaila izan zaien arren.

Lau emanaldi

Iazko eliza beretan egingo dituzte kontzertuak: Debako Andra Marin, Zumaiako San Pedron, Getariako Salbatoren eta Orioko San Nikolasen. Quinmetalek eta Santiago Bandak berak emango dute biharko kontzertua, 20:00etan. Hilaren 13an, Marixi Sesma klarinete jotzaileak eta Mari Carmen Azpeitia organo jotzailea izango dira Zumaian (20:00). Uztailaren 20ko Getariako emanaldia Laura Moyano sopranoak, Jose Belmonte biolin jotzaileak eta Miguel del Barco organo jotzaileak emango dute (20:15), eta uztailaren 26an Buster Keaton zinemagile estatubatuarraren Sherlock jr. film isila emango dute (20:00), Oscar Rodriguez Pastoraren organo doinuak lagun. 

(ID_17513667498535) (/EZEZAGUNA)
Iazko Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiko emanaldi bat, Zumaian. MIRIAM ROMATET

Debako eta Orioko emanaldiak «ongintzazkoak» izango direla jakinarazi dute antolatzaileek. Lehenengoa Afagi Gipuzkoako Gaixo Alzheimerdunen Familiakoen Elkartearen aldekoa izango da, eta bigarrenak AECC Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartera bideratuko du dirua.

Lehen aldiz organoarekin

Jaialdian izango da Urola Kosta eskualdeko musikaririk; Marixi Sesma klarinete jotzaile zumaiarra, esaterako. Eskarmentu handiko musikaria da Sesma; askotariko formatuetako kontzertuak eman ditu, hala Urval Ensamble ganbera laukotearekin, nola Sapere Aude Sinfonietta orkestrarekin. Sesmak estreinakoz joko du aurten organo jotzaile bat lagun duela: Mari Carmen Azpeitia herrikidea. Sesmari Santiago Bandak berak deitu zion kontzertua emateko proposamena eginez. Musikariak uste du «emanaldi interesgarria» izango dela, klarinetearen eta organoaren «tinbreak nahasteko» aukera emango duelako. 

Sesmak dio badagoela klarineterako eta organorako errepertorioa. «Moldaketa ugari egin dira, baina ez da asko programatzen». Nolanahi ere, uste du organo jaialdia izanik organoak hartu beharko lukeela protagonismoa. Iragarri du «inork esperoko ez duen» programa bat prestatu dutela.

«Gure emanaldiak modua emango du musika komunikazio hurbilago bat sortzeko, baita musika tresna bakoitzaren zehaztasunak hobeto nabaritzeko ere»

MARIXI SESMA Klarinete jotzailea

Azpeitiaren eta bien artean egingo duten saioa «ganbera musika» gisa definitu du; «musikari talde txiki batekin egiten den generoa», alegia. Uste du bi lagun aritzeak baduela abantailarik. «Beste formatu batzuekin alderatuta, gure emanaldiak modua emango du musika komunikazio hurbilago bat sortzeko, baita musika tresna bakoitzaren zehaztasunak hobeto nabaritzeko ere».