Francoren aurkako langileen patua

Erregimen frankistaren alde agertu ez ziren langileen aurkako sorgin ehiza gerra amaitu aurretik hasi zen, Gipuzkoa indar matxinatuen kontrolpean erori orduko. Horrela jaso dute Gipuzkoa militartua lanean. Abertzaleen eta Errepublikaren aldekoen aurka jo zuten. Bergarako San Antonio kotoigintza enpresan, esaterako, langileen aurkako epaiketak egiteko agindua jaso zuen lantegiko zuzendaritzak. Hainbat langileren ustezko jarduerak ikertzeko batzorde bat sortu zuten.

Bergaran bertan, aipagarria da Union Cerrajera enpresaren kasua ere. Herria indar frankista matxinatuen esku erori aurretik, 611 langile zeuden bertan; horietatik 356k ihes egin zuten Francoren tropak iristean. Garai hartako zuzendariak Ondarretako espetxean zeuden bi langile berriz enpresara itzultzeko eskaria egin zuen: muntaketa eta instalazio arduraduna, eta kontularia. Gerraren zerbitzura zegoen enpresa izanik, argudiatu zuen bi langile horien lana ezinbestekoa zela. Enpresan bertan atxilotuta edukitzeko eskatu zuen.

Garai hartan jasan zuten errepresioaren beste adibide bat da Zumaiako Victoriano Celaya zentral elektrikoa. Pedro Barruso historialariak Violencia politica y represión liburuan jasotzen duenez, Azpeitiko Gerra Batzorde Karlistaren esku geratu zen enpresa, bertako nagusia “oso aberatsa eta ekintzaile abertzalea” zelako. Gainera, espioitza egitea leporatu zieten lantegiko bi langileri, eta fusilatu egin zituzten; beste langile bati bizi bitarteko kartzela zigorra ezarri zioten.

Enpresa pribatuetan ez ezik, udaletako langileak ere ikertzen zituzten; Eibarko eta Oñatiko udal arkitektoak, esaterako, lanpostutik kendu zituzten, haien ideologia politikoagatik.