«Gure etxean bakean bizitzea besterik ez dugu eskatzen»

«Gure etxean bakean bizitzea besterik ez dugu eskatzen»

«Gauzak egiteko era aditua. Zintzoa. Gertukoa. Berezia». Horixe dago idatzita Naiz Homes promotorearen webgunean. Abian ditu promozio batzuk, eta beste batzuk laster abiatzeko prest, Donostiako Gros auzoko hiru etxebizitza bloketan, esaterako —Bermingham kaleko 1. zenbakian, Zabaleta kaleko 55. zenbakian eta Segundo Izpizua kaleko 2. zenbakian—. Hango pisuak Vascongada agentziaren jabetzakoak ziren lehen, harik eta iazko udan Zurriola Blue Residencial enpresari saldu zizkion arte —Naiz Homes sustatzailearekin lotuta dago—. Enpresa horren asmoa da lehendik dauden pisuak egokitzea barne erreforma bat eginez, 85 luxuzko etxebizitza sortzeko. Hori dela eta, han aldi baterako errentan bizi ziren bizilagunek alde egin behar izan dute. 11 bizilagunek jarraitzen dute bertan, kontratu mugagabea dutenak, eta diote bost urte daramatzatela «ziurgabetasunez» bizitzen. Izan ere, salatu dute promotorea haiek «estutzen» ari dela urteetan eta urteetan bizi izan diren etxebizitzak utz ditzaten. 

Enpresak diru kopuru bat eskaini die bizilagunei etxea uztearen truke, baina Yagoba Albillos, Loli Goia eta Jose Mari Atorrasagasti bizilagunek uste dute kantitate hori ez dela onargarria. «Diru horrekin aparkaleku bat ere ezingo genuke erosi, eta are gutxiago Donostian». Naiz Homesek asteon esan du ez dituela bizilagunak beren etxeetatik bota nahi, kontratu mugagabea dutenek etxean gelditzeko eskubidea dutela, eta euren erabakia errespetatuko dutela. Horixe nahi dute Albillosek, Goiak eta Atorrasagastik, baina kexu dira enpresak ezarri dizkien baldintzez. «Esan digutenez, hemen geratzea erabakiz gero, oso gaizki pasatuko dugu lanak hasten dituztenean. Hori, ohartarazpen bat baino gehiago, mehatxu bat dela iruditzen zaigu», esan du Albillosek. 

Hiru bloke horietako pisu batean bizi da Albillosen 86 urteko ama, eta dio pisuak «sentimenduzko esanahia» duela harentzat. «Nire ama haurra zenetik bizi da etxe horretan, han egin du bere bizitza guztia; beti kontatzen du Zurriola hondartzari begira egiten zituela eskolako lanak». Goia eta Atorrasagasti senar-emazteak orain berrogei bat urte joan ziren eraikin horietako etxe batera bizitzera, eta, esplikatu dutenez, beti errentan bizi izan badira ere, beren etxetzat dute. Hortaz, «emozio asko» sortzen dizkie egun bizi duten egoerak. «Nolanahi ere, Naiz Homesentzat alde emozionalak ez du inolako garrantzirik», esan du Goiak. «Ez die inporta zenbat urte daramatzagun hemen bizitzen edo zenbat Gabonetako ospakizun egin ditugun bertan. Enpresaren helburua da errenta handietarako etxebizitzak egitea, eraikin hauetan bizi ziren eta oraindik bizi garen bizilagunen aukera ekonomikoetatik urrun».

Naiz Homesek asteon esan du donostiarrez osatutako enpresa bat direla, eta egiten dituzten lanak donostiarrentzat pentsatuak direla. Atorrasagastik, baina, zalantzan jartzen du hori, iruditzen baitzaio «oso donostiar gutxirentzat» pentsatutako proiektu bat dela.

Pisu hutsak

Bizilagunek irailaren 12an eman zuten haien egoeraren berri, Donostiako udaletxean egin zuten agerraldi batean. Han esplikatu zuten hiru blokeetan dauden 75 etxebizitzetatik 55 bat daudela hutsik. «Eskandalu bat da urteetan zehar etxebizitza gehienak hutsik mantendu izana, eta are gehiago gaur egungo testuinguruan. Etxebizitza eskuratzea da donostiarren kezka nagusia; gehienentzat ezinezkoa da, merkatua inoiz baino garestiago dagoelako». Horri lotuta, Goiak dio babesgabe sentitzen direla. «Etxebizitzaren gaiari dagokionez, askotan esaten da gazteak ez dituztela babesten, eta egia da hori, baina helduok ere babesik gabe gaude».

(ID_17582793506035) (/EZEZAGUNA)
Ricardo Burutaran Donostiako EH Bilduko zinegotzia eta Donostiako Gros auzoko bizilagun batzuk, irailaren 12an, Donostiako udaletxean. Eskuinetik hasita lehena, Yagoba Albillos. BERRIA

Albillosek uste du udal ordezkariei «herritarrak defendatzea» dagokiela, eta horren ardura har dezaten nahi du. «Etekinak edonola lortu nahi dituzten enpresek auzotarrak presionatu eta gogaitzeko duten asmo hori geldiarazi egin beharko lukete udal agintariek».

Nekane Arzallus Donostiako Hirigintza zinegotziak asteon esan du udalak «oso adi» erreparatuko diela Groseko hiru blokeetako lanei: «Herritarrak dira gure lehentasuna». Hain zuzen ere, eraikuntza lanek kezkatzen dute Atorrasagasti bizilaguna. «Aurrena esan ziguten garajeetan egingo zituztela lehendabiziko lanak, baina ez dituzte abiatu. Gero esan zuten teilatuko trastelekuetatik hasiko zirela… Gaur egun ez dugu inolako informaziorik. Batzuetan gauza bat esaten digute, eta gero, beste bat». Atorrasagastik kontatu du enpresak asmoa duela azken pisuaren gainean beste pisu bat altxatzeko, eta ondorioen beldur dela dio. «Gu lehenengo pisuan bizi gara, baina Yagobaren ama azkenekoan. Jakin nahiko nuke nola eragingo dioten teilatuko lanek…». 

Albillosek esan du ez direla egoera horretan dauden bakarrak, eta gainerako donostiarrengatik ere ari direla borrokan, etorkizunean halakorik bizi behar ez dezaten. «Jende arrunta gara, kalean aurki daitekeen horietakoa. Urteak daramatzagu hemen bizitzen, gure auzoan. Auzokideak aspalditik ezagutzen ditugu, agurtzen ditugu, gure komertzio txikietan erosten dugu… Gure etxean bakean bizitzea besterik ez dugu eskatzen». Gaineratu du egun bloke horien etxabeetan hainbat negozio daudela eta hango arduradunei ez dietela promotorearen asmoen berri eman. «Negozioetako askok ezingo dute orain arte bezala funtzionatu eraikuntza lanak egiten dituzten bitartean. Ehun bat langileri-edo eragingo die horrek».