Denbora batez proban egon ondoren, astelehenetik martxan da Dendatan.com webgunea, Gipuzkoako moda saltoki txikien eta erabiltzaileen arteko bilgunea.
Oraingoz, 41 moda denda daude zerbitzuan izena emanda. Bezeroarentzat, toki aproposa da kolore jakin bateko jantziak, zapatak eta edonolako osagarriak erosi nahi izanez gero. Lehenik, nahi den jantziaren edo osagarriaren argazki bat jarri behar du erabiltzaileak interneten, jakiteko ea izena emanda dauden dendek halakorik edo antzekorik izango duten. Saltoki jakin batzuei egin dakieke galdera, edo, oro har, webgunean dauden denda guztiei.
Gune publikoa
Orain arte, 170 galdera baino gehiago jaso dituzte, eta bostehun proposamen baino gehiago egin dira. Saltokien erantzuna eskarien bide beretik iritsiko zaio bezeroari: argazki baten bidez. Eskura dituzten produktuak edo eskuratu ditzaketenak erakutsiko dituzte.
Webgunean jarritako informazio guztia publikoa da, eta, beraz, edonork izango du gainerakoen eskaeren eta proposamenen berri, bai bezeroek eta bai dendetako arduradunek. Era berean, erabiltzaileek gehien eskatzen duten produktua zein den ikusteko aukera ere egongo da.
Akting Ingeniaritzak, La Personnalite enpresak eta La Bici Roja DD etxeak elkarlanean garatu dute proiektua. Orain arte, iPhonerako aplikazioa zegoen soilik erabilgarri; orain, berriz, edozein sakelakotik sar daiteke, baita webgunetik bertatik ere. Twitter eta Facebook sare sozialetan ere aurki daiteke Dendatan.com.