Gorputzak dioena

Arratsalde osoa pasa dut bi emakumeren hizketaldi gogaikarri bat ekidin ezinik. Gogaikarria bai, baina nahita ere ezin kendu belarririk etengabeko hitz jario horretatik. Kaleko banku batean eseri naiz egunkaria irakurtzera, eta bi minutu baino lehen atzeko bankura norbait iritsi dela sentitu dut, inguruko hutsuneren bat betetzen denean konturatzen garen intuizio horrekin. Ahotsak dantzan hasi dira. Bi emakume. Atzean ditut, eta aurpegirik ez diet ikusi, baina liburu bat irakurtzen dugunean protagonistei aurpegia, gorputza eta begirada jartzen diegun moduan jarri diet hauei ere. Zenbat jolas egin daitekeen irudimenarekin!

Egunkariko berrietan kontzentratzen saiatzea alferrik da, behin eta berriz labaintzen naiz lerro lausoetatik nire gibeleko amildegira; diotenak grazia egiten didalako batetik, eta Torremolinosetik entzuteko moduan hitz egiten dutelako bestetik. Argaltzeko dietaz, otorduez eta elikagai debekatuez hitz egin dute; geroago deskubritu dut hauetako bat (nire irudimenean kaoba koloreko ile motza eta betaurrekoak dituena) dietetika eta nutrizioko kontsulta baten jabe dela.

Egunean bi litro ur edan behar dira, sekula ez otorduetan, beti aurretik edo ondoren. Hiru fruta pieza eta bi barazki errazio jan behar dira. Behi esnea txarra da; lehen soja esnea omen zen onena, baina orain almendra edo arroz esnea hobe omen da. Astean hirutan arrain urdina, eta bitan arrain zuria, eta haragi gorria astean behin bakarrik. Azukreak gizendu egiten du, eta sakarinak minbizia eragin dezake… Eta ni estresatu egin naiz! Eguerdiko hamabiak dira, eta ez dit denborarik emango bazkaldu aurretik litro bat ur edateko eta fruta pieza bat jateko, ez dit denborarik emango! Arraindegira astean pare bat aldiz joaten naiz gutxienez, gorputzak edo gutiziaren batek eskatzen didan arraina aukeratzen dut, eta kolorerik ez diot galdetzen sekula. Modak joan-etorrian dabiltza uneoro, bai jantzietan, bai haurren heziketan, bai haurdunaldietan eta baita elikaduran ere. Zenbaitetan pentsatzen dut erotzen ari garela. Entzundako orori kasu egiten badiogu dioten guztiari buruz asko jakingo dugula, baina gorputzak eskatzen duena entzuteko gaitasuna galduko dugula. Uste dut galtzen ari garela, edo galdu dugula… Lastima.