Soinu liburutegia osatzen ari dira Alegian

Soinu liburutegia osatzen ari dira Alegian

Alegian ipuinak aditu egin daitezke orain. Izan ere, herri eskolako Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarrenera bitarteko 70 ikaslek hainbat ipuini ahotsa jarriz amaitu dute ikasturtea. Udal liburutegiak egin zien proposamena, eta hala sortu dituzte zenbait audioliburu. Alegia.eus webgunean eta Youtube plataforman izango dira entzungai. Liburutegian ipuin bat maileguan hartzen dutenek QR kode bat topatuko dute liburuaren azalean, kontakizuna irakurri bitartean ikasleen ahotsean aditu ahal izateko.

Nora Urbizu liburuzaina «oso pozik» dago proposamenak izan duen erantzunarekin. Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailakoei egin zieten parte hartzeko proposamena, eta, azkenean, hirugarren eta laugarren mailakoak ere animatu dira. «Alegia bezalako herri batentzat kopuru nabarmena da, eta iruditzen zait garrantzitsua dela gaztetxoei ardura hori ematea erakuts dezaten zer dakiten egiten», esan du Urbizuk.

«Ikasleek ez dute liburuak irakurtzeko joera handirik izaten, baina ipuinei ahotsa jarri behar izan diete oraingoan, eta irakurri eta irakurri jardun dute»

MERTXE ALLUE Alegiako herri eskolako irakaslea

Seigarren mailako tutore Mertxe Alluek aipatu du ikastetxean «oso ideia ona» iruditu zitzaiela audioliburuak sortzea, ikasgelan «ahozkotasuna lantzeko aitzakia» eman die eta. Beste hainbat arlotan trebatzeko aukera ere eman diela esan du irakasleak, hala nola hizkuntzan eta prosodian. Gainera, ikasleen irakurzaletasuna sustatzeko modua ere eman die proiektuak. «Ikasleek ez dute liburuak irakurtzeko joera handirik izaten, baina ipuinei ahotsa jarri behar izan diete oraingoan, eta irakurri eta irakurri jardun dute», esan du. «Jakin dutenean grabatutakoa denek entzuteko moduan egongo dela, ondo egin nahi izan dute. Oso motibagarria izan da haientzat, eta asko saiatu dira».

Askotariko ipuinak

Ikastetxean proiektua hastea erabaki zutenean, Urbizu ipuin sorta batekin joan zen irakasleengana. Liburuzainak ipuin berriak aukeratu zituen, gai jakin batzuk lantzen dituztenak, bai eta ikasleei gustagarri izango zitzaizkienak ere. Hala, sorta horretatik ale batzuk aukeratu zituzten eskolan. «Haur literaturan asko dira euskarara itzulitako kontakizunak, baina bertako autoreei keinu egin nahi genien, eta euskaraz sortutakoak ere eskaini genizkien ikasleei», dio liburuzainak. Iruditzen zaio ekinbideak «hizkuntza lantzeko potentzialtasun handia» duela.

Hain justu, Alegiako liburutegian Labayru fundazioaren Munduenea bilduma erabili dute inspirazio iturri gisa. Fundazio horrek jatorrizko hizkuntzan eta euskaraz entzuteko eta irakurtzeko moduan zabaltzen ditu ipuinak. Are, Alegiako liburutegikoek ez dute baztertzen aurrerantzean beste hizkuntza batzuei ere lekua egitea. Alluek baditu arabiera eta ukrainera dakiten ikasleak, eta uste du interesgarria dela ipuinak hizkuntza horietan ere grabatzea.

Ipuinen gaiei dagokienez, irakasleak ez zituen liburuak ausaz hautatu, ikasle guztiengana hurbiltzen saiatu baitzen. «Saiatu naiz nire ikasleen errealitatera egokitutakoak aukeratzen Norak proposatutako liburuen artean. Badut Ukrainako ikasle bat, eta, hari keinu bat egite aldera, Klera lana aukeratu nuen, adibidez: gerra lantzen du». Heriotzaz mintzo den ipuin bat ere hautatu zuen. «Ikasgelan badugu ama galdu duen haur bat, eta, gai hori lantzeko, ikaskide batek Zure bihotzean liburuari jarri dio ahotsa». Protagonistatzat haur autista bat duen Zure laguna naiz ipuina ere grabatu dute. «Berezitasun hori duen gure ikasle batek landu du, eta oso ondo, gainera», azaldu du irakasleak.

(ID_17513563567045) (/EZEZAGUNA)
Alegiako herri eskolako haurrek ahotsez grabatu dituzten ipuinetako batzuen azalak. JON MIRANDA

Behin liburu aukeraketa eginda, nork bere etxean prestatu zuen ahozko kontaketa, eta ikasgelan entseguren bat egin ondotik ekin zieten grabazioei. Ikasle batzuek taldeka prestatu dituzte ipuinak, eta pertsonaia bakoitzari ahots bat jarri.

Allueren taldean bakarka aritu dira ikasleak. «Intonazioarekin tematu naiz», esan du. «Ikasleei behin eta berriro errepikatu diet jendaurrean aritzerakoan entzuleak ez duela lo hartu behar; parean duzunak kontatzen ari zaren hori bizi egin behar duela, alegia». 

Urbizu liburuzainak dio ikasle batzuek testuak «dramatizatzeko» joera hartu dutela grabazioetan. «Herrian antzerki talde eder bat dugu, eta, aurrera begira, taldeko kideei amua bota diezaiekegu proiektuan parte har dezaten. Liburutegiaz eta eskolaz gaindiko dimentsioa hartuko duen soinu liburutegi bat sor dezakegu, zergatik ez». Uste du liburutegiek modua ematen dutela herrian «sozializatzeko» eta «kohesioa sortzeko».

Literatura irisgarria

Urbizuk dioenez, proiektuak «onurak» izan ditu ikastetxean, eta esan du hartzaileek ere aterako diotela etekina. «Audioliburuak aproposak izan daitezke fisikoki mugaren bat edo adimen berezitasunen bat dutenentzat, baita irakurtzea kostatzen zaienentzat ere. Liburutegietan pausoak ematen ari gara irisgarritasunaren mesedetan».

«Ahots liburutegia jende askorengana irits daiteke, eta uste dut hor dagoela proiektuaren indargunea»

NORA URBIZU Alegiako liburutegiko liburuzaina

Ekinbidea Alegian hasi bada ere, datorren ikasturtetik aurrera «dimentsio handiagoa» har dezala nahi dute sustatzaileek. Hortaz, Urbizuk dio proiektua zabaltzeko ahalegina egingo dutela irailetik aurrera. «Ahots liburutegia jende askorengana irits daiteke, eta uste dut hor dagoela proiektuaren indargunea».