Arrakasta, garagardotik harago

Arrakasta, garagardotik harago

Villabonako Irrintzi elkarteak 28. aldiz antolatu du Garagardo Azoka. Zubimusu ikastolaren Txermingo egoitzaren azpialdean izango da, uztailaren 17tik 20ra bitartean. Azoka egunero egongo da irekita, 18:00etatik aurrera. Itxiera ordua egunaren araberakoa izango da; antolatzaileek azaldu dute ostiralean eta larunbatean baino lehentxeago itxiko dutela igandean. Irrintzi elkarteko Agustin Laskurainek esan du aurtengo azokak ez duela nobedade handirik izango; «betiko martxa» hartuko duela, alegia. Laskurain lehen urtetik ari da Villabonako azokako antolakuntzan.

Irrintziko kideak aurreratu du 26 garagardo mota dastatzeko aukera izango dela —iaz 23 izan ziren—. Aurtengo aukeretatik hamasei «garagardo arruntak» izango dira, eta beste hamarrak, «bereziak». Alemania, Belgika, Italia, Irlanda eta Eskoziakoak izango dira garagardo berezietako batzuk —Dubble, Lager, Ale eta Ipa, besteak beste—. AEBetako marka bat eta Japoniako bat ere izango dira, baita Bilboko La Salve etxearen hiru garagardo mota ere. Gainera, antolatzaileek jakinarazi dute glutenik gabeko garagardoa ere izango dela. Irrintziko elkarteak esan du azokara joaten diren lagunen garagardo gustukoena txigortua izaten dela. 

(ID_17521260611835) (/EZEZAGUNA)
Bi andre, iazko Villabonako Garagardo Azokan, bezeroei ukondoa eta saltxitxak zerbitzatzen. LEYRE CARRASCO

Laskurainek azaldu du garagardo motak aldatu egiten dituztela urtez urte. «Azokara etortzen den jendearen beharrak eta gogoa aldatzen diren moduan, geuk ere garagardoak aldatu egiten ditugu». Horregatik uste du garagardo etxeentzat «erakusleiho ederra» dela Villabonako azoka. «Etortzen diren bezeroek garagardo desberdinak dastatu nahi izaten dituzte, eta, beraz, ezinbestekoa da urtero eskaintza zertxobait aldatzea».

Nolanahi ere, garagardo aniztasuna bermatzea «ez da erraza izaten» Irrintzi elkarteko kideentzat. «Garai batean, etxe batek garagardo oso ona egiten bazuen, asko saldu ohi zen, baina handik urte batzuetara gerta zitekeen ez existitzea», esan du Laskurainek. «Gehienek garagardo berriak egiten dituzte urte batetik bestera, eta guri oso interesgarria iruditzen zaigu horiek ekartzea, eskaintza aberasteko. Garagardo etxeei, gainera, komeni zaie ahalik eta gehien zabaltzea, jendeak ezagutu ahal izateko».

Ukondoaren arrakasta

Jatekoari dagokionez, hiru motatako saltxitxak —tartean, Euskal Saltxitxa— eta ukondoa izango dira plater nagusiak. Dena den, ez dira bestelakoak faltako; hala nola kroketak, gulak, errusiar entsalada, muskuiluak tomatearekin, langostinoak baratxuri erara, gazta eta tiramisua. Laskurainek esan du bi berritasun izango direla: gildak eta atun pintxoak.

Ukondoa da azokako «jaki izarra», Irrintziko kidearen ustez. «Berez, ez dauka sekreturik, baina jendeak esaten digu sekula ez duela jan hemengoa bezalako ukondorik». Izan ere, Villabonako Garagardo Azokak badu sekretu bat: jakiak bertan prestatzen dituzte. «Jatekoak ez ditugu okindegi batera eramaten. Prozesu guztia gure sukaldean egiten dugu, hasieratik bukaerara». Laskurainek uste du horixe dela bezeroak estimatzen duena. «1.300-1.500 bat ukondo saltzen ditugu urtero. Saltxitxak, berriz, 5.000 inguru». Erabiltzen duten sukaldea «ikusgarria» dela esan du antolatzaileak. «Sukaldari profesionalak gurera etorri izan direnean, harrituta geratu izan dira».

«Antolakuntzan gabiltzanok erretiratuak gara, baina gazte asko ari dira sartzen azokako taldean, eta hori oso seinale ona da»

AGUSTIN LASKURAIN Villabonako Irrintzi elkarteko kidea

Irrintzi elkarteak jakinarazi du Villabonakoa dela Gipuzkoan eta Euskal Herrian martxan den garagardo azoka «zaharrena». Donostiako Intxaurrondo auzoan abiatu zuten aurrenekoa, eta Villabonakoek huraxe izan zuten eredu, baita aurrea hartu ere, dagoeneko Intxaurrondon ez baitute egiten. «Azoka antolatzen jarraitu izan balute, 31. aldia-edo izango lukete».

Laskuraini iruditzen zaio «belaunaldi arteko erreleboa» dela azokak horrenbeste urtez bizirik irauteko arrazoietako bat. «Antolakuntzan gabiltzanok erretiratuak gara, baina gazte asko ari dira sartzen azokako taldean, eta hori oso seinale ona da». Gainera, feria herriko Santio jaien atarian antolatzen dute. «Herritarrak irrikaz egoten dira eguna iristeko. Sekulako arrakasta du, giro aparta sortzen delako. Inon ez dago gurea bezalakorik». Azokaren azpiegitura ere antolatzaileek prestatzen dute. «Beste edozein elkartetan bezala, askotariko ofizioetako jendea aritzen da gurean, eta denon artean prestatu ditugu hemengo sukalderako apalak eta tresneriak». Hasiak dira muntaketa lanetan.

Villabonako Garagardo Azokan ehun lagunetik gora aritzen dira lanean; hala nola antolatzaileak, bazkideen hurbilekoak eta herriko hainbat elkarte eta eragiletako ordezkariak. «Oso harreman ona daukagu herriko beste elkarteekin; beti laguntzeko prest egoten gara».