Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina, Lurdes Iriondorentzat

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina, Lurdes Iriondorentzat

Abenduan beteko dira hogei urte Lurdes Iriondo kantaria hil zela (Donostia, 1937-Urnieta, 2005), eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina emanda omenduko du. Hala, euskal kantagintzan eta haur literaturan egindako ekarpena aitortu nahi diote Iriondori, baita, «garaiko estereotipoak eta oztopoak gaindituz», andre sortzaileak «euskal kulturaren erdigunean» kokatzeko izan zuen adorea ere. Kantariari dagokion Urrezko Domina haren senitartekoek jasoko dute, abenduan egingo duten ekitaldi batean. Foru Aldundiak aurreratu du «hunkigarria» eta «berezia» izango dela.

Irune Berasaluze foru bozeramaileak esan du Iriondo «aitzindaria» izan zela, «euskaltzaletasuna, herrigintza, kritika soziala eta politikoa eta espiritualtasuna» uztartu baitzituen kantuetan. «Bidea urratu zuen ondoren etorri diren emakume musikari eta kulturgileentzat». Izan ere, garai hartako euskal kantagintzaren izar nagusia izan zen Iriondo, baita Ez Dok Amairu taldearen barruan ere. Dozenatik gora disko grabatu zituen, hala laburrak nola luzeak; bakarka gehienak, eta Xabier Lete senarrarekin besteren bat. «Mugarri izan zen euskararen transmisioa belaunaldi berrietara zabaltzeko ahaleginean», esan du foru bozeramaileak: «Pertsona konprometitua zen, Euskal Herriarekiko, euskararekiko, haurrekiko, gazteekiko eta bere gertuko komunitatearekiko».

Berasaluzek azaldu du Iriondo Urrezko Dominarekin saritzearen helburua dela hark «euskararen biziberritzean» egindako lan «mamitsu eta berritzailea» gaurkotzea eta «justizia» egitea. «Gipuzkoak omenaldia egin nahi dio Lurdes Iriondori, zor diogun guztiagatik, emakume sortzaile gisa urratutako bideagatik. Haren izena eta ondarea gure lurraldearen historian idatzita gera daitezen nahi dugu». 

Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen hilondoko bigarren Urrezko Domina izango da, 2008an Mikel Laboari eman baitzion, hil eta egun batzuetara.