Larunbat gauean kontzertu paregabeaz gozatu ondoren, igandean zapore gazi-gozoa ekarri nuen etxera. Argia ikastolako guraso eta irakasleek antolatutako kontzertua zegoela-eta joan ginen Erriberara (Muguruza Kontrakantxa, Zuloak eta Culebras).
Gipuzkoatik Tuterara, ordu bi inguruko ibilbidean, orografiaz gain, bestelako aldaketak ere, kulturalak edo identitatekoak, nabarmenak egin zitzaizkigun Tuterako kaleetan genbiltzan bitartean. Miresgarria begitantzen zitzaigun han euskarari iraunarazten lan egiten dutenen jarduna. Miresgarria han ikastola mantentzea. Miresgarria euskaltegia mantentzea… Kalean egin genituen bi orduetan ez genuen euskaraz inor entzun. Bertakoen hizkuntza gaztelania da, eta bertakotutako atzerritarrena zer esanik ez.
Argia ikastolako langile eta guraso den batekin hitz egiteko parada izan genuen. Guraso arduratsua eta arduratua. Kezkatuta eta konprometituta ikusi genuen euskarak Erriberan izan dezakeen etorkizunarekin, euren seme-alaben euskarazko ikasketekin, eta hegoaldeko mutur hartako ikastolen etorkizunarekin. Baina aldi berean, lasai, zentzudun eta positibo. Ezkortasun paralizatzailetik urruti, baikortasun errealistan oinarrituta, lanerako prest.
Kontzertuko orduarekin batera zezen plazara gerturatu ginen. Antolaketan nor eta gurasoak: kamisetak saltzen, tabernan, segurtasun kontuetan, sarrerak saltzen, sarrera kudeatzen… denak zain zezen plaza betetzeko. Han ere, ezagun apurrekin gai bertsua elkarrizketetan: diru laguntzak behera, matrikulei eusteko nahikoa lan, eta inguruan ez dutela inolako babes azpiegiturarik eurena mantentzeko; Sartaguda, Viana, Tutera… egoera benetan zaila.
Gipuzkoako ikastoletan seme- alabak ditugunok badakigu hemen ere txakurrak oinutsik dabiltzala, diru laguntzen murrizketak… Baina errealitatea oso bestelakoa da Nafarroa hegoaldean. Historikoki egoera soziolinguistikoa eta dirua arazo izan badira, orain biek egin dute okerrera.
Ferminek oholtzatik hamaika aldiz omendu eta zoriondu zituen Erriberan euskara ikasten duten pertsonak kontzertu osoan. Gaztelaniaren lurraldean euskararen nekazariak. Lehorterik gordinenean ere lurrari fruitua aterako diotela sinetsita kemenez lanean.
Euskaraz eta euskararekin bizi nahi dugu Bardeako euskararen basamortuan oasiak sortzen ari diren Erriberako euskaldunek, iparraldekoek, eta baita gainerakook ere; osotasun bat osatzen dugulako, eta gu haiek gabe ere, ez garelako izango.
Bizi dugun zurrunbilo honetan, erakunde bateratu eta bateratzaileak sortzea hain zaila egiten zaigunean, elkartasunaren adierazgarri bizi dut Ikastolen Elkartea. Bere argi-ilunekin nazio osoa hartu eta babes sare bat osatu du ahulago dauden errealitateak laguntzeko. Ez ote genituzke birpentsatu beharko sareak? Abagune politiko egokia izan daiteke orain; herri egituraketa indartu behar dugula uste dut, eta ahulegi daudenei behar duten babes ekonomiko eta soziala eman behar diegu, ahaleginean jarrai dezaten.
Erriberako euskararen egoeraren iluntasuna argitzen lagundu didan Argia ikastolari, eta bera osatzen duten guraso, ikasle eta irakasleei, miresmen guztia. Badugu non ikasia eta nork irakatsia.