Euskal filologo gisa pare bat urtez lan egin ondoren, Ismael Oiartzabalen (Lasarte-Oria, 1973) bizitzak norabidea aldatu zuen: “Dantza garaikidea bidean tokatu zen, eta probatzera ausartu nintzen”. Lehenbizi, Bartzelonan egon zen urtebetez, goizetan profesionalekin dantza ikasten eta arratsaldetan euskal jatetxe batean lan egiten. Hortik, 2002an, Genevara (Suitza) joan zen dantza konpainia batek antolatutako proba batera, eta hartu egin zuten.
Sei hilabetez aritu zen talde horretan, eta, hortik aurrera, hainbat taldetan aritu da lanean. “Konpainia edo talde txikiak dira, eta ez dute urte osorako kontraturik ematen. Beraz, batetik bestera ibiltzen naiz. Dantzari freelance edo independentea naiz”. Genevan zortzi taldetan aritu da, baina Suitzako beste hiri batzuetan ere dantzatu da: Lausannen, Friburgon eta Bernan.
Kulturako beste zenbait arlotan bezala, dantza garaikidean ere profesionalki aritzeko aukera gehiago daude Europan. “Euskal Herrian ikuslego murritza du, eta autofinantzaketa ez da iristen”, dio Oiartzabalek. “Beste herrialde batzuetan kulturarako diru gehiago izaten da. Beraz, nahiz eta dantza taldeek estruktura txikiak izan, diru laguntzak jasotzen dituzte udal, kantonamendu eta zenbait fundaziotatik, eta proiektuak aurrera atera daitezke”. Oiartzabalek gaineratu duenez, Genevan ere autofinantzaketa modurik ez dago. “Azken finean, sistema antzekoa da, ezberdintasuna da hemen diru laguntza gehiago ematen direla horretarako”.
Oiartzabalek 40 urte ditu, baina ikusten du fisikoki lanean jarrai dezakeela: “Gai ikusten dut neure burua beste bost urtez behintzat aritzeko. Kontua da lan erritmo honetan bizitzea, segurtasunik gabe, nekagarria dela adin batetik aurrera. Buruak oreka eskatzen du, eta zaila da oreka hori izan gabe aurrera egitea”. Gizartetik jasotakoa ekarri du gogora: “Orain arte jaso dugu jendeak lan bera duela bizi guztirako. Egun Euskal Herrian ikusi da lanez aldatu egin beharko dela, baina buruan nahiko sartuta daukagu une batean oreka bat bilatu behar dela. Dantzak hori ez du eskaintzen, nahiz eta gorputzak eutsi. Batzuetan, gorputza da faktorea; beste batzuetan, ez da erraza horrelako bizimoduarekin jarraitzea”.
Oiartzabalek dioenez, oro har dantzariek 40 urtetik gora ez dute gehiago jarraitzen. “Halere, dantza garaikidearen ezaugarri bat da emanaldi askotan ez dela beharrezkoa izugarrizko esfortzu fisikoa egitea. Gero eta zaharragoak izan, orduan eta hobeak gara dantzan, baina beharbada ezin diogu gorputzari pasada handirik eman”. 20 urteko dantzariekin ari da lanean, eta lan bera egin behar dute denek. “Orain arte, 20 urteko batek adina eman dezaket, baina une batetik aurrera ez da berdina izango”.
Suitza eleaniztuna
Suitza eleaniztuna da, eta Oiartzabal frantsesez moldatzen da. Lanerako frantsesa erabiltzen du, eta konpainian nazioarteko dantzariak badaude, ingelesa.
Suitzarrak pertsonen arteko harremanetan bat-batekotasun gutxiagokoak direla dio. “Hotzagoak dira. Txikitatik erakutsi zaie zeintzuk diren arauak eta horiek jarraitzen, eta nik uste dut horrek moztu egiten diela bat-batekotasuna, beren barrua kanporatzea”.
Klima Euskal Herriarekiko oso antzekoa da: “Genevan euri gutxiago egiten du, baina ez naiz Euskal Herritik oso ezberdina den leku batera joan”. Geografian “berezitasun bakarra da hemen aintzira asko daudela”.
Sukaldaritzari dagokionez, uste du hangoa ez dela oso landua: “Badauzkate, herrialde guztietan bezala, nekazaritza eta abeltzaintzari lotutako produktuekin egindako plater indargarri batzuk, haragi, patata eta gaztarekin. Baina, bestela, sukaldaritza frantsesa dute, baita etorkinek ekarritakoa ere, asko italiarra”. Etorkin asko jaso duen herrialdea da, “eskulana behar zelako”, eta hori kalean nabaritzen da: “Kultura askotako jendea dago, eta horrek fenomeno berezi bat sortzen du: familia askotan gurasoak jatorri ezberdinekoak izatea”.
Egun Genevakoa sentitzen da. “Oso politika ezkertiarra du, bakarrenetakoa Suitzan, oro har oso eskuindarra baita. Genevan nirekin bat doan giroa aurki dezaket”. Suitzaren “neutraltasuna” ezbaian jarri du: “Zerga paradisua da, eta negozio handi horri esker bizi gara, atzerriko legez kanpoko diruari esker. Gainera, jendeak ez daki Suitzan armak egiten direla”.