“Oso gustura nago taldea gorenean utzi izanarekin”

Libe Altunak (Zarautz, 1985) tarte bat hartu du Gipuzkoako Hitza-ren galderei erantzuteko, laneko atsedenaldian. Izan ere, joan den ekainean goi mailako eskubaloia utziko zuela iragarri zuen. Bat baino gehiago harrituko du haren gaztetasunak —astelehenean bete zituen 28 urte—, baina formazio akademikoa praktikan jartzea erabaki du.

Bederatzi denboraldi iragan ditu Gipuzkoako emakumeen eskubaloi talde nagusian. Garai horretan lortu ditu taldeak dituen txapelketa guztiak. Eta Altuna titulu horiek lortzeko oinarrietako bat izan da.

Joan den denboraldia bukatzean erretiratu zinen. Ez da oso ohikoa kirolari bat adin horrekin erretiratzea. Zein izan da arrazoia?

Beste lan bat egiten hasi nahi nuen, nahiz eta eskubaloia nire ogibidea zen…

Zer dela-eta erabaki duzu momentu honetan aldatzea?

Ez da erabaki erraza izan. Eskubaloiari bakarrik dedikazio guztia bideratzea zaila da, emakumeon eskubaloiaren egoera ez delako inoiz ona izan. Diru gutxi dago kirol honetan. Bederatzi urte pasatu ditut Bera Beran, eta beste zerbait probatzeko garaia zela iruditu zitzaidan. Egin nituen ikasketekin lotuta dagoen zerbait egin nahi nuen. Hori izan da arrazoi nagusia. Azken batean, urteak aurrera joaten dira, eta urte batzuk barru, agian, berandu izan daiteke lanean hasteko. Orain zaila bada lana lortzea, hemendik bi urtera are zailagoa izan daiteke. Kontuan hartu nuen hori.

Zein ikasketa egin dituzu? Kirola eta ikasketak uztartzeko arazorik izan al duzu?

Enpresaritza eta turismoko lizentziatura eta diplomatura ditut, hurrenez hurren. Ez dut arazorik izan ikasketekin. Enpresaritza ikasi nuenean arratsaldez entrenatzen ginen, eta goizez nituen klaseak. Azkeneko bi urteetan lesionatuta egon naiz, eta errehabilitazio saioak arratsaldez jasotzen nituen bitartean, goizez joaten nintzen unibertsitatera.

Taldea gorenean utzi duzu, lehenengo liga eskuratu eta gero. Garai ona, ezta?

Bai, garai oso ona izan da. Gauzak gaizki joan izan balira, azkenean beste sentsazio batekin bukatuko nuen, baina liga bat irabazteaz gain, Erreginaren Kopa eta Superkopa ere irabaztea… Ez da urtero egiten den zerbait! Oso gustura nago orain utzi izanarekin.

Faltan nabarituko duzu aldagelako giroa.

Bai. Jende guztiak galdetzen dit ea faltan botako dudan jokatzea. Nik ezetz erantzuten diet, agian denbora gutxi pasatu delako jokatzeari utzi nionetik. Baina taldekideekin nuen giro horren hutsunea bai sumatzen dudala. Afari horiek, entrenamenduen ondoren elkarrekin gelditzea… Pena da hori galtzea. Lagunak izaten jarraituko dugu, baina ez da gauza bera izango.

Urteetan ibili zara aldageletako giroaren barnean. Errutina hori haustea zaila izan al da?

14 urterekin hasi nintzen eskubaloian jokatzen, oraindik arauak jakin gabe. Gero gogorra egiten da: gauza asko alde batera laga behar dituzu. Gainontzekoek jai dutenean edo oporretan daudenean, zu bidaiatzen, entrenatzen edo dena delakoa egiten ari zara. Bere alde onak ere baditu: hizkuntzak ikasten dituzu, jende berria ezagutu…

Oso gazterik hasi zinen Bera Bera taldean, 19 urte zenituela. Gogorrak egin al zitzaizkizun hasierako urte haiek?

Oso zailak. Beste era bateko diziplina batetik iristen zara, eta oso diziplina zorrotza eskatzen duen gune batera sartzen zara. Ez zaude ohitua, oso gaztea zara, ordura arte eskatu ez dizkizuten ardurak eskatzen dizkizute… Hirugarren urtean konturatu nintzen zein gaizki pasatu nuen aurreko bietan. Entrenatzera joatea ez zen hainbesteko esfortzua. Entrenamendura, fisikora eta abar ohitzen zarenean, erdia baino gehiago egina duzu jada.

Eskubaloiari lotuta jarraitzen duzu ala alde batera utzi duzu guztiz?

Taldea jarraitzen dut, baina ez dut beste ezer egiten.

Iaz liga irabazi zenuten. Aurten zure taldekide izandakoek Superkopa irabazi dute, eta liga txukun hasi dute. Esku onetan utzi duzu taldea.

Talde oso ona da, eta gauza politak egiteko gai izan beharko lukete. Ikusi egin behar, jokatu egin behar da. Liga berriro irabazteko aukerekin ikusten ditut. Partidaz partida joan behar da, baina bai, hautagaien artean dago Bera Bera.

Garai oso onak izan dituzu Bera Beran, baina garai txarrik egon al da?

Tentsio momentu asko egon dira, eta hiru lesio larri ere izan ditut. Garai horiek oso latzak izan dira, baina garai onenek txarrak ahaztarazten dituzte.

Omenaldia jaso zenuen Superkopa jokatu zuten egunean. Aitorpen pertsonala jaso, eta, gainera, taldeak titulua irabazi zuen.

Oso hunkigarria izan zen. Ez nuen espero ere egiten… Telebista zegoen, ikusle pila bat bertan… Sekulakoa izan zen. Eta Superkoparen kartelean nire argazkia ikusteak ere poztu ninduen.

Jaioterrian ere, Zarautzen, jaso duzu omenaldia…

Bai. Txaparrotan hondartzako eskubaloi txapelketa egin zenean ohorezko sakea egitera gonbidatu ninduten, finalean. Horrelako gonbidapen bati ezin diot ezetzik esan!

Nola ikusten duzu emakumeen eskubaloiaren egoera?

Espainiako ligari dagokionez, diru oso gutxi dago. Lehen liga oso indartsua zen, eta jokalari oso onek jokatzen zuten bertan, kontratu onak zeudelako. Orain beste planteamendu bat dago: klubek harrobiko jokalariekin jokatu behar dute, diru gutxi hori ondo neurtu… Azken finean, erakargarritasuna galdu du ligak. Ez dut uste datozen urteetan aldaketa askorik egongo denik.

Eskubaloira itzultzeko asmorik ba al duzu?

Ez, ez… Printzipioz ez (barreak).

Leave a Reply

Your email address will not be published.