Erik Gartzia Egaña
Urteak zeramatzan Hondarribiko aireportuak Espainiako Estatutik kanpoko helmugetara hegaldirik eskaini gabe. Hilaren 22an, Madalen Egunean etengo da madarikazio hori. Izan ere, egun horretan hasiko dira Hondarribiko eta Lutongo aireportuak —Londresko erdigunetik 48 kilometrora— lotuko dituzten hegaldiak. Horrela, udaran ohikoa izaten den Mallorcako hegaldiari batuko zaizkie. Irailaren 4ra arte egongo dira indarrean zerbitzuak, astean bina hegaldi eskainita: astearte eta ostegunetan.
Guztira, 48 hegaldi izango dira, eta, kalkuluen arabera, 2.400 bidaiari gehiago erakarriko dituzte Hondarribira. Air Nostrum hegaldi operadoreak eskainiko ditu bi hegaldi horiek. Urte osoan Madrilekin eta Bartzelonarekin lotzen dituzten hegaldiekin lan egiten du enpresak —Valentzian du egoitza—. Aireportuan lan egiten duen beste konpainia Vueling da, baina Bartzelonara joaten diren hegaldiak bakarrik eskaintzen ditu.
Londres-Lutongo aireportuarekin uda honetan Hondarribiatik egingo den lotura “proba” modukoa izango da, AENAko iturrien arabera —Hego Euskal Herriko lau aireportuak eta beste 42 kudeatzen ditu—: “Londresera joango den hegaldia termometro gisakoa izango da, eta, bezeroek emango dioten erantzunaren arabera, hegaldia mantendu ala ez erabakiko du Air Nostrumek. Bai operadore horrek baita gainontzeko konpainiek ere aztertuko dute zein eskari dagoen, eta horretan oinarrituta beste helmuga batzuk eskain ditzakete”. Gipuzkoa “oso erakargarria” dela uste dute, turismorako zein negozioetarako, eta, horregatik, AENAk espero du gero eta nazioarteko hegaldi gehiago eskaini ahal izatea.
Bidaiari gehiago
Azken urteetan Hondarribiko aireportuak jasotzen duen bidaiari kopurua handitzen ari da, modu nabarmenean. Maiatzean eman zituen AENAk azkeneko datuak. Iazko hilabete berarekin alderatuta, bidaiari kopurua %3,5 hazi da. Operazio kopurua, berriz, %9,3 handitu da, eta maiatz arteko urteko operazio kopurua %6,3 igo da.
Datu horiek kontuan hartuta, maiatzean 27.358 bidaiari pasatu ziren terminaletik, eta urteko lehen bost hilabeteetan, berriz, 104.901 izan dira hegaldiren bat hartu dutenak. Astean, guztira, hamabi eta hamasei hegaldi artean eskaintzen ditu Hondarribiko aireportuak, eta horiei charterrak, hegaldi pribatuak edo aisia helburu dutenak batu behar zaizkie.
Bidaiari kopurua hazteko faktore bat izan daiteke Donostia 2016 kultura hiriburutza. AENArekin jarri da harremanetan Gipuzkoako Hitza, eta, enpresako ordezkariek esan dutenez, “oraindik goiz da” faktore horrek izan duen pisua aztertzeko: “Urte bukaeran ikusiko dugu ea zer-nolako eragina izan duen”. Hala ere, ekitaldi garrantzitsuek beti puztu dute bidaiari kopurua; kongresuek, kirol ekitaldiek, kontzertuek edo dena delakoek.
Donostia, Gipuzkoa eta Euskal Herria, oro har, momentu gozoan daude turismo aldetik. AENAren arabera, aireportuetan “asko nabaritzen” ari da turisten etorrera: “Arlo horretan, erakunde publikoak egiten ari diren lana txalotzekoa da. Eskaintza turistikoa ongi egiten ari dira. Gipuzkoa zenbat eta ezagunagoa kanpoan, orduan eta jende gehiago etorriko da hona”.
Esparruak ugaritu
Hondarribiko aireportuaren negozio esparruak ugaritzeko lanean ari da AENA. Astean zehar egiten diren bidaia komertzialen artean, ez dituzte sartzen hegaldi pribatuak. Izan ere, kopuru nahiko aldakorra da, eta sasoiaren arabera gehiago edo gutxiago egoten dira. Berez kopuru osoaren ehuneko oso txikia dela dio aireportua kudeatzen duen enpresak. Gainera, bidaiari gutxi mugitzen dituzte hegaldi bakoitzean. Hala ere, arlo hori lantzen ari dira, “negoziobide interesgarria” delako. Izan ere, tokiko ekonomian “eragin handia” dute, mota horretako hegaldiak egiten dituzten bezeroek eroste ahalmen handia dutela ziurtatu dutelako.
Operadore berriei dagokienez, Hondarribira erakartzeko lanean ari direla baieztatu du AENAk. “Kudeatzen ditugun aireportu guztiak eskaintzen dituen marketin saila dugu, eta ahalik eta operadore gehien erakartzeko lanean ari dira, Hondarribikora barne”. Hori bai, konpainiak dira bide berri bat ezarri edo hegaldien maiztasuna areagotzea —ala gutxitzea— erabakitzen dutenak.
Orain dela bost urte Brusela eta Erroma helburu zituzten hegaldiak irteten ziren Bidasoaren bokalean dagoen aerodromotik. Ordutik, ez du lotu Espainiako Estatutik kanpoko aireporturik. Horretarako, Loiu (Bizkaia), Miarritze (Lapurdi) edo Noainera (Nafarroa) joan behar da.
Hondarribiko aireportuak, beraz, beste hiru ditu ehun kilometro baino gutxiagoko distantzian. AENAren ustez, “ongi” erantzuten die Bartzelonarekiko eta Madrilekiko lotura eskatzen duten bezeroei. Horrez gain, azpiegitura “egokiak” ditu etorkizuneko balizko eskaintza komertzialak jasotzeko, baita hegaldi charterrak edo pribatuak ere. Horregatik, ez dute aireportua handitzerik espero.
Leave a Reply