Tolosako I. Udal Protokoloa osatzeko lana dinamizatu du Sortzen aholkularitzako kide Norma Vazquezek, eta, haren esanetan, genero indarkeriari buruz Herrizaingo Sailak ematen dituen datuek ez dute “oso-osorik” erakusten errealitatea: “Datu hauek ez dira langabeziarenak bezalakoak, hau da, langabezian zauden edo ez zenbatzea. Konplexuagoa da. Zer ulertzen da indarkeria esaten denean? Bikotekide batek emakume bat birrindu dezake, baina horrek pentsatu hori ez dela indarkeria. Datuek jasotzen ez duten interpretazio subjektiboa ere badago”.
Ertzaintzak bildutako datuen arabera, 2002tik 2011ra “biktimizazio” kopurua asko igo da Gipuzkoan, 615etik 1.479ra. “Pertsonek lege-hauste penal bat jasan duten bakoitzean zenbatzen dira biktimizazioak”, dio datuak jaso dituen txostenak. Beraz, ez du zertan kopuru bera izan delituenak eta horiek jasan dituzten emakumeenak, emakume batek eraso bat baino gehiago jasan dezakeelako. Hala, 2011n, betiere Ertzaintzak emandako datuen arabera, 1.136 emakumek jasan zuten erasoren bat Gipuzkoan.
Eraso kopuruaren igoerari buruz Vazquezek dioenez, ezin da zehazki jakin zer portzentajetan igo den indarkeria, eta zer portzentajetan ikusarazi den ezkutuan zegoen indarkeria. “Nire ustez, igo egin da hein batean indarkeria, baina batez ere ikusaraztea igo delako handitu da kopurua”.
Bestalde, indarkeria mota zehaztean, “familia barneko genero indarkeria” terminoaren barruan bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoak ez dira zenbatzen, eta “sexu askatasuna” terminoaren barruan, familiako eremutik kanpoko erasotzaileek eragindakoak zenbatzen dira.
Genero indarkeria eta sexu erasoen inguruan jasotako salaketa kopuruen inguruan ere ekarpena egin du Vazquezek: “Jartzen diren salaketen kopurua baino askoz eraso gehiago daude”.