Urtero legez, irailaren 8an ospatuko dute Hondarribiko aurtengo alardea. Iaz, Jaizkibel konpainia misto gisa atera zen lehen aldiz Gernikako Arbolatik; ordura arte, formalki, manifestazioa izaten zen. Hainbat herritarrek bizkarra eman zioten, baina babes oihuak eta txaloak izan zituzten. Aurten, udalak iazko aurrerapausoa «finkatu» eta herritarren arteko tentsioa «apaldu» nahi du. Estitxu Urtizberea alkateorde eta Abotsanitz udal taldeko kideak (Hondarribia, 1982) esan du udalak segituko duela herritarren arteko elkarrizketa sustatzen eta elkarguneak bilatzen.
Duela bi urte egin zion Hondarribiko alkate batek (Igor Enparanek) harrera lehen aldiz Jaizkibel konpainia mistoari, eta iaz konpainia gisa atera zen. Zer bilakaera izan du alardeak azken urteetan?
Egonkorra zirudien nolabaiteko bake egoera batean bizi ginen, baina horren atzean erantzunik gabeko eskari bat zegoen. Duela bi urte udal gobernura iritsi ginenean, aurrerapausoak ematen hasi behar genuela erabaki genuen. Herritar batzuentzat oso pauso txikiak izan dira, eta beste batzuentzat, handiak edo larriak. Horrek berriz mahai gainera atera du aurretik genuen tentsioa. Azken bi urteetako aurrerapausoak ez dira iraultza bat izan, baina konturatu gara alardearen oinarrietan eragina izan dutela eta herriak hausnartzen eta aldaketetara egokitzen jarraitu behar duela. Eboluzioa txikia izan den arren, aurrerapauso sakona izan da.
Zer espero duzue aurtengo alardeaz?
Iaz eman genituen pauso horiek finkatu eta herritarren arteko tentsioa apaldu nahi dugu. Tentsio horren norabidea aldatu dela ikusten dugu, eta eragileek ere hala pentsatzen dute. Orain arte nagusiagoa zen Jaizkibel konpainiaren aurkako bortizkeria, eta gaur egun udalak gehiago pairatzen du bortizkeria hori; nolabait gu hasi ginelako partida jokatzen. Jai zoriontsuagoak izan nahi ditugu, eta herritarrek iaz egindako aldaketa horiek beste modu batera ikustea. Ez da iraultza handia, baina bai herritarrak ahalduntzeko eta aurrerapausoak finkatzeko bidea.
«Orain arte nagusiagoa zen Jaizkibel konpainiaren aurkako bortizkeria, eta gaur egun udalak gehiago pairatzen du bortizkeria hori»
Gaur egun, zer jarrera dute Betiko Alardeak eta Jaizkibel konpainiak gatazka honen inguruan?
Ez da asko aldatu. Iazko azaroan egindako inkesta sozializatzeko saioetan, oso txikia izan zen emakumeak alardean aritzearen aurka daudenen parte hartzea. Ez daude aldaketaren alde; haiek eurena egiten dute, eta hori mantendu nahi dute, eta ez dute aurrerapausorik eman nahi. Orain erdibidean dauden eragileak agertu dira, eta, erdibideko proposamenak aurkeztuz, alarde baztertzailearen eta alarde parekidearen arteko aldea murrizten dute. Eragileen arteko komunikazioa handiagoa da. Saio horietan, gainera, ikusi genuen emakumeen alde daudenen artean iritzi desberdinak daudela; gatazka oso poliedrikoa da. Aldagai asko hartu behar dira kontuan, ez bakarrik emakumeak ateratzea edo ez: tradizioa, jendearengan alardeak duen pisu emozionala… Inkestaren arabera, %90entzat alardea oso garrantzitsua da, eta aldagai emozional hori kudeatu beharra dago.
Eta zein da zinegotzien jarrera gaur egun?
Hainbat iritzi daude. Esan daiteke zailtasunak hortik hasten direla, udalbatzarrekoak ez baikara gai iritzi edo oinarri bateratu bat eskaintzeko. Hori da aurtengo helburua, eta ea lortzen dugun.
Aurtengo lehen hilabeteetan udalak hiru saio parte hartzaile antolatu zituen herritarrekin. Zein izan ziren emaitzak?
Argi genuen saio horien emaitzak hausnarketa prozesu bat izango zirela, ez datu erabakigarriak. Saioen emaitzekin herritarrek alardeari buruz elkarrizketa bat bideratzeko dekalogo bat kaleratu nahi dugu. Hondarribiarrok alardea maite dugu, eta herritar askok pentsatzen dute herrian dugun ondare ez-materialik garrantzitsuena dela. Beraz, adostasun puntu horietatik abiatu behar dugu eskubideetara egokitzeko. Horretarako ari gara lantzen dekalogoa.
Hondarribiko Udalak azaroan egindako inkestaren arabera, lotsa eta tristura dira nagusi herritarren artean. Zergatik?
Lotsari dagokionez, uste dut komunikabideek zerikusia dutela. Urtero alardearen eguna iristen denean, komunikabideetan ikusten dugu geure burua, herri basatia izango bagina bezala irudikatuta. Hondarribian beste herri askotan dagoen egoera bera gorpuztu da. Esan izan didate beste herrietako zenbait alkatek: «Zure herrian gertatu zena ikusi genuenean, konturatu ginen hori ez dela bidea». Tristura sentitzen duzu hori entzutean, baina beste herri batzuei gatazka beste modu batzuetan konpontzeko balio die, eta hori poztekoa da. Tristurak, berriz, lotura handia du lotsarekin; azken finean, zure herriko jai nagusiak zure senideekin eta lagunekin primeran pasatzeko aukera zipriztindua dela ikusten baita. Mamua beti hor dago, eta horregatik ateratzen dira hain erraz sentimenduak.
«Urtero alardearen eguna iristen denean, komunikabideetan ikusten dugu geure burua, herri basatia izango bagina bezala irudikatuta»
Horrez gain, inkestari erantzun ziotenen %31k zioten interes politikoengatik sortu dela gatazka hau. Zer iritzi duzu?
Argudio irekia eta malgua dela iruditzen zait. Bizitza honetan dena da politikoa, eta egia da 1990eko hamarkadatik korronte politiko bati lotu ohi zaiola gatazkaren ardura. Azken urteetan diskurtso horiek berriz aktibatu dira, baina ez dute oinarririk. Patriarkatuaren eta eskubide batzuen inguruan hitz egiten ari gara; hori politikoa da, baina ez alderdi politiko batekin erlazionaturiko zerbait.
Inkestan parte hartu zuten herritarren erdiak baino gehiago alarde parekide bakarraren alde daude. Datu hori kontuan hartuta, zein da hurrengo pausoa?
Antzeko inkesta bat egin zuen 2014an Eusko Jaurlaritzak, eta 2018an Gipuzkoako Foru Aldundiak. Inkesta haien datuak kontuan hartuta, azken hamar urteetan nora jo zen ikusi nahi genuen. Egia da erdiek baino gehiagok alarde parekide bakarraren alde egin dutela, baina %35 oraindik alarde tradizionalaren alde daude; herena baino gehiago da hori. Ezin dugu esan gatazkarik ez dagoenik. Herrian oraindik iritzi polarizatuak daude, eta guk herritarren arteko elkarrizketa sustatu eta elkarguneak bilatu behar ditugu.