“Bizikleta martxa desobeditzailea” antolatu du Mugitu mugimenduak AHTaren aurka. Proiektua oro har salatzearekin batera, bereziki lurrari eman nahi diote garrantzia; horregatik, askotariko ekintzak prestatu dituzte ibilbidean: topaketak bizilagunekin, kale ikuskizunak, bilkurak lurraren defentsan aritzen diren hainbat talderekin…
Hilaren 25ean abiatuko da martxa Altsasutik (Nafarroa), eta, egun bat geroago, ostiralarekin sartuko da Gipuzkoan. Arrasatera 15:30ean iritsiko da, eta, ondoren, Bergaran egingo du geldialdia. Larunbatean, Antzuola, Urretxu, Zumarraga, Ezkio-Itsaso, Beasain, Ordizia eta Zerainetik igaroko da. Igandean, Zerain-Andoain bidea egingo du bizikleta martxak; hilaren 29an Andoain-Zarautz; hilaren 30ean Zarautz-Irun —zati bat trenez—, eta, hurrengoan, Irun eta Donostia artekoa. Abuztuaren 1ean, amaierako ekitaldia egingo dute Donostian, Bulebarreko kioskoan, 12:30ean.
Gastu ekonomikoa
Lurraren alde egitearekin batera, AHTak dakarren gastu ekonomikoa ere salatu nahi du Mugitu mugimenduak. “Hego Euskal Herrian AHTaren obretan 10.000 milioi euro xahutzea aurreikusita dago; zifra horiek ulertezinak dira jende ugari kale gorrian dagoela ikusita”, adierazi zuten mugimenduko kideek asteartean egindako agerraldian. Haien arabera, garraioari dagokionez amaitu da beti urrunago, beti azkarrago eta beti mugikorrago leloaren garaia. “Konponbidea helduko da ekonomia zein gizarte jardueren ardatz gisa herria eta eskualdea jarriko dituen eredu baten sorreratik”.