Betidanik gustatu izan zaio Joseba Insaustiri (Ordizia, 1977) artzaintza lanetan aritzea. Bere senitartekoak industria sektorean aritu izan dira lanean, baina berak argi izan du betidanik artzaina izan nahi zuela: “Betidanik gustatu izan zait baserria, eta Fraisoro Nekazaritza Eskolan egin nituen ikasketak”. Insaustiren ustez, lanbidea baino gehiago, bizitzeko modu bat da artzaintza, eta bere bizitza horri guztiz lotuta dago: “Nire zaletasun eta afizio guztiak artzaintzari lotutakoak dira”.
Artzainen bizimoduak lotura handia eskatzen du: “Artzain baten egutegian ez dago jaiegunik, ez oporrik, ez astebururik, ez zubirik, ezta greba egunik ere”. Eskola amaitutakoan asko kostatu zitzaion Insaustiri pentsaera hori hartzea. “Artzain batek uda eta negua dauzka, eta, gure kasuan, negua da gogorrena: arkumeak jaiotzen diren garaia da, ardiak jetzi behar diren garaia, gazta egiten den garaia…”. Gauean arkumeren bat jaiotzen hasiz gero, esnatu egin behar du lan egiteko. Egun eta gau lanean aritu behar du, 24 orduz, baita gaixorik egonda ere, berak egiten ez duena ez baitu inork egingo. “Udak, berriz, lasaiagoak izaten dira; mendian ibiltzen gara, eta egun batean egiten ez dena hurrengo egunean egin daiteke; oporretara joateko astia ere har daiteke”.
Egunean bi aldiz jezten ditu ordiziarrak ardiak; behean makinarekin eta mendian eskuz jezten ditu. Gazta salmenta etxetik egiten du, gurasoen laguntzaz; baserria herritik gertu dago, eta jendea bertara joaten da gazta erostera: “Denda txiki moduko bat daukagu”. Neguko ustialekua Zaldibian dago, eta urte erdia Zaldibian ematen du artzainak.
Idiazabal jatorriko izendapena dauka behean egiten duen gaztak: “Legez produzitzeko ez da Idiazabal jatorriko gazta izendapenik izan behar derrigorrez, baina hori izatea plus moduko bat da. Araudi zorrotz bat bete behar izaten dugu izendapen hori izateagatik, kontrol zorrotzak pasa behar izaten ditugu, bezeroei bermea eman behar diegu ardi latxaren esnearekin egindako gazta dela eta produktu artifizialik erabili gabe eginda dagoela”.
Eguraldiaren araberako produkzioa
Eguraldiaren arabera produzitzen du gazta Insaustik. Ardien ukuiluak modernoak izan arren, egunero larrera atera behar dira. Kazkabarra, haize hotza edo elur bustia eginez gero, esne gutxiago ematen dute ardiek. “Elurra egitea putakeria bat da artzainentzat; ardiek gutxiago ematen dute, eta hori gero ez da errekuperatzen”. Elurrarekin ardiak ezin dira kanpora atera, eta kanpoan daudenak barrura sartu behar direla dio artzainak. Konparazio bat egin du elurrak artzainei egiten dien kaltea nolakoa den ulertzeko: “Kaletar bati elurra egiten duen egun bakoitzeko urteko soldataren hainbateko bat kentzea bezala da guretzat elurra egitea”.
Ardiek edoskitze aldian esne gehiago ematen dute, eta, gerora, gutxitzen joaten da esne kopurua.
Ekoizten duen gaztaren inguruan bi gazta mota aipatu ditu artzainak: alde batetik, beheko gazta, Zaldibian egiten duena, eta, bestetik, mendikoa, Aralarko gazta. Mendiko gazta irregularra da, Insaustiren esanetan: “Orain arte ez ditu osasun baldintzak bete, mendian dagoelako eta beste hainbat arrazoirengatik. Orain, hori zuzendu nahian gabiltza, eta niri osasun baldintzak betetzen dituen gaztandegi bat egin behar didate, horrela nire mendiko gazta komertzializatu ahal izateko”. Gazta ketua edo ketu gabea ekoizten du: “Inguru honetan gazta ketua oso jende gutxik eskatzen du”.
Artzain askorentzat esne ona izatea da gaztaren kalitatearen sekretua. Horrez gain, beste faktore bat aipatu du Insaustik artzainen gazta bereizteko: “Gazta gatzagi naturalarekin egitea. Gatzagi likidoarekin eginez gero, ez da bereizten ekoizpen industrialez egindako gaztatik. Gatzagi naturalarekin egindako gaztak bizigarri puntu bat dauka, nahiz eta berria izan, eta gatzagi likidoarekin egindako gazta, aldiz, oso neutrala da”.
Larreak ere zerikusia dauka, ez da gauza bera ardiak beheko edo mendiko larrean bazkatzea. Mendian, artzain tradizionalen moduan jarraitzen du ordiziarrak: “Udan, ardiak beti bere larreetan ibiltzen dira; larre bide bat dute, eta beti inguru berean ibiltzen dira ardiak. Neguan, garai batean, ez zen janaririk ematen ukuiluetan, eta beti larre bila ibiltzen ziren artzainak, leku batetik bestera, baina, gaur egun, hori aldatu egin da: ukuiluetan jaten ematen zaie ardiei, ukuilu inguruko larreetan ibiltzen dira eta berriz ukuilura sartzen dira”.
Txakurra, behar-beharrezkoa
Teknologia berrien garaian egonda ere, gauza batzuk ordezkaezinak dira; artzainentzat txakurra ordezkatu ezinezko gauza da. “Teknologiaren aldetik, eduki daitekeen dena daukat, eta horri uko egin diezaioket, baina txakurrik gabe ezingo nuke artaldea gobernatu. Ardiek, artzainek, txakurrek eta mendiko larreek osatzen dugu artaldea; talde bat gara”. Ardiak ez dira artzainaren atzetik gogoko dutelako joaten, behartuta baizik, eta horretarako txakurra behar-beharrezkoa da.
Ardiez gain, beste hainbat animalia ere baditu Insaustik bere baserritik gertu, horien artean; euskal txerriak, ahuntzak, behiak, astoak, oiloak, ahateak, katuak… “Denetik daukat, dibertsifikatua izatea gustatzen zait”.
Etorkizunera begira, horrela jarraitzeko asmoa dauka ordiziarrak, baldin eta arazo larriren batengatik behartuta artzaintza utzi behar ez badu behintzat.”Neure burua ez dut baserritik kanpo ikusten, ezta pentsatu ere”.
Leave a Reply