500.000 euro zertan gastatu erabakitzeko prozesua hasi da

Foru aurrekontuetako 500.000 euro zertan inbertitu beharko liratekeen erabakitzeko prozesua ere martxan da. Urolako bost herri aukeratu dituzte, eta horietako biztanleak izango dira proba aitzindari horretako parte hartzaileak: Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil eta Zestoa.

“Parte hartzearen gaian esperientzia dutelako, herrien izaerak prozesua errazten zuelako eta eremu hori krisiak egoera zailean utzi duelako aukeratu genituen herri horiek”, adierazi du Arantza Ruiz de Larrinaga diputazioko parte hartze zuzendariak. Bilera irekiekin hasi dute prozesua, eta, ondoren, eskualdera zabalduko dute prozesua. Joan den astean egin zituzten herrietako bilerak, eta Jon Abril Elhuyarreko teknikaria horietan izan zen. Abrilen arabera, mugikortasuna izan da herri askotan errepikatu den gaietako bat; batez ere, bidegorriei eta baserri bideei eta garraio gaiei lotuta. Ingurumenarekin eta lehen sektorearekin lotutako gaiak ere aipatu ziren: “Bertako nekazaritza eta landa eremuak sustatzea, lehen sektoreari bultzada ematea eta ekonomia bide berriak urratzea, elikadura burujabetza, biomasa, oihanen ustiapena…”.

Kultura ere aipatua izan da herri guztietan, batzuetan azpiegiturei eta, besteetan, jarduerei lotuta. Turismoa ekonomia suspertzeko modu bat izatea ere eskatu dute, betiere, herritarrek horren onurak jasotzeko modua izanik; turistentzat erakargarriak izan daitezkeen guneak sortuz, eta, aldi berean, bertako ondarea berreskuratuz, esaterako. Gizarte alorreko gaiak ere aipatu dituzte herritarrek: “Etorkinak, etxebizitza sozialen alokairua…”. Maila lokaleko beste eskaera batzuk ere egin zituzten, baina aldundiak bere eskumeneko gaietan soilik esku har dezake, eta zaku horretan sartzen ez direnak dagokien erakundeetara bideratuko dituzte.

Abrilek, orain artekoaz, balorazio “oso positiboa” egin du. Parte hartzearen kultura “pixkanaka” egiten dela nabarmendu du: “Arreta kopuruetan jarri baino gehiago, kontuan izan behar dugu horrelako prozesuek mailadunak izan behar dutela: hau da, jendeari zenbat eta aukera gehiago eman, orduan eta gehiago joango da, eta ohitura hartuko du”.

Ruiz de Larrinagak azaldu duenez, gobernura iritsi zirenetik, euren helburua herritarren parte hartzea bultzatzea izan da. “2011n hurrengo urteko aurrekontuen proposamenen sozializazioa eskualdez eskualde egin genuen, gobernura iritsi ginen urtean bertan. Informazioa ematea izan zen lehenengo urratsa, baina argi geneukan zeregin horretan sakondu behar genuela”. Hala heldu dira aldundiaren aurrekontuetako 500.000 euro zertarako erabili herritarrek zuzenean erabakitzeraino: bileren, sarearen (http://www.aurrekontuahobetzen.net atariaren bidez) eta etxeetan banatutako fitxen bidez parte hartu dute herritarrek.

Aldundian lehenago egin ez diren arren, Gipuzkoako “herri askotan” egiten ari dira partaidetzazko aurrekontuak, Ruiz de Larrinagaren arabera: “Batzuek informazioa eman eta hori herritarrekin kontrastatu dute; beste batzuek herritarren nahiak jaso eta horiek eraman dituzte aurrekontuetara; beste batzuek diru sail jakin batzuk auzoka banatu dituzte… Hainbat esperientzia daude”. Azaldu duenez, denboraz “justu” ibili dira aurten: “Egin genezakeena denborak baldintzatu du: aurrekontuek, berez, azarorako egon behar dute, eta emendakin fasearekin, abenduaren hasierarako”. Hurrengorako, argi dute uda aurretik egin behar dituztela etxeko lanak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.