Kiroldegiko frontoia jendez betetzea du helburu Zestoako Libre taldeak. Horrela, 35/02 auzian auzipetutako herrikide Mikel Arregi Ertxin-i babesa adierazi nahi diote, Segiren eta herriko tabernen aurkako epaiketen aurkako jarrera erakusteaz gain. Herriko plazan elkartuko dira gaur, 18:45ean.
Euskal Herri guztian gizartearen elkartasuna eta konpromisoa lortzeko egin bezala, herriz herri ere hainbat dinamikak garatzen ari dira, tartean, Zestoakoa. Horren emaitza da gaurko ekitaldia. Ekainean jakin zuten noiz epaituko zituzten Arregi eta gainontzeko auzipetuak, eta, hori ikusirik, herri gisa zerbait egin behar zutela pentsatu zuten zenbait lagunek. Bilera irekia antolatu, eta herritarrak informatzeko kanpaina hasi zuten; informazioa postontziz postontzi zabaldu zuten. Ondoren, herriko hainbat tabernari, dendari, elkarte, talde eta kuadrillarekin bildu dira epaiketaren berri emateko eta, ahal zen neurrian, haien konpromisoa lortzeko. Antolatzaileek adierazi dutenez, helburua bete dute, eta bideo bat ere grabatu dute, gaur arratsaldean herriko frontoia betetzeko deialdia zabaltzeko.
“Erronka handi samarra” izan arren, aulki guztiak betetzeko itxaropena dute antolatzaileek. Hainbat talderi ekitaldian ekarpenen bat egiteko eskatu zieten, eta erantzun ona jaso dutela jakinarazi dute. Gaurko ekitaldiaz gain, baina, lanean jarraituko dutela baieztatu dute antolatzaileek, informazioa zabaltzen eta atxikimenduak lortzen.
Asko oraindik zehazteko dauden arren, Gipuzkoako beste herrietan ere ekitaldiak iragarri dituzte datozen egunetarako. Iragan igandean, adibidez, Libre gunea jarri zuten Tolosako Kilometroetan, eta argazki bidezko atxikimenduak biltzen aritu ziren.
Leave a Reply