Eider Goenaga Lizaso
Aurten beteko dira 75 urte Comete sarea sortu zutenetik. II. Mundu Gerran, Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herrirako muga zeharkatzen laguntzen zieten Cometeko mugalariek iheslariei, Bidasoa ibaia gurutzatuz lehenik eta mendiz gero. Belgikatik antolatu zuten Comete sarea, eta gerran eroritako hegazkinlari aliatuei laguntzen zieten Frantzia zeharkatu eta Espainiatik barrena Gibraltarrera hel zitezen, handik Londresera itzultzeko.
“Baina Euskal Herrian ez zen soilik Comete sarea ibili, laguntza sare pila bat izan ziren [Margot, Nana, Alsace, Buckmaster…]; eta baita sare batean egon gabe lagundu zuten euskal herritarrak ere. Comete da ezagunena, baina gehiago ere izan ziren”, dio Bidasoa Askatasun Bideak elkarteko kide Joe Linehan-ek (Waterford, Irlanda, 1947).
Abuztuaren 19an beteko dira 75 urte Comete sarearen bidez heldutako lehen iheslariek Bidasoa ibaia gurutzatu zutela; eta Bidasoa Askatasun Bideak elkarteak bi eguneko ibilaldi bat antolatu du, abuztuaren 19an eta 20an, Donostia 2016ko egitarauaren barruan, bide hura oinez zein autobusez egiteko, eta ihesbidean laguntzaile izan ziren guztiak omendu eta esker ona adierazteko.
Linehanen arabera, mugalariez asko hitz egin eta idatzi da, baina Bidasoaz alde honetara aritu zirenak “erdi ezkutuan, erdi ahaztuta” gelditu izan direla uste du. “Oarsoaldea eta Donostia aldea oso inportanteak izan ziren; behin Bidasoa igarota, Donostiara heltzea izaten zen iheslarien helburua, eta hor jende askoren laguntza jaso zuten. Hala, antolatu dugun egitarau honekin, gure helburua horri guztiari balioa ematea izango da”.
Lehen omenaldia Irungo San Miguel eraikuntzan egingo dute, Bidasoa ibaiaren alboan, abuztuaren 19an; partaideek oinez egingo dute Urruñatik Irunerako bidea. Handik, gauez, mugalariek eta iheslariek egiten zuten moduan, Oiartzunera joango dira, eta goizaldeko bostak inguruan, Ergoienen, bigarren omenaldia egingo dute. Hurrengo egunean, lau tokitan izango dira esker ona adierazteko ekitaldiak: Oiartzungo Altzibar auzoan, Errenteriako Biteri kalean, Donostiako Gros auzoan eta Loidin, Hernanin, bertako lau mugalariri eskainitako monumentua dagoen tokian.
1936ko gerran euskal herritarrak izan ziren, gauez eta modu klandestinoan, gerratik ihesi Bidasoa gurutzatzen zutenak, Ipar Euskal Herrian aterpe hartzeko. Kontrabando bideak ziren horiek, eta errepresiotik eta gerratik ihes egiteko baliatu zituzten euskal herritar ugarik. Handik gutxira, II. Mundu Gerraren atarian, nazien errepresiotik ihesean zebiltzan europarrak hasi ziren Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga igarotzen. Juan Carlos Jimenez de Aberasturi historialariak honela idatzi zuen Comete sareak Euskal Herrian egindako lanari buruzko ikerketa batean: “Hasieran juduak, poloniarrak eta britainiarrak izan ziren, Frantziatik ihesi, euskal muga zeharkatu zutenak”.
Ihesa modu antolatuan egiten hasi ziren gero, eta Andree de Jongh Dedee gazteak Bruselan sortutako Comete sareak aurretik zehaztutako bide horiek baliatu zituen naziek botatako hegazkinlari aliatuei ihesa errazteko, 1941etik aurrera. Kanadarrak, ingelesak, estatubatuarrak… ehunka lagunek lortu zuten berriro ere Londresera iristea, mugalariek Euskal Herrian eskainitako laguntza horri esker, eta, Joe Linehanek dioenez, ihes egin zuten horiek eta haien ondorengoek beti eskertu izan dute laguntza hori. “Eta guk ere bat egin nahi dugu esker on horrekin”.
Iturrioz, aitzindari
Mugalarien aitzindari gisa, II. Mundu Gerran nazien okupaziotik ihesean zebiltzanei laguntzen lehena Manuel Iturrioz aipatzen du Linehanek. Manuel Iturrioz Orexakoa zen, eta 1936ko gerran hainbatetan atxilotu eta ihes egin zuen, bai frankisten eskutik, bai kontzentrazio esparru batetik, baita, ondoren, polizien eskutik ere… Iparraldera bizitzera joan, eta klandestinitatean bizi beharrak muga ondo baino hobeto ezagutzera eraman zuen, eta, Linehanen aburuz, bera izan zen ondorengo ihesbideak zehaztu zituena. “Haren lekukoa Florentino Goikoetxea hernaniarrak hartu zuen, eta gero bera izan zen Comete sarearen antolatzaile nagusietako bat hemen; baina Manuel Iturriozek irekitako bidea ezin da ahaztu”.
Goikoetxeak, Iturriozek eta beste hainbatek muga igarotzen laguntzen zieten iheslariei, baina, Linehanen aburuz, hori bezain garrantzitsua zen iheslari horientzako aterpe etxeen sarea izatea, eta aterpetik aterpera joaten laguntzen zuten herritarren sarea. “Babesa ematen zieten etxean iheslariei, arrisku handiarekin, eta gero batetik besterako bidea egiten laguntzen zieten; autoa baldin bazuten, autoan, edo bizikletan, edo ahal zen moduan. Ildo horretan, emakumeek izan zuten egitekoa nabarmendu nahi dugu, asko izan baitziren iheslariei lagundu zieten emakumeak, eta haiei buruz oso gutxi hitz egiten da”. Denei egingo diete omenaldia abuztuaren 19ko eta 20ko ibilbidean.
Comete sareari esker 800 lagunek lortu zuten ihes egitea, gehienak hegazkinari aliatuak. Belgikatik Gibraltarrerako ibilbidean 1.700 laguntzaile izan zituen Cometek —horietako 700 atxilotu eta 200 inguru hil zituzten—, eta horien artean asko euskal herritarrak izan ziren.
Leave a Reply