Sustraitu, herri kirolak eraldatzeko

Sustraitu, herri kirolak eraldatzeko

Asteazkenean izango da Kirol Herri txapelketako finala, Zumaian. Ekainaren 15ean hasi zuten sariketa, Deban, eta bigarren kanporaketa Aian jokatu zuten, handik sei egunera. Asteazkeneko saioan, bi talde arituko dira; batetik, Beñat Telleria (Lasarte-Oria), Maddi Gesalaga (Zarautz) eta Mikel Larrañaga (Azpeitia), eta bestetik, Julen Alberdi Txikia IV.a (Azkoitia), Paulo Azpiazu (Zarautz) eta Estefania Etxebeste (Ituren, Nafarroa). Zarauzko Sustraia Kirol Ekitaldiak elkarte sortu berriak antolatu du lehiaketa, eta hango kideek esplikatu dute harri jasotzea eta aizkora uztartzen dituela probak, «ikuspegi berritzaile batetik abiatuta» eta «liga formatuan». Kirol Herrik «parekidetasuna, ikusgarritasuna eta goi mailako kirola» sustatu nahi ditu.

Sustraia Kirol Ekitaldiak elkartea bi zarauztarrek osatzen dute: Julen Aizpitartek (Zarautz, 1991) eta Xabat Olaizolak (Zarautz, 1997). Orain urtebete inguru sortu zuten taldea, eta haren «forma» erabat zehaztuta ez badute ere, garbi dute helburua: «euskal identitatea oinarri hartuta, herri kirolek orain arte izan duten formatuari buelta bat eman eta ikusleria gazteagoa jomugan izatea». Iaz egin zuten lehen ekintza, Zarautzen Esparraguerako casteller-ak (Herrialde Katalanak) izan zirenean. Egun hartan hainbat herri kirolari aritu ziren, kataluniarrekin batera.

Sustraiako bi kideek aspalditik ezagutzen dute elkar, urte asko eman baitituzte Zarauzko eskubaloi taldean jokatzen. Kirolarekin lotuta daude gaur egun ere: Aizpitarte Zarauzko Kirol Elkarteko koordinatzaile nagusia da, eta Olaizola, elkarteko eskubaloi saileko presidentea. Gauza ugari bizi izan dituzte elkarrekin, kirolari lotutakoak gehienak. «Aspaldi hasi ginen komentatzen herri kirolei zerbait falta zitzaiela gaurko garaietara egokitzeko, eta hortik sortu zen Sustraia eratzeko ideia», esan du Aizpitartek. «Ez dakigu etorkizunean zer forma hartuko duen; oraingoz, sustatzaile moduan ari gara».

(ID_17520400961505) (/EZEZAGUNA)
Julen Aizpitarte Zarauzko Sustraia Kirol Ekitaldiak elkarteko kidea, astelehenean, Zarautzen. MIREIA GALARZA

Urtebete igaro da elkartea sortu zutenetik, eta urteurrenarekin bat eginez sortu dute Kirol Herri lehiaketa. Aizpitartek uste du «garai aproposean» antolatu dutela. «Luis Mari Bengoak erretiroa hartu du, eta horregatik iruditu zitzaigun horrelako proiektu bat aurkezteko garai ona zela, hutsune bat zegoen eta». Elkarteko kideak dio «zenbait kontakturi esker» lortu dutela ETB1 proiektuan murgiltzea, eta iruditzen zaio saioak telebistan emateak «indartu» egingo duela ekinbidea. «Gure asmoa zen zerbait xumeagoa egitea, baina bide ona hartu du proiektuak, eta prest gaude horrela jarraitzeko. Dena den, ikusiko dugu zer gertatzen den».

Txapelketak «harrera ona» izan du, eta antolatzaileak «pozik» daude. «Oso interesgarria izan da gizonak eta emakumeak aizkoran eta harri jasotzen elkarrekin eta elkarren aurka lehiatzen ikustea. Jardunaldien luzera ere ontzat jo dugu; izan ere, saioak ohi baino motzagoak izan dira, esprint estilokoak», adierazi du Aizpitartek. «Jende berriarengana iritsi nahi badugu, gauzak beste modu batean egin behar ditugu, betiere kirolariak gustura izanik».

Hobetzeko tartea

Lehiaketari dagokionez, Sustraiako kideek uste dute badutela zer hobetua. «Estetika fintzea» izango da egin beharreko hurrengo urratsa. «Finalean, adibidez, arropa postu bat edo beste jarri nahi dugu, baita janari furgonetak ere», esan du Aizpitartek. Horrez gain, erakustaldietan «gamifikazioa» ere txertatu nahi dute, ikusleak ere ekitaldiaren parte senti daitezen. «Halako kontzeptuak ohikoak dira beste diziplina batzuetan, baina herri kiroletan, aldiz, ez».

Sustraiako kideak uste du herri kirolarien soslaia asko aldatu dela azken urteotan. «Garai bateko gorpuzkera ez duten gazte asko batu dira, eta hori onartu da. Orain, aldaketa ikusten duten horiengan eragin behar dugu, erakartzeko, betikoekin ahaztu gabe, noski; izan ere, horiek dira mundu honi bizirik eusten diote diotenak». 

«Jende berriarengana iritsi nahi badugu, gauzak beste modu batean egin behar ditugu, betiere kirolariak gustura izanik»

JULEN AIZPITARTE Zarauzko Sustraia Kirol Ekitaldiak elkarteko kidea

Aurrera begirako ideiak ere badituzte. Urte amaieran, esaterako, neguko liga egiteko asmoa dute, zazpi edo zortzi jardunaldikoa, pare bat urtez edo. «Horrela, leku onean utziko genuke Sustraia proiektua. Badakigu jendea aldaketa gosez dagoela, eta guk lanean jarraituko dugu hori lortzeko. Badakigu zenbaterainoko lana dagoen kirol ekitaldien atzean, baina bi antolatzaile gara, eta, elkarri lagunduz, gauza interesgarriak egiteko prest gaude».