Apirilaren erdialdean jarri zuten Hondarribiko hondartzaren atzealdean duna, bertako aparkalekutik hurbilen dagoen zatian eta kai muturraren alboan. Hondartzak 80.000 metro koadroko eremu bat hartzen du, eta dunen zatiak 4.650 metro koadro hartzen ditu, hau da, eremu osoaren %5 baino gehixeago. Gipuzkoako Foru Aldundiak, zehazki, 36.000 euroko inbertsioa egin du Hondarribiko duna zatia egiteko. Herri horretako udalak jakinarazi du dunen eremuak ez duela eragozpenik sortuko hondartzaren ohiko erabileran. “Hondartzak irudi berria du kai mutur aldean, baina zabala denez, ez du eragozpenik sortuko”, esan du Juan Mari Altuna Hondarribiko Udaleko Zerbitzuetako zinegotziak.
Ados dago Hondarribiko hondartzan aldundiak abiatu duen proiektuarekin; “beharrezkoa” dela uste du, batez ere neguko itsasaldi eta denboraleengatik hondar asko galtzen duelako Gipuzkoan ekialdeen dagoen hondartzak: “Ondo iruditzen zait”. Bost urterako epea du dunen probako egitasmoak, eta oraindik martxan jarri zutenetik hiru hilabete eskas igaro badira ere, “horrelako ekarpenak herrientzat beti onuragarriak” direla uste du Altunak. Hala ere, nabarmendu du balorazioa proba epea bukatzen denean egin beharko dela.
Hondarribiarrek dunaren egitasmoari buruz duten iritziaz, Altunak erdi txantxetan esan du oraingoz ez dutela kexarik jaso udalean, “beste gauza askorekin gertatzen ez den moduan”. Uste du hori seinale ona dela; hau da, herritarrak ados daudela Hondarribiko hondartzaren harea galera geldiarazteko asmoarekin. Baina eskatu du dunaren eremuan informazio panelak-edo jartzeko, askok ez dakitelako zer den duna bat, edo zertarako jarri duten. “Hori eginda, errazago ulertuko dute dena”.
Administrazioen labirintoa
Altunak adierazi du hondartzen kudeaketa maiz neketsua izaten dela. Hondartzaren mantentze lana—garbiketa lanak eta bestelako egokitzeak, dunak barne— Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten duela jakinarazi du Hondarribiko zinegotziak; hondarrarekin harremana duten gaietan Espainiako Gobernuko Itsasertzen Ministerioak du eskumena, eta Hondarribiko kasuan, hondartzaren inguruko aparkalekuak Eusko Jaurlaritzako Portu Agintaritzarekin batera kudeatzen dituzte. “Nahasgarria da hori guztia. Horrela da, eta horrekin aurrera egin behar dugu. Edozein gauza egin nahi badugu, beti besteen baimenen menpe gaude. Sorosleen gaiarekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Dugun herria dugu, eta horrekin aurrera egin behar dugu. Ez gara kexaka ibiltzen garen horietakoak”.
Zerbitzuetako arduradunak jakinarazi du Hondarribiko hondartzaren parean, Hendaiakoan, antzeko egitasmo bat abian jarri zutela, eta esperientzia hori kontuan hartzea ere baliagarri izan daitekeela iritzi dio.