Santa Fe usaina

Bost zentzumenetatik bat baztertzera behartuko banindute, ez dakit zein aukeratuko nukeen, edo, hobeto esanda, ez dakit zeini muzin egingo niokeen. Neure buruari galdera hori egin diodanean nahiko garbi neukala iruditu zait hasiera batean, baina pentsatzen joan ahala, arrazoitzen nindoan bitartean, hain garbi nuen ideia hura lausotzen hasi da. Ikusmena ez nuke galdu nahi inondik inora; iluntasunak beldurtu egiten nau, eta orientazio zentzuaren arrastorik ez daukat. Batzuek orientazio ona dute, beste batzuek txarra, edota erdipurdikoa. Nik ez, nik, besterik gabe, ez daukat. Orientaziorik gabe jaio nintzen; behin amak kontatu zidan forcepsekin jaio nintzela, ur zikinak irensten ari nintzelako; ez, ama, tramankulu horiekin jaio nintzen biderik aurkitzen ez nuelako, seguru galduta nenbilela, ez atzera, ez aurrera, alboetara ezin… Desesperatuta nenbilela burni hotz horiek buru hezurrean sentitu nituenean ze lasaitua hartu nuen ez dakizu oraindik! Nola arituko nintzen ba ni ur zikinak irensten? Jogurtari gaineko likido hori kendu egiten diot-eta nazka ematen didalako!

Dastamena ere ez nuke galdu nahi, hainbeste gozatzen dut janariarekin… Munduko plazer onenetako bat dela iruditzen zait, eta hemen dugun gastronomiarekin pekatua litzateke dastatzeko gaitasunik ez izatea. Entzumenari dagokionez, batzuetan zenbait gauza ez entzutea nahiago badut ere, ez dut imaginatzen nire mundua erabateko eta betiereko isiltasunean. Ukimenari buruz zer esan? Ez dakit zergatik, baina ez nuke baztertuko, agian zentzumenik arrazionalenetako bat dela iruditzen zaidalako, hain da fisikoa, errealitatearen eta fantasiaren arteko aldea nabarmentzen baitu.

Usaimena bakarrik gelditzen zait. Zentzumen bat galtzekotan, usaimena galduko al nuke? Nola ordea! Usaina… Toki bakoitzak du bere usaina, momentu bakoitzak, oroitzapen bakoitzak. Niretzat, udak laranjondo-lorearen eta Ecran after sun-aren usaina du; atsedenak kandela eta liburu usaina du, eta goizek kafesnezopa usaina dute. Ez dakit nola etsiko nukeen ezer usaitzerik izango ez banu; nolabait oroitzapenak ere galtzeko bide bat litzateke. Nire haurtzaroak mila usain ditu, gertu ditudan bakoitzean zoriontsu egiten nautenak. Akabo, sentibera jartzen hasi orduko, herriminak edo festa gogoak bultzatuta Zaldibiak momentu honetan duen usainaz gogoratu naiz; Santa Fe usaina du, alegia, mondeju usaina. Badakit ez dela batere poetikoa, baina niri jateko kontuekin broma gutxi!

Leave a Reply

Your email address will not be published.