Esklerosi anizkoitza dutenei errehabilitazio prozesuan laguntzeko asmoz, beste tresna bat martxan jarri berri dute Donostian, Ademgi Gipuzkoako esklerosi anizkoitzaren elkartean. Sistema birtuala da; pazientea eta pantaila parez pare jartzen dira, eta aurretik profesionalak ezarritako gidalerroei jarraitu. Eritasuna duten 50-60 lagunek jada probatu dute sistema berria; gazte nahiz heldu, guztiek begi onez hartu dute egitasmoa. Asteartean aurkeztu zuten jendaurrean.
Osasuna hobetzearekin batera “motibazioa” sortzea dute helburu, bai pazienteengan eta bai langileengan. Hala dio Pedro Carrascalek, Eugenia Epalza esklerosi anizkoitzaren euskal fundazioko presidenteak. Elkarte horrek eta Virtualware enpresak garatu dute sistema elkarlanean, eta, horrela, Gipuzkoan berritzailea den zerbitzua abiatu dute. Carrascalen arabera, “aukera izugarria da teknologia osasun egoera hobetzeko erabiltzea”. Azken finean, gimnasioko lanak birtualki egin ahal izateko gailua da: telerrehabilitazioa.
Beharretara egokituta
Zerbitzua norberaren beharretara egokitzeko aukera abantaila garrantzitsutzat jo dute. Hitzekin baino gehiago, ekintzekin azaldu dute. Horretarako, gaitza duten bi lagun jarri dituzte erakustaldia egiten; “ondo entrenatuta” eta broma artean aritu dira hara bertaratutakoen aurrean. Dianak, lurrean koloreztatutako laukitxoak eta gainditu beharreko langak agertuz doaz pantailan: kolore gorria duena eskuin eskuarekin edo hankarekin zanpatzeko; urdina ezkerrarekin, eta berdea, berriz, nahi denarekin.
Zutik euren kasa molda daitezkeenentzako sistema aproposa da, baina baita zailtasun gehiago dituztenentzat ere. Hori da Floren Aranbururen kasua. Gurpil aulkian dago, eta aparailu berezi batekin eduki dute zutik. Jende aurreko saioan, “[Luis] Arkonadaren antzerako geldialdiak” egiten ikusi du bere burua, pozik. Ademgiko kideek azaldu bezala, garrantzitsua da gaitza dutenentzat zerbitzuak duen alde ludikoa.
Bizkaian, emaitzak onak
Donostiako egoitzan hasi besterik ez dira egin sistema birtualarekin lanean, baina dagoeneko badakite emaitza onak izango dituela. “Emaitzak eta berrikuntza uztartzea lortu dugu”, dio Carrascalek. Bat dator harekin Maria Luisa Ustarroz Ademgiko presidentea. “Badakigu emaitzak positiboak izango direla. Bizkaian ikusi dugu hori; iaz, errehabilitazio birtualeko sistema jarri zuten”.
Etorkizunari begira, pauso gehiago emateko beharraz ohartarazi du Ustarrozek. “2011tik gerrikoa estututa” izan arren, eta “diren garaiak diren arren”, esklerosi anizkoitza dutenen aldeko proiektuak garatuz doaz pixkanaka. Gipuzkoan, 650 lagun inguru daude eritasun horrekin, elkartearen datuen arabera. Asmoak gauzatzea, ordea, ez da horren erraza: “Proiektu asko ditugu buruan, baina dirurik ez”.