Eman diote 2013koari hasiera. Zinta moztu da. Martxan da berriz hitzaren kirol nazionala-ren lehia nagusia, lau urtez behingo Txapelketa: Basque Country osokoa. Bertsozale Elkarteak eta haren bueltako sare zabalak prest ditu mikroak, aulkiak eta fokuak. Bertsolari askoren sabeletan maiz ibili ohi diren tximeleta horiek dantzan dira orain ere, kasu honetan txapelketa nagusiak gehitzen dien atmosfera kargatuago eta distiratsuago horren argitara ateratzeko prest.
Kaletarren artean, denetik noski. Bati baino gehiagori entzungo diozu (eta beste askok, esan ez arren, pentsatuko du): “Berriro bertsoak! A ze pelmada! Ez al dira nekatzen? Beti beren ditxosozko errima horiekin eta beren kantu aspergarri eta nekoso horiekin!”. Eta bada esango dizunik ere —hau ere normalean ez oso ahots altuarekin— bertsolariak kultura aldetik gehiegi baloratzen direla gaur egun. Azken urteetan toki pribilegiatua hartzen joan direla —edo eman zaiela— euskal kulturaren baitan. Bizkaiko edo Gipuzkoako txapelketa bateko kanporaketa batean “saio on bat” edo zerbait berezia egin duen “edozein gazteri” eskaintzen zaiola denbora eta lekua komunikabideetan, eta kolpetik bihurtzen dela urtetan lan isila egin duen hamaika euskal musikari edo idazle baino ezagunago, eta hori ez dagoela ondo.
Bestelakorik ere bada, noski. Batzuk erosia dute dagoeneko txapelketako bonua eta markatua dute egutegian zein saiotara joango diren, eta gogoz daude egun horiek iristeko. Beste asko beren herri inguruko saioetara hurbilduko dira gustura, eta ez dira gutxi izango irratian edo telebistan bertsoaldiren bat entzungo dutenak. Eta zer esanik ez, BECeko finala lagun arteko eta jai giroko egunpasa ederra izango da jende askorentzat.
Norberari txapelketa honek esango dionetik eta emango dionetik aparte, halere, bada zerbait ederra, miresteko modukoa. Eta kultura honen kide-edo garen partetik, poztekoa eta eskertzeko modukoa ere bai. Eta da nolako bidea egin duen eta egiten ari den bertsolaritzaren mugimendua. Zer zen bertsolaritza eta non dagoen gaur egun. Nola lotu dituzten Bertsozale Elkartearen jiran lehengo hariak berriekin. Nola joan den auto-antolatzen tradizio zahar izan den hori, aldiro bere burua inbentatzeko, urtetik urtera eta txapelketatik txapelketara. Nola lortu den, adibidez, “errimatzeari utzi gabe” Joxe Lizasok edo Manuel Lasartek egiten zutena eta orduko jendearentzat zirena lotzea eta jostea gaur egun, adibidez, Jon Maiak edo Uxue Alberdik egin dezaketenarekin edo sozialki direnarekin, aspektu askotan euren artean distantzia oso handiak egon arren. Ederra da lotura horri eutsiz zer eta nola berritu den, tradizioa nola ber-asmatu den. Bertsozale izan edo ez, txapela kentzeko modukoa da.
Irakurria diot norbaiti gure herri delako hau, gure etnokultura euskaldun delako hau ez dela “bere horretan iraun duen herri bat”. Gaur arte iritsi den hau ez dela iritsi “beti gauza bera egiten jarraitze” batetik. Askoz gehiago izan duela moldagarritik, eta jaso dugun hura aldiro berritzen eta ber-inbentatzen jakitetik. Berritzetik izan duela gehiago irautetik baino. Betaurreko horiekin jarri naiz begira bertsolaritzaren jiran azken 20-30 urteetan egindakoari. Noski, baditu bere gabeziak eta ajeak. Eta bertsolaritza ez da txapelketa soilik, jakina. Baina lau urtez behingo zita honek begira jartzeko leku on bat eskaintzen du, eta, 2013ko begiratoki honetatik, ederra da ikusten dena. Eten handirik sortu gabe egin den eta egiten ari den berritze hori. Eta hartu dituen jite berriak. Ez da makala egindakoa. Eta ez da izan inork “oparitua”, nahiz eta, gozatzen dugunontzat, oparia izan. Ez hori bakarrik; beste modu batean izan arren eta horretaz kontziente ez izanda ere, suerte bat da gozatzen ez duten haientzat ere.
Leave a Reply