ACN Asociacion Caza Nortek irailaren 28rako deitutako mobilizazioak harrabotsa eragin du Gipuzkoako ehiztarien artean. Foru Aldundiak ehiza ordutegiak aldatu ditu, eta erabaki horri desadostasuna adierazteko, elkarte hark manifestazioa egingo du, irailaren 28an: 12:00etan abiatuko dira Ondarretako errotondatik. Lurraldeko federazioak, ordea, protestaren kontra agertu da uste baitu administrazio publikoekin elkarrizketan aritzea dela gatazkak konpontzeko modurik egokiena. Gipuzkoakoa ez ezik, EAEko ehiza federazioa ere ACNren deialdiaren kontra agertu da.
Lurraldeko eskualde guztietako ehiza elkarteetako ordezkariekin bildu ostean hartu du erabaki hori Gipuzkoako federazioak, eta harekin bat etorri dira Bizkai eta Arabako ehiztariek. Izan ere, haien ustez, bertoko ehiztariak ez ditu ordezkatzen «egoitza soziala Oviedon (Espainia)» duen talde hark. Are gehiago, «inguruko ehiza jardueraren nondik norakoak ez ditu ezagutzen»: «Lau katu baino ez dira, eta denak ezagunak beti Gipuzkoako federazioari aurka egin diotelako», nabarmendu dute plazaratutako oharrean.
Bizkaian eta Araban aspaldi sartu ziren indarrean Gipuzkoan ezarri dituzten ehiza ordutegiak, baina «horien kontra ez du egin Caza Nortek», federazioek adierazi dutenez. 2025-2026 denboraldiko lurraldeko ehiza debekuen aginduan jasota dago aldaketa hori, eta bereziki birigarro, basauso eta oilagorrien harrapaketari eragingo die ordutegi aldaketak, ACNren arabera. Gipuzkoako ehiza denboraldia irailaren 4an hasi zen, eta datorren urteko martxoaren 26an bukatuko da.