1936tik euskararen arloan gertatutakoak jasoko dituzte

Euskal gizartearen historia berreskuratzeaz gain, informazio hori gizarteratzeko helburua du Euskal Memoria fundazioak; ondorioz, urtero liburu bat kaleratzeko konpromisoa hartu zuen. Hizkuntz eskubideen arlotik begiratuko diote aurten historiari: Euskararen kate hautsiak. Zapalkuntzaren memoria liburua plazaratuko dute. Hizkuntza eskubideen urraketak jasoko dituzte. “1936tik hona euskara desagerrarazteko egin diren saioen berri emango dugu. Herritarrek nola bizi izan duten kontatuko dugu, hainbat pertsonaren ahotik”. Aurten hizkuntzaren gaiari heldu dioten arren, beste urte batzuetan 1936ko gerrari, frankismoari eta torturari buruzko liburuak argitaratu dituzte.