Pilotari gazteei garapenean laguntzeko proiektua hasi dute

Eskuzko jokamoldean aritzen diren pilotari gazteen maila hobetzeko asmoz, Gipuzkoako Pilota Federazioak Gipeskua teknifikazio proiektua jarri du martxan. Iazko abenduan zuzendaritza berria izendatu eta gero ekin zioten egitasmo berria martxan jartzeari. “Pilota elkarteekin bilerak antolatu ziren, beharrak zein diren ikusteko, eta hor ikusi zen arlo honetan hutsune bat zegoela”, azaldu du Juan Karlos Etxeberriak, federazioko kirol zuzendariak.

Aurretik ere teknifikazio proiektu bat izan zen martxan, 2000. urtetik 2005. urtera arte. “Orduan ere antzeko beharra ikusi zen, eta maila gehiago hartu ziren egitasmo horretan”, zehaztu du Etxeberriak. Egitasmo hura bertan behera gelditu zen, baina berriz martxan jartzeko aukera ikusi dute. Orain, kadete eta gazte mailakoek hartuko dute parte.

Zenbait klubetan pilotari on samarrak direnentzat entrenamendu taldeak antolatzea zaila dela dio Etxeberriak: “Ez da erraza gazte mailan lau izatea eta, gainera, maila handikoak”. Hain justu, klubaren entrenamenduen osagarri gisa, goi mailako gaitasuna dutenek maila bertsuko pilotariekin entrenatu ahal izatea da proiektuaren abiapuntua. “Zuzendaritzak uste zuen hutsune bat zegoela, eta hori baieztatu zuen elkarteekin egindako bileretan”, azaldu du Etxeberriak. “Pilotarien garapenean laguntzea da asmoa”.

Izena emateko prozesua ireki eta hamazazpi kadetek eta 28 gaztek eman zuten izena. Uztailean bina entrenamendu saio egin zituzten horiekin, eta horren ondoren, proiektuko teknikarien eta zuzendaritza batzordeko kideen artean hautatuen zerrenda erabaki zuten. Hamaika kadete eta hamahiru gazte ariko dira, eta hamabostean behin egingo dute saio teknikoa maila bakoitzeko pilotariek. “Horrekin batera, prestakuntza fisiko pertsonalizatua egingo dute, eta astero-astero egin beharreko lana banatuko zaie”, zehaztu du Etxeberriak.

Hiru prestatzaile ariko dira teknifikazio proiektua aurrera eramaten: Iraitz Olaetxeak saio teknikoaren ardura izango du, hau da, frontoian egingo den lanaz arduratuko da, eta Unai Munduatek eta Unai Legarretak prestakuntza fisikoa antolatuko dute. Legarretak frontoiko saioetan ere parte hartuko du.

Gravn txapelketari, hau da, Hego Euskal Herriko herrialdeetako eta Errioxako selekzioek jokatzen duten lehiaketari begira lagungarri izatea nahiko lukete federaziokoek. “Bi mailetatik gazteek bakarrik parte hartzen dute”, dio Etxeberriak. “Txapelketako entrenamenduak hasten direnean, ikusiko dugu gazteen teknifikazio saioei nola eragiten dieten”.

Exijentzia handiagoa

“Proiektu ederra da, oso ideia ona da”, esan du Javier Genbeltzu Lazkaoko Lapke pilota elkarteko lehendakariak eta ordezkariak. Egitasmoaren berri jaso zutenean, hautatuak izateko aukera ikusten zieten bi pilotariren izena eman zuen elkarteak, eta azken zerrendan sartu dira biak.

Bi ezaugarri nabarmendu ditu Genbeltzuk teknifikazio proiektuan: “Teknikariak oso prestatuta daude, eta pilotariek maila handiko beste kirolariak izango dituzte ondoan saioetan, eta horrek entrenamenduak kalitate handiagokoak izatea ekartzen du”. Elkarteetan egiten diren entrenamenduetan denetariko mailak daudela dio Genbeltzuk, eta horrek saioen kalitatean eragina duela gaineratu du.

Elkarteetako entrenatzaileak pilotarekin lotura dutenak izan ohi direla dio Genbeltzuk, “pilotan jokatzen dutenak edo pilotari ohiak, baina, oro har, prestatzaile izateko ikasketa teknikorik gabeak”. Teknifikazio egitasmoaren arduradunak horretarako prestatuta daudela gaineratu du, “praktikan zein teorian”.

Egitasmoaren martxa nolakoa den pilotariek azalduko dutela esan du Genbeltzuk, eta aukera aprobetxatuko dutela uste du: “Maila berekoak izateak entrenamenduak gogortu egiten ditu, eta pilotariak beste puntu bat eman behar du, gehiago exijitzen zaio, eta hortik dator hobekuntza. Aurkariak erdipurdikoak badira, ez duzu hobetzen”.

Aurkariak entrenamenduetan

Bestalde, Lazkaon ezin direla kexatu dio bertako ordezkariak: “Nik uste dut Goierrin erreferentzia garela. Entrenamenduen eta txapelketen kudeaketa ona egiten dugula uste dut, eta horren seinale da inguruetako pilotariak hona etortzea”.

Asier Arteagak 17 urte ditu, eta Lasarteko Intza elkarteko pilotaria da; gazte mailako bigarren urtean dago, eta aurrelari gisa aritzen da. Teknifikazio proiektuan parte hartzeko aukeratu dute, eta haren mailakoek datorren astean egingo dute lehenengo saioa. “Egingo ditugun entrenamenduek oso erakargarriak dirudite”, dio Arteagak. “Elkarrekin gutxitan egoten garen pilotariak egongo gara. Besteak hobeto ezagutzeko eta prestaketa ezberdinak egiteko oso ondo etorriko zaizkigu”. Izan ere, parte hartzaileek elkarren aurka askotan jokatu izan dute, baina elkarrekin gutxitan entrenatu dira.

Lasarten, batez ere, frontoia bera lantzen dutela azaldu du Arteagak, eta proiektu berriarekin prestakuntza fisikoa lantzea “oso interesgarria” iruditzen zaio. “Egiten den guztia hoberako izango da, eta gerora nik uste dut hori nabarituko dela”. Arteaga hurrengo denboraldian afizionatu mailan ariko da. Profesionaletan aritzea “zaila” dela dio, baina saiatu egin behar dela gaineratu du pilotari lasartearrak: “Denok hori lortu nahi dugu, baina oraindik bide luzea geratzen zaigu”.

Enpresa profesionalak kadete eta gazte mailetan daudenean hasten dira pilotari gazteei segimendua egiten. Etxeberriaren ustez, adin tarte hori “nahiko klabea” da aurrera begira pilotariak egingo duen ibilbidean. Erik Jaka eta Beñat Rezusta gipuzkoar gazteek aurten egin dute debuta profesionaletan. Bide bera egitea lortzeko aprobetxa dezakete teknifikazio egitasmoan parte hartzeko hautatu dituzten pilotariek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.