Subiranotasun teknologikoa helburu

Lakaxita gaztetxea hacker-en topagune izango da asteburuan. Informatikazaleak elkartuko dira Irunen, Labkaxita Hacklab taldeak antolatu duen Topahack egitasmoan. “Urte guztian hacklab-etan ikasitakoa praktikan jartzea da topaketaren helburua. Gehiago ikasi baino, aurreikusitako proiektuak martxan jarri nahi dira”, azaldu du Iune Trecet Labkaxita Hacklabeko kideak.

Gaurtik igandera bitarte izango da Topahack, eta subiranotasun teknologikoaz hitz eginez hasiko dute topaketa; multinazionalek informatikaren munduan duten botereari nola aurre egin dakiokeen aztertuko dute. “Bai hacklab-etatik eta baita hacker mundutik ere beti bultzatu izan da software eta hardware askea”, esan du Trecetek. “Pentsatzen dugun hori guztia jendeari nola helarazi aztertuko dugu. Azken finean, apustu indartsu bat egin behar da hori aurrera eramateko. Pentsamendu aldaketa bat egin behar da. Programak erremintak dira, aldatu behar dena norberaren burua da: egin duzun hori askea izatea, zuk egin dezakezun hori guztien mesederako izatea”.

Erabiltzaileen artean zabalduta dagoen ustea da software askea ez dagoela nahi adina garatuta, eta uste horixe izaten da subiranotasun teknologikoa lortzeko bidean izaten diren oztopoetako bat. Trecetek badu horrentzako erantzuna: “Ni diseinatzailea naiz, eta diseinuaren arloa da zailenetarikoa programa askeak erabiltzeko. Nik behintzat lortzen dut besteek egiten duten lanaren antzekoa garatzea software askearekin. Gainera, kontua ez da bakarrik erabiltzea, baita norberak garatzen duena aske uztea ere”.

Hain justu, software askea horrela garatzen da, hacker bakoitzak egiten dituen berrikuntzak partekatuz. “Horregatik da hain garrantzitsua komunitatea eta denen artean gauzak egitea”, gaineratu du Trecetek. “Jendeak egiten duen lanarekin eta partekatzeko gogoarekin elikatzen da”. Hori eginez ere bizi daitekeela azaldu du: “Free izateak ez du esan nahi dohainik denik, askea dela baizik. Desberdina da. Zuk sortzen duzuna askea da, baina zuk kobratu ditzakezu hori sortzeko sartzen dituzun orduak”.

Proiektuak praktikan

Gaur 14:00etan hasiko da topaketa, bazkariarekin. Horren ondoren etorriko da Topahackaren aurkezpena eta subiranotasun elektronikoari buruzko mahai ingurua. Afariarekin emango diote bukaera egunari. Larunbatean goiz eta arratsaldez, eta igande goizean, hacklab-ean lantzen aritu diren zenbait proiektu praktikara eramaten saiatuko dira parte hartzaileak. Gosaria eta gero 11:00 aldera hasiko dira saioak.

Proiektuetako bat pankarten inprimagailua izango da. “Denbora guztian pankartak egiten aritzen gara gaztetxeetan, eta pentsatu genuen lan hori errazteko inprimagailu bat egitea”, adierazi du. “Ez dakit nola aterako den, baina hori da topaketako proiektu izarra. Arduinorekin egingo dugu; domotikaren arlo hori garatzen duen robot txikia bat, eta ia guztia askea da. Arduinorekin gauza asko garatzen ari dira hacker munduan”.

Blender programarekin bideo edizioa ere landuko dute, “ikusteko arlo horretan software askearekin zerbait egin daitekeela”. Bestetik, Enekenbat sare soziala euskaratuko dute. “Euskarak garrantzia handia du gure hacklab-ean, beti dena euskaraz egiten baitugu”, zehaztu du. Sare sozial hori Katalunian sortu zen, eta orain Euskal Herrian euskaratzen ari dira. Oraingoz erdia inguru euskaratu dute, eta falta den beste zatia Topahacken egitea espero dute. “Sare sozial hori erabiliz, multinazionalek hain kontrolatuta dituzten sare sozialak gure bizitzatik kentzea lortu nahi da”. Katalunian Loreak-en eta Euskal Herrian Auzolan proiektuaren eskutik kudeatzen da sare sozial hori.

Beste proiektu bat guifi.net da. Hori ere Katalunian sortutako da, eta Gipuzkoan hainbat udaletan jartzen ari dira egun. “Helburu nagusia da munduan zehar sare bat sortzea, Interneterako sarbidea guztiz askea izateko, egun sarbidea ematen duten konpainietatik aske izateko”, dio Trecetek. Topagunean sare horren nodo bat martxan jartzea da euren asmoa.

‘Hacker’ hitzaren esanahia

“Ez dakit zehazki zer den hacker hitza, buelta asko eman dizkiot”, azaldu du Trecetek. “Enpresa multinazionalek, bai hardware eta baita software aldetik, dena egina ematen digute, eta niretzat hacker-a den pertsona batek zerbait berria sortzeko grina du, dagoena ikasi eta eraldatzeko”.

Trecetek gaineratu duenez, ez da min egitera doan norbait. “Sistemaren aurka doazen guztiak gaizkiletzat hartzen dituzte, eta multinazionalentzako hacker-ak beti izango dira gaizkileak”, esan du. Izenak adierazten duenez, Labkaxita Hacklaba hacker laborategi bat da. Zenbait hacker elkartzen dira bertan astero, eta hor ikasi eta partekatzen dituzte informatikaren inguruko euren ezagutzak.

Aurten lehenengo aldiz antolatu dute Topahack egitasmoa. Aurreko urtean Ud4kamp antolatu zuen Hack.in#badakigu elkarteak Gernikako gaztetxean, Katalunian egin ohi den Summer Camp Garrotxaren ildotik. Elkarte horretaz gain, bi hacklab daude Euskal Herrian, Gernikan eta Irunen, hain zuzen. Aurretik beste talde bat zegoen Iruñean, baina egun ez dago martxan.

Elikadura subiranotasuna

Teknologikoaz gain, elikadura subiranotasuna ere bultzatzen dute Lakaxita gaztetxetik. Beraz, otorduak gaztetxean elkartzen diren hiru baratza kooperatiboen bidez prestatutako dituzte —Aldatsa, Xixare eta Barealaia—. Bestalde, gaztetxean bertan lo egiteko aukera izango dute topaketara joaten direnek. “Espero dugu hogei lagun inguru etortzea, eta gero Labkaxitan ibiltzen direnak ere azalduko dira”.

Aurrera begira, horrelako topaketak antolatzeko asmoa dute hacker taldeetan aritzen direnek. “Polita da denak elkartzea eta ikasi duguna elkarbanatzea”.