Magrebtarren aurkako zortzi eraso Hernanin

Magrebtarren aurkako zortzi eraso Hernanin

Hernaniko Udalak magrebtarren aurkako zortzi eraso salatu ditu San Joan jaiei buruzko balorazioan. Jai Batzordeak egin ohi du festen balorazioa, baina «ezohiko gertaerak» direla medio, aurten udalak hartu du horren ardura. Hala, joan den asteko ostegunean prentsaurrekoa egin zuten Xabier Lertxundi alkateak eta Aitor Huizi Kultura zinegotziak, eta, magrebtarren aurkako zortzi erasoez gain, eraso sexista bat ere jazo zela zehaztu dute. Gainera, Kattalin Artola (Bilgune Feminista) eta Nahikari Mateo (Mugimendu Sozialista) txosna batzordeko kideek esan dute, erregistratutako salaketak ez ezik, eraso arrazista gehiagoren berri izan dutela. Artolak eta Mateok kontatu dutenez, erasoek ezaugarri bereizgarriak dituzte: gazte magrebtarren aurkakoak dira, ez dira liskarren ondorio eta gizon talde antolatuek egin dituzte.

[articles:2144408]

Herritarrek eta eragileek Hernanin festak hasi baino lehen igarri zituzten magrebtarren aurkako lehenengo eraso arrazista antolatuak. Hortaz, ekainaren 20an, Amher herriko elkarte multikulturalak eta zenbait eragilek elkarretaratzea egin zuten arrazakeriaren aurka saretzearen alde. Sanjoanak hastear zeudela, ekainaren 21ean, txosna batzordeak, Amher elkarteak, Mugimendu Feministak, tabernariek eta udalak eraso sexisten aurkako protokoloa aurkeztu zuten, eta presente egon zen aldarri antirrazista. Halere, ekainaren 21ean bertan jazo zen lehen eraso arrazista; handik bi egunera sei eraso erregistratu ziren, eta hurrengo egunean, bat. «Badakigu zortzi eraso horiez gain beste bi izan direla», esan du Artolak. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak esku hartu zuten ekainaren 23ko liskarretan, eta batzordekideek kontatu dute poliziak egoteak polizia indarkeria ekarri zuela: «Ezinezkoa zen gertatutako erasoen eta Poliziaren indarkeriaren ondoren parranda jarraitzea». Hala, txosnak itxi zituzten.

Ez da salbuespena

Txosna batzordeko kideen ustez, munduaren norabide berean doa Hernani. «Ultraeskuinak hartu duen joera mundu mailakoa da, eta sare sozialek eragin nabarmena dute diskurtso arrazista hedatzeko», adierazi du Mateok, eta erantsi arrazakeriak batik bat gazteengan lortu duela aterpea. Hala, Artolak kezka adierazi du izatez ultraeskuindarra ez den jendearengan zabaldu delako ultraeskuinaren diskurtsoa: «Gaur egun, edozeinek zabal ditzake ideia arrazistak». Gainera, biek salatu dute «maskulinitate eredu atzerakoi bat» zabaltzen ari dela, mundu mailan «militarizazioa» hauspotu dela eta migrazio politikak «gogortzen» ari direla.

«Sare sozialetan gertakariei buruzko gezurrak zabaldu ziren, eta komunikabide batzuek gezur horiek argitaratu zituzten»NAHIKARI MATEO Hernaniko txosna batzordeko kidea

Artolak eta Mateok nabarmendu dute komunikabideek funtsezko eginkizuna dutela egia zabaltzeko orduan. «Sare sozialetan gertakariei buruzko gezurrak zabaldu ziren, eta komunikabide batzuek gezur horiek argitaratu zituzten», esan du Mateok. Artolak argitu du txosna batzordeak tentuz jokatu nahi izan duela egia eta gezurra bereizteko, baina jendearentzat zaila izan dela informazio fidagarria eskuratzea: «Gezur arrazistak zabaltzen ari dira gazte magrebtarren aurkako jipoiak justifikatzeko».

Hernaniko sanjoanetako gertakariak gorabehera, zenbaitek emakumeen segurtasunari buruz hitz egin dute, eta herrian bortxaketa bat egon zela zabaldu zen, baina adierazpena gezurtatua dago jada. Labankadak egon zirela ere ezeztatu dute, eta ez da inor zainketa intentsiboetako unitatean egon, hala esan zen arren. «Zabaldu diren adierazpenen atzean bestearenganako gorrotoa dago. Izan ere, segurtasun falta ez da errealitatearen isla, gezurren gainean eraikitako beldurra baizik», esan du Artolak. Eraso egindako gazte magrebtar batzuk ospitalera eraman behar izan zituzten, baina txosna batzordeko kideek diote jendeak gutxi galdetu duela haiei buruz.

«Segurtasun falta ez da errealitatearen isla, gezurren gainean eraikitako beldurra baizik»

KATTALIN ARTOLA Hernaniko txosna batzordeko kidea

Hernaniko Udalak hitzeman du elkarbizitza lantzeko adituen kanpo laguntza kontratatuko duela eta askotariko diziplinetako mahai bat osatuko duela. Lertxundi alkatearen esanetan, «herriko kohesioa indartzea eta komunitatea sendotzea» izango da helburua. Mateo Mugimendu Sozialistako kideak azpimarratu du datozen hilabeteetan eragile guztien ardura izango dela arrazakeriaren auzia lantzea.

Txosna batzordeak eraso arrazisten aurkako protokoloa berriro definitzeko konpromisoa hartu du, eta baieztatu du protokoloa berdin-berdin aktibatuko dela erasoa herriko toki batean edo bestean gertatu. Dena den, Artola Bilgune Feministako kideak aitortu du festak kolokan egon daitezkeela: «Zergatik antolatuko ditugu festak ez badira denentzat izango? Oso larria da Hernanin gertatu dena, eta uste dut jendea ez dela guztiz jabetu gaiak zer dimentsio duen».