Zumarraga, dantzarako prest

Leku berezia da zumarragarrentzat Antio baseliza eta ingurua, eta herriko jaietan ere festa leku berezia izaten da. Egun osoko festa egiten dute Santa Isabel egunean, uztailaren 2an, eta ermita baten barruan ezpatak eskuetan dantza egiten duten leku bakarrenetakoa da.

Ohitura horri jarraituz egingo dute aurten ere saioa Irrintzi dantza taldekoek. 11:00etako mezaren ondoren hasiko da, eta 12:30ean ohorezko aurreskua dantzatuko dute eliza aurreko zelaian. Ezpata dantzaren bigarren saioa arratsaldean egingo dute, Euskadi plazan.

Kapitain aldaketa

Irrintzi dantza taldeko kideak praka gorriak eta alkandora zuria soinean dituztela dantzatuko dira. Guztira, zortzi dantzari eta lau kapitain ariko dira. Kapitain nor izango den taldean bertan erabakitzen dute, eta leku hori urtero dantzari ezberdin batek betetzea da helburua. Oraindik ez dute erabaki nork izango duen bakarka dantza egiteko ohorea, baina Aste Santuko oporrez geroztik ari dira dantza entseatzen.