‘Ganbara bilduma’ erakusketa ireki dute Donostiako Garbera merkataritza zentroan

‘Ganbara bilduma’ erakusketa ireki dute Donostiako Garbera merkataritza zentroan

Ganbara bilduma erakusketa inauguratu dute Donostiako Garbera merkataritza gunean. Etxeko objektu zaharren bilduma etnografiko bat da, Altzako Historia Mintegiak Aranzadi zientzia elkartearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren laguntzaz ondu duena. Irailaren 27ra bitartean izango da ikusgai. Erakusketan XX. mendeko Donostiako Altza auzoko etxeetako bostehun tresna bildu dituzte erakusketarako, hala nola sukaldeko tresnak, etxetresna elektrikoak eta jostailuak. Sei ataletan banatu dituzte objektuok: Sukaldea eta bertako tresnak, Higienea eta osasuna, Jolasak eta jostailuak, Ikus-entzunezko gailuak, Etxeko garbiketa eta Etxeko instalazioak. Hala, objektu bakoitza dagokion sailean sailkatu dute. Altzako Historia Mintegiaren asmoa da auzo horretako «eguneroko bizitzaren ikuspegi zehatz bat» eskaintzea. Maite Errarte Aranzadiko etnografia saileko zuzendariak esan du erakusketaren asmoa dela bisitariei gogoeta eginaraztea gizarteak 1960ko hamarkadatik hona izan duen eboluzioaren gainean. «Nondik gatozen eta nora goazen pentsatzeko gune bat ireki nahi genuke. Azken finean, objektuek ere memoria dute, gauzen memoria». Aberastasun kulturala eta soziala Goizane Alvarez Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak dio Ganbara bilduma-k erakusten duela auzo baten memoria kolektiboa «lurralde oso baten ondare» bihur daitekeela. «Altzako Historia Mintegiaren lan boluntario eta komunitarioari esker, auzo hori eraiki zuten hainbeste familiaren eguneroko bizitzara hurbildu gaitezke gaur egun. Guk sendo sinisten dugu pertsonak erdigunean jartzen dituzten, memoria zaintzen duten eta herri nortasuna indartzen duten ekimenen balioan». Hortaz, iruditzen zaio funtsezkoa dela halako proiektuak babestea. «Horiek dira Gipuzkoako aberastasun kulturala eta soziala hobekien islatzen dutenak».