Bainujantzia eta gogoa, nahikoa

Hondartzan egun-pasa egitea ez da normalean lan nekeza izaten, eguraldia petraltzen ez bada, behintzat. Bainujantzia eta toalla hartu, oinez edo gurpil gainean itsasertzera heldu, eta, behin hara iritsita, aukeren kutxa irekitzen da: eguzkipean etzanda geratu, bainua hartu, jolastu, inguruko haurrek altxatutako hondarrarekin zipriztindu… Horiek guztiak egitea, ordea, ez da horren erraza mugikortasun arazoren bat duten lagunentzat. Bada, hala ere, haiei horrelako egun batez gozatzeko aukera ematen dienik. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak zazpi urte daramatza Hondarribian Oztoporik gabeko bainua jarduera prestatzen; aurten, abuztuan egingo dute. Helburua: ezintasunen bat dutenei hondartza gerturatzea.

Taldeka zein banaka, edonork du egitasmoan parte hartzeko aukera; hainbat zentrotan dauden lagun askorekin jarduten dute. 11:00etatik 18:00etara aritzen dira begiraleak lanean, egunero, hondartzan prestatutako gune batean. Jose Luis Mujika egitasmoaren koordinatzailearen arabera, “Gipuzkoa osotik eta Gipuzkoa ez denetik” iristen zaizkie eskaerak. Haiek Donostia eta Hondarribia bitarteko zerbitzua ematen dute; furgonetarekin lagunak jaso, eta hondartzara eramaten dituzte —itzuliko bidea ere egiten dute arratsaldean—.

Jarduera martxan jarri aurretik egin beharreko lana ez da makala. Mujikak azaldu du lekua arranpa baten ondoan hartzen badute ere asko dela egokitu beharrekoa: moduluak muntatu, aldagelak jarri, lurra leundu, itzalguneak sortu… Hondarribiko hondartza aproposa da hori egin ahal izateko; aldeko beste aldagai bat ere badu: itsaso barea. Mujikaren arabera, erabiltzaileei segurtasuna ematearekin batera, horrek begiraleei ere erraztu egiten die euren egitekoa. Gozatzea ez ezik, erlaxatzea eta ariketak egitea ere bada egitasmoaren helburuetako bat. “Gauza asko lortzen ari gara, batzuetan euren zentroetan lor dezaketena baino gehiago”. Badira ezindu asko urteak itsasoan bainua hartu gabe daramatzatenak; federazioaren egitasmoan parte hartzen dutenek, hala ere, ez dute zertan bainatu. “Bakoitzaren beharretara egokitzen saiatzen gara, bainatu nahi ez dutenentzat, esaterako, aulki anfibioak ditugu uretan sartzeko”.

Aukera egokiena

Proiektua Hondarribian abiatu aurretik, hainbat aukera izan zituzten buruan, baina ez zuten hura baino egokiagorik topatu. “Donostian jarri nahi genuen, baina baldintzak ez ziren egokiak: Zurriolan ur-laster txikiak daude, Kontxan marea altuarekin hondartzarik gabe geratuko ginateke eta Ondarretan ia dena hartuta dago”.

Oztoporik ez bainuan, baina bai antolatzeko orduan. Federazioak diru laguntzetan izandako murrizketen ondorioz, programa soilik abuztura mugatu dute aurten —bi hilabete izaten ziren orain arte—. “Babesle nagusiak, Kutxak, asko murriztu du bere laguntza, eta beste babesle batzuk lotu behar izan ditugu”, azaldu du Mujikak. Hori horrela, begiraleen kopurua ere gutxitu egin behar izan dute; zazpi begirale eta gidari bat aritzen ziren lehen, eta bost dira orain. Zailtasunak zailtasun, zerbitzuak eskaria baduela ikusita, aurrera egitea erabaki dute. Iaz, esaterako, 1.260 erabiltzaileri eskaini zieten zerbitzua: “Horrek ez du esan nahi bainu kopurua hori izan zenik, batzuek bitan ere hartzen dutelako bainua”. Aurten bakarrik hilabetez aritzeak erabiltzaileen kopurua murriztu dezake; eguraldiak ere badu zerikusia —2011n 650 erabiltzaile izan zituzten, eguraldi txarra zela medio—.