Hainbat ikastetxetan, haurren hezkuntzari buruzko hitzaldiak ematen ari da Alvaro Beñaran psikomotrizista eta pedagogoa (Donostia, 1957). Irakasleei psikomotrizitate arloko ikastaroak ere ematen dizkie. Pedagogia terapeutikoan lizentziaduna da, eta Bergarako UNEDeko psikomotrizitate eskolako irakaslea.
Acouturier praktikan oinarritutako psikomotrizitatea erabiltzen duzue. Zer da metodo hori?
Psikomotrizitatea hezkuntzaren barnean ulertu behar da, curriculumaren barneko tresna bat baita. Bere burua adierazteko espazioa eta denbora ematen zaizkio umeari psikomotrizitate gelan, ahalik eta modu autonomo eta libreenean, tresna egokien bidez. Ekintza, jolasa eta mugimendutik abiatuz, heldutasunerako ibilbidea proposatzen du psikomotrizitateak. Mugimendu eta sentipenekin, emozioak eta afektuak mugitzen dira haurrarengan; egiten duenaren bidez, nola dagoen azaltzen du haurrak. Bere gogo, beldur, nahi, plazer, sufrimendu eta gaitasun horiek sinbolizatzen ditu jolas sinbolikoaren bidez, hitzaren bidez eta baita adierazpen plastikoaren bidez ere. Haurraren izaera oso-osorik hartzen du.
Zer balio lantzen dituzue?
Guk ez dugu zuzentzen haurraren jolasa. Estrukturak sortzen ditugu, haurrak bere gogotik abiatuta ekiteko, baina horrek ez du esan nahi haurrak nahi duena egin dezakeenik. Irakatsi beharrean, garrantzitsua da haurrak egoera horiek sentitzea. Egoerak biziz eta sentituz, bere identitatea indartzen du haurrak. Horretarako espazioak diseinatu behar dira, material egokiak jarri eta gure jarrerak zaindu, haurra gehiegi ez inbaditzeko. Autonomia utzi behar zaio, baina, aldi berean, segurtasuna eman. Psikomotrizitate gelan oinarrizko araua hau da: “Hemen, dena egin daiteke, minik eman gabe eta minik hartu gabe”. Hori errespetatuz gero, dena posible da jolasean eta modu sinbolikoan eginez gero; baita bestea hiltzea ere.
Batez ere, haur txikienentzat da garrantzitsua?
Egun, oso argi ikusi da 0-3 urte artean oinarri guztiak ezartzen direla, baita biologikoki ere. Garrantzitsua da urte horiek zaintzea. Haurrak ikusi behar du helduek konfiantza dutela berarengan, barruan daukana ager dezakeela baina denak ez duela balio. Bere barneko indarra ez dugu zapalduko; bideratu egingo dugu, apargomazko materialekin, dorreak botata, jauzi eginez… Baina indarra ezin dute erakutsi lagun bat joz.
Beraz, autonomia eman behar da, baina mugak ere jarri behar dira.
Bai, mugak badirudi murriztea esan nahi duela. Guk estrukturak eta erreferentziak aipatzen ditugu, haurra autonomoagoa izateko eta heldutasun prozesu bat egiteko. Haurrari nahi duen guztia egiten uzten badiogu, heldutasun falta izango du, eta nahastuta egongo da. Frustrazio legea erabiltzen dugu. Badago unea jolasteko eta garrasi egiteko, baina denok borobilean eserita hitz egiten ari garenean, ez da jauzika hasteko momentua. Ezin da dena beti eta leku guztietan egin, baina, aldi berean, haurraren premiak errespetatu behar dira. Errespetuaren araua da garrantzitsuena, besteenganako errespetua.
Hezkuntza perfektuaren mitoaz hitz egin izan duzu. Hori existitzen da?
Ez, ez da existitzen, eta eskerrak. Hezkuntzan badago paradoxa bat. Haurrari buruz ahalik eta gehien jakin nahi dugu, guk jakiteko nola jokatu, baina dena jakingo bagenu, haurrak makinak bezala maneiatuko genituzke. Beti egon behar da espazio bat erabat menderatzen ez duguna. Hor dago gizakiaren askatasuna eta autonomia. Guraso gisa ere, denok nahi dugu gure seme-alabak onak izatea; gizartean oso sartuta dago onena izatea, arrakasta izatea… Kontzeptu horiek pertsona arriskuan jartzen dute. Ez baduzu lortzen, zer?
Gurasoei zaila egiten zaie bide egoki hori aurkitzea?
Teoria asko daude, eta, askotan, gurasoek ez dakite zeri egin kasu. Nik beti aipatzen ditut marra gorriak. Horietako bat da haurrari jolasteko eta esperimentatzeko espaziorik ez uztea, eta oso zorrotza izatea. Bestea da uztea haurrak heldua menperatzen. Bi marra horiek pasatu gabe, batzuek alde batera gehiago joko dute, eta besteek, beste aldera. Ados ez gara denok jarriko, baina marra gorria ez gainditzea da kontua; perfekzioa ez du inork egiten.
Irakasleak prestatzen aritzeaz gain, haurrekin ere zuzenean lan egiten duzu. Egun, zer gabezia antzematen dituzue gehien?
Sozializazio zailtasunak. Frustrazio pixka bat onartzeko, besteekin egoteko eta estrukturetan sartzeko arazoak dituzte askok. Haur oso berekoiak gero eta gehiago ikusten dira. Garai batean, autoritate handiegia zegoen, eta, orain, estruktura falta dago. Umeari nahi duena ematea eta frustratzen ez uztea garrantzitsua da lehen urtean, segurtasuna ematen diolako. Baina, gaur egun, denboran gehiegi luzatzen da. Haurra handitzen ari den heinean, askotan familia ez da gai hezkuntza beste modu batera egiteko; frustrazio batzuekin, errealitatera moldatzen hasi behar du. Haur horiek eskoletara iristen direnean, ez daude sozializatzeko prest; mundua umearen nahieran egokitzen badugu, umea ez da mundura egokitzen gero. Beren burua defendatzen dute, eta sintoma asko azaltzen dituzte. Garai batean, hezkuntzan haurrari tratu txarrak ematen zitzaizkion, eta, orain, kasu batzuetan, alderantziz gertatzen ari da. Ezin da onartu ez bat eta ez bestea. Biok gara subjektuak, eta biok ditugu eskubideak. Helduok ardura bat dugu; erabaki garrantzitsuak helduok hartu behar ditugu. Horren barnean, haurrari utz dakioke erabaki txikiak hartzen, espazioa eman, esperimentatzeko. Espazio izugarria dago, helduak bere lekua galdu gabe.
Zer gomendatuko zenieke gurasoei?
Bakoitzak jakin behar du zein den bere lekua. Gurasoak pentsatu behar du nola dagoen bikotearekin eta haurrentzako estrukturak eta denbora dituen; gero, arazoak eta gabeziak ez proiektatzeko haurrarengan, eta harreman aberatsa izateko haurrarekin. Oinarrizko balioak familiaren barnean jasotzen dira; ez dira ikastetxean ikasten. Haurraren aurrean pertsona oso gisa agertu behar da. Haurra zaindu eta baloratu, baina, behar denean, ezetz ere esan behar da. Ahal bada, modu egokian, baina, batzuetan, haserretzen gara, eta ez gaude hain lasai. Haurrek ezagutu behar gaituzte, gu ere pertsonak baikara.
Arazoak dituzten haurrei laguntzeko terapiak ere egiten dituzue.
Hezkuntza eta terapia desberdintzen ditugu guk. Eskoletan taldeekin lan egiten dugunean, hezkuntza mailan aritzen gara. Gero, terapian, ez gara oinarritzen haurraren zailtasunetan, baizik eta haurraren gaitasunetan. Ez dugu haurraren sintoma lantzen. Haurra espazioan jartzen dugu; konfiantzazko giroa sortzen da, eta, hortik abiatuta, haurrarengan eragiten da, egiteko, izateko eta bere gogoa adierazteko. Zailtasunak gainditzeko haren baliabideak garatzen laguntzen diogu haurrari. Oro har, gure helburua da tresnak eta baliabideak ematea, haurra eta haren garapena hobeto ulertzeko; hezitzaile gisa ere jakiteko gure rola eta funtzioa zein den. Haurraren eta gure arteko harremana zaintzeko tresnak behar dira.