Ordizia-Txindoki-Ordizia I. Duatloia hilaren 15ean jokatuko dute

Bihar zortzi, hilaren 15ean, jokatuko da Ordizia-Txindoki-Ordizia I. Duatloia. Orain hilabete batzuk hasitako ideiari forma eman diote Txapel-Gorri elkartekoek—herriko beste elkarte eta eragileen laguntzarekin—, eta haien helburua proba hori duatloien egutegian finkatzea da. Bide batez, Juan Jose Rezolak 1953an eta Iñaki Maiorak 1978an egindako balentriak gogora ekartzeko balioko du probak.

Duatloiak 28 kilometro baino zerbait gutxixeagoko luzera du, baina ibilbide gogorra du. Ordiziatik Larraizko Zamao atsedenlekura bizikletaz joango dira parte hartzaileak (9,54 kilometro, %2,71ko batez bestekoa); langatik Txindoki gainera korrika (3,88 kilometro, %24,14ko batez bestekoa); atzera Larraitzera jaitsi; eta bide beretik Ordiziara bizikletaz.

Izen ematea, hilaren 11ra arte

Euskadiko Triatloi Federazioaren gunean (www.triatloi.org) eman behar dute izena proban parte hartu nahi dutenek datorren astearterako, hilak 11. Joxemiel Barandiaran plazako guneak 13:30etik 15:45era egongo dira zabalik, eta proba 16:00etan hasiko da. Xehetasun gehiago ordiziaduatlon@gmail.com helbidera idatziz lor daiteke, baita telefonoz ere: 610-43 56 09 (Ketxus Sanz).