Kafe aleak itxaropen izpi

Kafe aleak itxaropen izpi

Tigrinyeraz kafea da buna. Esanahi bera duten hitzak izan arren, Etiopia iparraldean kafea hartzea baino gehiago da. Hain zuzen ere, Tigray eskualdeko gerra zibilean sexu abusuak jasan dituzten emakumeei babesa eskaintzen dien kafearen erritua da buna. Egoaizia elkarteak Tigrayko emakume horien testigantzak jasotzen eta gerraren nondik norakoak azaltzen dituen erakusketa bat antolatu du Donostiako Okendo kultur etxean. Ikusgai dago irailaren 13ra arte. Buna: isiltasun osteko ahotsak du izena.

Euskal Herritik 8.000 kilometrora, duela bost urte gerra piztu zen Tigray eskualdean; besteak beste, Tigrayko Herri Askapenerako Fronteak (FLPT) Etiopiako Gobernuarekin zuen koalizioaren parte izateari uko egin zionean. Harrezkeroztik, herria «hondamendi humanitario» batean murgildu da; gosetea nagusitu da, eta emakumeak eta neskak «gerra estrategia» gisa erabiltzen dituzte. 

(ID_15133338) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-06-05, Eibar. BUNA: Isiltasunaren atzean dauden ahotsak erakusketaren inaugurazioa, Tig...
Kafearen errituaren irudi bat ‘Buna: Isiltasun osteko ahotsak’ erakusketaren inaugurazioan, ekainaren 5ean, Eibarren. ANDONI CANELLADA / FOKU

2021ean, nazioarteko zenbait herrialdek elikagaiak eskualdera iristea eten zuten, eta desplazatuen kopuruak gora egin zuen; horien laurdenek baino gehiagok desnutrizio handia zuten. 2023ko abuztutik irailera bitartean, Tigrayko lagunen erdiak baino gehiago eskualdera itzuli ziren arren, oraindik 950.000 desplazatu baino gehiago daude; erdiak baino gehiago emakumeak dira. Egoaizia elkarteak salatu duenez, 120.000 emakume eta neska inguru bortxatu dituzte gerra hasi zenetik, eta «isildua» izan den gerra honetan gainontzeko herrialdeek «bizkarra eman diete» biktimei.

«Emakumeen gorputzak mezulari»

Base militar batean bahituta ezagutu zuten elkar Azmerak eta Meazak. Logela txiki bat partekatu behar izan zuten bizirauteko. Azmera iritsi eta hirugarren egunera, Meaza hamalau soldaduk bortxatu eta hil egin zuten; Azmerak lurperatu behar izan zuen gorpua. Gaurdaino, ez du inoiz jakin Meazak zenbat denbora zeraman bahituta, ezta zenbat zeraman ere sexu abusuak jasaten. Azmera aske utzi zuten, haren familiak 50.000 bir bildu ondoren.

Donostiako erakusketan Tigrayko emakumeen bizipenak dituzten hainbat objekturen irudiak ikus daitezke: iltzeak, bizar orriak, harriak, idatzitako paper zati bat… Hain zuzen, sexu abusuen biktima baten baginaren barruan aurkitu zituzten horiek guztiak. Idatzitako paperean, gainera, Tigrayko emakumeak bortxatzera dei egiten zuten militarrek. «Gizonek, gizonengana iristeko, emakumeen gorputzak mezulari gisa erabiltzen dituzte», esan du Maria Gago Egoaizia elkarteko kideak. 

Pobreziak eta generoen arteko botere desorekak «areagotu» egin dute eskualdeko emakumeen eta nesken aurkako genero indarkeria. Egoaiziak salatu duenez, egoera horren ondorio nagusiak sexu harremanak janariaren truke eskaintzea eta haurrak ezkontzea dira. «Tigrayko 120.000 emakume sexu abusuen biktima izan dira, baina zifrek ezkutatu egiten dituzte haiek jasaten dituzten ondorio fisiko zein psikologiko suntzitsaileak».

Buna deituriko kafearen erritua biktimek euren bizipenak eta istorioak partekatzeko «babeslekua» da. Lorez eta landarez apaindutako gela batean, kafea eskuz ehotzen du emakume batek zenezena eta mukecha tresnekin. Ondoren, hiru kafe erronda zerbitzatzen ditu: abol, tono eta baraka, hurrenez hurren. Bakoitzak aurrekoa baino kafe leunagoa du. «Goxotasun» giro horretan, sexu abusuen biktima izan diren emakumeek bizipenak partekatzen dituzte. «Azpimarratzekoa da Etiopia ere herrialde matxista bat izanik emakume batek prestatzen duela erritua». Emakumeak eskertuta daude Egoaiziak euren proiektua aukeratu dutelako. «Biktimek ez dute aukerarik gai hauen inguruan hitz egiteko, eta poztekoa da estigma soziala horrela gainditzea».

Egoaizia, 1999an sortua

Egoaizia 1999an sortu zuten, Eibarren, garapenerako gobernuz kanpoko erakunde gisa. Elankidetza programaren laguntzarekin eta Etiopiako bazkideekin batera, bost urte daramatza Tigrayko herritarrei laguntza emozionala eta materiala eskaintzen. «Behar-beharrezkoa da gerra horretan laguntza humanitarioa ematea, odoltsua eta krudela baita». Proiektuan parte hartu dute, besteak beste, Edgar Gutierres, Jimena Borrasas eta Iñaki Luis fotokazetariek. Gagoren esanetan, erakusketa baliagarria da ikusleak munduaren beste aldean gertatzen denaz «kontzienteago» izateko. Luisek, gainera, gerraren nondik norakoak azaltzen dituen dokumental bat egin du; irailaren 11n emango dute Okendo kultur etxean. 

Etiopiako landa gunean ere esku hartu du Egoaiziak. Zehazki, nekazaritza eta abeltzaintza teknikak sustatu ditu, tresnak, animaliak eta haziak eskainiz nekazariei. Guztira ia 25.000 lagun lagundu dituzte. Okendon den erakusketaren bidez, dei egin nahi diete nazioarteko erakunde eta herrialdeei Tigrayko gerra zibilaren biktima izan diren emakume eta nesken ongizatea bermatzeko.