“Ez da erraza ezagutu eta maitatzen dugun pertsonak egiten dituenak onartzea”

Maite Martinez neurologoak Donostiako Ospitalean egiten du lan (Ordizia, 1971). Ondorioz, gertutik ezagutzen du alzheimerra.

Zer da alzheimerra?

Burmuinaren funtzioen galera progresiboa eragiten duen gaixotasun degeneratiboa da, dementzia kausarik ohikoena.

Zeintzuk dira horren sintomak?

Hasieran, oroimen nahasteak eta orientazio arazoak dira sintoma nagusiak. Gaixotasuna hedatzen eta burmuineko beste ataletara zabalduz doan neurrian, sintomak areagotu egiten dira, eta hizkuntzaren murriztea, kalkulurako zailtasuna eta beste hainbat nabarmenago egiten dira. Pertsonaren izaera eta portaera aldatu egiten dira, eta autonomia eta bizi-kalitatea galtzen dute.

Erraza da gaixotasuna antzematea?

Ez beti. Hasieran, sintomak arinak direnean, ez da erraza jakiten ikusten ditugun gauza horiek alzheimerraren hasiera, zahartze prozesu normalaren edo depresio baten ondorio diren. Esplorazio osagarri asko lagungarri diren arren, gaixotasun honen diagnosia nagusiki klinikoa da, eta denbora behar da sintomak argiak izan arte eta narritadura progresibo bat ikusten denera arte.

Zein eragin ditu pertsonengan?

Hasieran, eta izan daiteke denbora luzez, orientatzeko zailtasuna eta oroimen nahasteak dira nagusi. Garai bateko kontuak ongi gordetzen dituzte, eta, aldiz, informazio berria jasotzeko zailtasun handia dute. Erraz uler dezakegu horiek zer eragin izan ditzaketen gure egunerokoan. Behin eta berriz gauza bera galdetu, kalean galdu… Zabalduta dagoenean, afektibitate, nortasun eta portaera arazoak dira nabarmenago: pertsonak bere kabuz bizitzeko ahalmena galtzen du.

Zein faktorek handitzen dute alzheimerra izateko probabilitatea?

Ez dago erabat argi zein den gaixotasun honen jatorria. Antza, gehienetan, genetika eta ingurunearen arteko interakzioaren ondorio da. Gure geneek, neurri batean, gaixotzeko probabilitatea areagotzen dute, baina horren kontra ezin dugu ezer egin. Bakoitzaren bizimoduak eta ohiturek ere badute zerikusirik. Adina da arrisku faktore nagusia. Genetikoki baldintzatuta hainbat kasu goiztiar badiren arren, ez da ohikoena: 65 urte baino gehiagokoetan ikusten dugu nagusiki.

Alzheimerra saihestu daiteke?

Ez erabat. Ongi jateak, kirola egiteak, ohitura osasungarriak izateak eta burua aktibo mantendu eta erabiltzeak laguntzen du.

Nola lagundu diezaiokete lagun eta senideek alzheimerrak jotakoari?

Oso garrantzitsua da haiek gaixotasuna zer den eta nola eragiten duen jakin eta ulertzea. Ez da erraza guk ezagutu eta maitatzen dugun pertsonak esaten eta egiten dituen horiek ulertu eta onartzea. Ez ditu berak egiten, gaixotasunak baizik: dena da errazagoa behin hori barneratuta. Egunerokoan lagundu, maitasunez tratatu, aktibo mantendu; posible bada, etxean goxo eduki, eta hala ez bada, laguntza eskatu.

Gaixotasuna egonkortu daiteke?

Hainbat botikak gaixotasuna egonkortzeko nolabaiteko ahalmena erakutsi dute. Estimulazio kognitiboa deritzonak ere lortzen du neurri batean sintomak atzeratzea. Tratamenduak ikertzen ari dira, eta ziur nago aukera gehiago eskainiko dituela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.