Gurutze Ormaza Gipuzkoako gida turistikoak (Bermeo, Bizkaia, 1965) harro eusten dio lanbideari. Turismoa asko aldatu dela kontatu du, baina Donostian aspaldiko auzia dela. Badira 30 urte baino gehiago bertan bizi dela, eta gida turistiko ona izateko gakoaren berri eman du: erakutsi beharreko hiria maitatzea. Gaztea zela, erizaintza egiteko asmoa zuen oinarrizko ikasketak amaitu ondoan. Baina, unibertsitatean hasi aurretik gehiago ikastea erabaki, eta Harreman Publikoetako ikastaro bat egin zuen, Bilbon. Geroztik, mundu osoan zehar bidaiatu du Ormazak, jendeari ingurua erakusten. Orain, hamabost urte bete dira EAEko APIT turismo gidarien elkartearen parte denetik, eta Donostiako Turismo Bulegoaren bazkide ere bada. Ormazak garrantzitsutzat dauka turistei historia kontatzea.
Beti ez zara turismo arloan aritu lanean.
Harreman Publikoetako ikastaroan, Bilboko areto laguntzaileen enpresa bateko zuzendaria ezagutu nuen. Haren enpresan hasi nintzen lanean, eta asko gustatu zitzaidan. 1986an Ingalaterrara joan nintzen urte eta erdiz ingelesa ikastera, eta, itzultzean, erizaintzako ikasketak utzi nituen. Zorte handia izan nuen, berehala Bilboko bidaia agentzia batean hasi bainintzen lanean, 1987an; Euskal Herriko enpresei bidaiak antolatzen zizkieten Espainian zituzten bezero eta bazkideekin. Garai hartako turismoa bestelakoa zen, baina oraindik ere aritzen naiz enpresentzako turismoan, urtean bi edo hiru aldiz. Gainera, erizaintza utzi nuen arren, uste dut turismo gida moduan jendea zaintzen dudala.
Donostiara etorri zinen gero.
Bai, 1991n. Euskalkia aldatu behar izan nuen jendeak uler ziezadan, baina oso gustukoa dut hiria. Orduan jada kulturak pisu handia zuen, eta Zinemaldian aritu nintzen lanean. Gainera, 2011ko urriko Aieteko Bake Konferentziaren ondoren turismoak asko egin zuen gora. Ordurako, jende askok ezagutzen ninduen, eta zuzenean deitzen ninduten bisita turistikoak egiteko. Gainera, enpresek ez zuten lanik egiten asteburuetan; Gururi hots egin [berari], eta han-hemenka ibiltzen ginen, Errioxan nahiz Ipar Euskal Herrian. Egun, barnean daramat garai haietan ikasitakoa. Gainera, ni maitemindua nago Euskal Herriarekin.
Bezeroek nabarituko dute hori…
Batzuek harrituta esaten didate oraindik pasioa nabari zaidala. Kontua da pasiorik gabe galduta dagoela dena, eta pasioa landu egin behar dela. Nik jendeari ondo erakutsi nahi diot Euskal Herria, jakin dezaten egiazki zer den eta nondik gatozen. Gainera, badugu bereizten gaituen ezaugarri bat: hizkuntza, euskara. Ez dakit euskalduna izan beharra dagoen euskararen garrantziaz jabetzeko, baina nik behintzat barnean daramat. Euskaldunok zeharkatu egin gaitu gure historiak.
«Nik jendeari ondo erakutsi nahi diot Euskal Herria, jakin dezaten egiazki zer den eta nondik gatozen»
Lan egiteko eremuak bereizita al daude?
Bai. Nik Euskal Herri osoan lan egin ahalko nuke. Ezingo nintzateke Madrilera joan, han Madrilgo APIT elkartekoak egongo dira eta. Baina lan dezente dagoenez, ni Gipuzkoan eta asko jota Ipar Euskal Herrian aritzen naiz. Iruditzen zait gida turistiko izateko modurik onena erakutsi behar duzun hirian bizitzea dela.
Zer eskatzen dute turistek?
Batzuek oinarrizkoa eskatzen dute, eta beste askok bisita haien neurrira nahi izaten dute. Donostiako city tour-ak eta walking tour-ak [hiriaren bisitak eta oinezko bisitak] hiriaren historia azaltzeko izaten dira, zeharo beharrezkoak. Ezinbestekoa da azaltzea nondik gatozen, eta, horretarako, beharbada, XII. mendera itzuli beharko dugu, eta azaldu Donostia Nafarroaren itsas merkataritzako portu nagusia izan zela. Historia azaltzea da oinarrizkoa, baina turistek edozer eska dezakete: surf eskolak, sukaldaritzakoak, Michelin gidaren araberako birak… Pentsa ezazu edozer, eta ziur eskatu dutela. Baina eskatzen duten horren atzean dagoena erakusten saiatzen naiz.
Adibidez, zer?
Zergatik ditugu Michelin izarrak irabazi dituzten jatetxeak? Gure lurra maite dugulako. Nik ez dut zaporerik gabeko tomate bat nahi, eta tomate zaporedunak lortzeko Bretxako merkatuko baserritarrengana joko dut. Haiei galdetuko diet sasoian zer dagoen, eta horren arabera egingo diet erosketa. Hori dena azaltzen diet turistei. Baina lehendabizi Donostiaren historia azaltzen diet, baita Maria Kristina erreginaordea zergatik etorri zen ere.

Zergatik etorri zen?
Maria Kristinak oso maitea zuen Euskal Herria. Baina Maria Kristina Donostiara etorri zen haurdun zegoelako, haren senar Alfonso XII.a tuberkulosiak jota hil zenean, 1885ean. Itsasoa sendagarria zela esaten zuten, eta ohitura bilakatu zen hondartzan bainuak hartzea. Lehenago ere bazegoen ohitura hori Bermeon, Mundakan eta Miarritzen. Erreginaordeak esan zuen Donostian jauregi bat nahi zuela, uda bertan pasatzeko, eta horregatik eraiki zuten Miramar jauregia, 1893an. Maria Kristinak jende asko ekarri zuen hondartzan bainatzera, eta bertakoek komertzioa bultzatu zuten, kasinoak sortu zituzten… Hiriaren garapena itzela izan zen, eta, gaur egun antzeman daitekeen arkitektura erromantikoa ulertzeko, jakin behar da Donostian XIX. mendean zer-nolako turismoa egiten zen.
Donostia asko aldatu da geroztik.
Nik uste, batik bat, pandemiak aldatu duela hirira etortzeko modua. Orain jendea txoratuta etortzen da, eta asko dira, gainera. Ez dira, ordea, soilik Donostiara etortzen. Mundu guztira zabaldu da turismoa, eta egun denok gara turistak, lehenago ez bezala. Horregatik, garrantzitsua da bisitak ondo antolatzea, leku masifikatuetara ez joateko. Donostiako historia kontatzeko ez da beharrezkoa Parte Zaharrera joatea; bertan has daiteke ibilbidea, eta gero hiriko beste hainbat leku esplora daitezke. Hori bai, jende guztiak ezagutu nahi izaten du Kontxa hondartza. Normala iruditzen zait; izan ere, hiriaren erdian halako hondartza bat duten zenbat hiri egongo dira munduan?
Hondartzak sendagarri ziren lehen, eta masifikatuta daude orain…
Bai. Baina bertakook, zuk eta nik, hondartzara joan baino lehen marea nola dagoen begiratuko dugu, eta, goian badago, ez gara hondartzara joango; ez behintzat Kontxara. Izatekotan, Zurriolara, orduaren arabera. Bertakook ez dugu hondartzara joateko horrenbesteko beharrik; bai, ordea, inguruan itsasorik ez duenak. Kasu horretan, turistak nafarrak edo goierritarrak izan daitezke. Bero handia eginez gero, ni parke batera edo San Telmo museora joango nintzateke.
Askotariko turistak egongo dira…
Bai, eta gida turistikoak moldatzen jakin behar izaten du. Adibidez, kanpotar askok izaten dute euskal gatazkari buruzko jakin-mina. Nik historiaren kontakizunetik abiatuz hitz egiten dut beti, sakondu gabe. Eztabaidak euskaldunon artean gera daitezela.
«Donostiako Turismo Bulegoa bide onean da; halere, jende gehiegi dago, eta hori ezin dugu turismo gidariok kontrolatu»
Gida turistikoentzat ezinbestekoa izango da etengabe trebatzea, ezta?
Nik, Sokratesen antzera, zera esan ohi dut beti: ezer ez dakit, ezer ez dakidala baizik. Egunero ikasi behar izaten dugu zerbait, baina polita iruditzen zait ikasi behar izatea. Norberaren historia jakin egin behar da. Gainera, APIT elkarteak borondatezko formakuntzak eskaintzen dizkigu neguan; zehazki, azarotik martxora bitarte. Lan gutxiago izaten dugu orduan, eta oporrak hartzeko edo gehiago ikasteko erabil dezakegu denbora. Historialarien hitzaldiak entzuteko aukera eskaintzen digu elkarteak, egun-pasa batean. Ezinbestekoa da elkarri dakigunaren berri ematea, baita gida turistikoen artean ere.
Iaz Donostiako Turismo Bulegoak neurriak hartu zituen turista taldeak murrizteko.
Turista taldeak 25 lagunekoak izan daitezke gehienez, eta autobusek ezin dute bidea oztopatu, Donostiako geltokira joan behar dute denek. Mikrofonoak erabiltzea ere debekatuta dago. Esango nuke Turismo Bulegoa bide onean dela; halere, jende gehiegi dago, eta hori ezin dugu turismo gidariok kontrolatu. Bestalde, ez dut uste tasa turistikoa jarriko balute egoera aldatuko litzatekeenik. Baina turismoaren auziari dagokionez, ez da erraza ardurak banatzea. Zu joan zaitezke arauak hausten dituen turismo gida batengana eta ohartarazi ez dela egoki jokatzen ari, eta Udaltzaingoari deitu. Baina litekeena da zuk arazorik nahi ez izatea, eta, arauak hausten dituela ikusita ere, egoera dagoen bezala uztea.
Arauak hausten dituzten gida asko al daude?
Gida turistikook akreditazioa behar izaten dugu, baina, adibidez, gerta liteke Donostia ondo ezagutzen duen paristar bat agertzea eta bisita bat egitea. Ez dakit zer kontatuko duen bertako historiaz, baina hori ez da gure kontua.
Donostian turistifikazioari buruzko kexak entzun dira azken urteotan.
Sare sozialek okertu egin dute egoera. Denok dugu sare sozialetan idazteko joera, eta Donostiara etortzen den bakoitzak oporretako argazkiak igotzen baditu, nola ez da gero beste bat Donostiara etorriko? Donostia altxor bat da, baina zaintzeaz oroitu behar dugu. Orain hamar bat urte amerikar batek zera esan zidan: «Mundu guztian zehar ibili naiz, eta nola ez dut Donostiaren berri izan orain arte?». Eta nik erantzun nion gu bertan izan garela, alegia, Donostia egon bazegoela lehenagotik. Kontua da sare sozialek gaiztotu egin dutela turismoaren egoera.
MOTZEAN
Gustuko duzun leku bat?Urdaibai.
Ezagutzeko duzun leku bat?Mont Saint-Michel, Normandian. Gidatu beharreko turista taldeetarako kide kopuru onena? Lau laguneko familiak.