“Faltan sumatzen dugu mendi buelta bat egitea”

Normalean Periferiatik izeneko sail honetan etxetik urrutira bizitzera joan den euskaldun bat agertzen da, kasu gehienetan gaztea. Gaurkoa kasu berezia da: familia oso bat da, bost seme-alabakoa, gainera. Andu Martinez de Rituerto Gorputz Hezkuntzako irakasle lazkaotarra eta Izaskun Zeberio sendagile tolosarra Maren, Eunate, Libe, Ander eta Xabier seme-alabekin joan ziren duela ia bi urte Tolosatik New Yorkera bizitzera. Lehendabizi, urtebeterako joan ziren, baina esperientzia gustatu, eta bigarren ikasturtea bukatzen ari dira bertan. Zeberiok bertan gelditzeko eskaintza jaso arren, uda honetan itzuliko dira etxera.

“Izaskunen aspaldiko ametsa zen familia osoa atzerrira joatea, baina seme-alabak txikiak zirela eta, nik traba ugari ikusten nituen”, azaldu du Martinez de Rituertok. Orain dela bost bat urte ametsa egia bihurtzen hasteko garaia zela ikusi zuten. Horretarako, Zeberio egonaldi interesgarri bat eskainiko zion ospitale baten bila hasi zen, eta senarrak doktoretza egiteko bidea hasi zuen, baimen ordaindu bat lortzeko aukerak handituko zituelakoan. Horiek horrela, orain dela hiru urte New Yorkeko Memorial Sloan-Ketterin Cancer Center ospitalean elkarrizketa bat egiteko aukera izan zuen Zeberiok. Urtebeteko egonaldia egiteko eskaintza egin zioten, eta ondoren, han zirela, beste urtebeterako luzatzeko aukera eman zioten.

Ez zen hain erraza izan, ordea. Denbora luzeko egonaldietarako bisa behar da, lantoki, ikastetxe edo unibertsitateak bideratuta. Hori lortu ondoren, etxea bilatu behar izan zuten eta ikaragarri garestia da alokairua New Yorken. Azken ordura arte ez zuten topatu. Lehen bi egunak argindarrik gabe pasatu zituzten, baina handik aurrera, “zailtasunak zailtasun”, dena hobera joan da.

Martinez de Rituerto lehendabiziko urtean Eusko Jaurlaritzak material didaktikoa sortzeko eskaintzen duen beka batekin aritu zen, ariketa fisikoa eta osasunaren inguruko webgune didaktiko bat egiten. “Aurten, berriz, nire kabuz, entrenatzaile pertsonal gisa ari naiz. Oso interesgarria suertatzen ari da”, esan du.

Eguneroko bizitza “erosotik” ateratzea kosta egiten dela eta hasiera “gogorra” izan zela onartzen dute: herrialde berri bat, hizkuntza ezezaguna, lagunik edo senitartekorik ez izatea… “Hutsetik hasita berriz ere gure bizitza eraikitzeko gai izan garela ikusteak poz handia ematen du”, diote. Manhattanen ondoan, Roosevelt Island izena duen irla txiki batean bizi dira, eta bere kokapena dela eta —Nazio Batuen Erakundetik gertu eta bi unibertsitate eta ospitale handietatik gertu— , mundu guztiko jendea bizi da han, eta lagun asko egin dituzte. Ideia bat egiteko, eskolan 56 herrialdetako ikasleak daude. Lagunez gain, hizkuntza berri bat txukun samar ikasteak mundu berri baterako ateak irekitzen dituela diote.

Hizkuntza izan daiteke herrialde berri baten oztopoa, baina ez da Martinez de Rituerto-Zeberio familiaren kasua izan, lehen hiru edo lau hilabeteak aita eta seme-alabentzat “gogorrak” izan arren. Zeberiorentzat ere ez zen erraza izan, “ingelesez jakin arren, lan esparruan erabat ingelesez” aritu behar duelako.

“Gure eguneroko bizimodua ez da horrenbeste aldatu: eskola, lana, kirolak, musika… Faltan sumatzen dugu asteburuetan mendi buelta bat egitea, hori bai”. Hiri handia izan arren, metroan edozein tokitara nahiko bizkor iristen dira. New Yorkek berdegune eta parke ugari ditu, eta haien arabera, horrek arnasa ematen dio hiriari.